Urrezko txirrindulariak dira Marianne Vos ('s-Hertogenbosch, Herbehereak, 1987) eta Tom Pidcock (Leeds, Ingalaterra, 1999). Askotan lortu dute dominarik preziatuena, Olinpiar Jokoetan, besteak beste, eta asteburuan beste ale bat gehitu zioten bildumari, Flayettevillen (AEB) jokatu zen ziklo-kroseko Munduko Txapelketan. Larunbatean, Vosek zortzigarrenez lortu zuen ortzadar maillota, Lucinda Brand herrikidearekin azken hatsera arte borrokatu ostean. Silvia Persico italiarrak osatu zuen podiuma. Pidcock, berriz, arnasa behartu behar izan gabe gailendu zen, erabateko nagusitasunez. Zilarraren lehian, Lars van der Haar herbeheretarrak esprintean irabazi zion Eli Iserbyt flandriarrari.
Urrea ia hasieratik izan zen Pidcockena. Belgikako selekzioaren erasoei tinko eutsi, eta laugarren itzulian hautsi zuen lasterketa. Inork ezin izan zion eutsi, eta, bi itzuli geroago, 35 segundoren errenta zuen jada. Zaleei bostekoa emanez eta super heroiarena eginez sartu zen helmugan, bizikleta gainean etzanda, eta beso bat aurrerantz luzatuta. Irabaztera oso ohituta dagoenaren keinuak dira: aurrez ziklo-kroseko munduko txapeldun izan zen juniorretan eta 23 urtez azpikoetan, eta herenegun, hiru mailetan urrezko domina lortu duen laugarren ziklista bilakatu zen. Radomir Simunek —bere garaian ez zegoen 23 urtez azpikorik, amateur maila baizik—, Lars Boom eta Niels Albert dira besteak.
Ingelesak urrezko abagunea zuen, Mathieu van der Poel eta Wout van Aert azken zazpi aldietako irabazleak ez zirelako parte hartzekoak. Haatik, haien hutsuneak itxaropena piztu zien beste hautagaiei, eta begirada gehienak Pidcocki zuzendu zitzaizkion. Hots, aurkarien, zaleen eta norberaren presioa kudeatu beharra zeukan. «Zailagoa bihurtu da lasterketa irabaztea», aitortu zuen helmugan. Gezurra dirudi, erraztasun handiz nagusitu baitzen. «Aurrez prestatutako planari jarraitu diot, eta ongi atera da». Harro mintzatu zen, gizonen elite mailan irabazten lehen britainiarra bilakatu ostean: «Garaipen honekin, erakutsi dut Britainia Handia pixkanaka tokia egiten ari dela ziklo-krosaren mapan. Halaber, itzela da kirol hau nazioartean hedatzen laguntzea».
Laburra bezain oparoa da Pidcockek txirrindularitzan orain arte osatu duen ibilbidea. Lokatzetan ez ezik, mendiko bizikletarekin ere oso iaioa da: bizikleta elektrikoko Munduko Txapelketa eta 23 urtez azpikoena irabazi zuen 2020an, eta olinpiar txapeldun izan zen iaz. Errepidean, berriz, erlojupeko munduko txapeldun izan zen 2017an, juniorretan. World Tourrean iazkoa izan zuen lehen sasoia, Ineos taldean, eta, oraindik Van der Poel eta Van Aerten pare ez dagoen arren, klasikoetan zeresan handia eman dezakeela erakutsi du jada. Haren ustez, errepidean aritzeak «onetik eta txarretik» du ziklo-krosari begira: «Oinarri hobea ematen dizu, baina, ahalegin bortitzak egiteko, kalte egiten du».
Bukatu da itxaronaldia
Vosek hogei urte daramatza txirrindularitzan, eta ia adar guztietan nabarmendu da. Herenegun, zortzigarren urrezko domina lortu zuen ziklo-krosean, azkena lortu eta zortzi urtera. «Urte asko pasatu dira azken garaipenaren eta honen artean. Ordutik ez naiz asko aldatu, eta bide berean jarraitzen dut. Dudan onena ematen saiatzen naiz beti», azaldu zuen Lucinda Brand azken ahaleginean garaitu eta gero. Oso lehia estua izan zen bi herbeheretarren artean, eta, faboritoa Brand izan arren, Vos gai izan zen haren gurpilari eutsi eta azken metroetan aurrea hartzeko.
Pidcockek bezala, Vosek ere badaki zer den Olinpiar Jokoetan garaipen eztia dastatzea. Bi aldiz igo da podiumeko koskarik altuenera: 2008an pistan, eta 2012an errepidean. Munduko txapeldun ere izan da bi diziplina horietan, bi eta hiru aldiz, hurrenez hurren. Errepidean, 238 garaipen lortu ditu hamazazpi denboralditan. Besteak beste, hiru aldiz irabazi du Italiako Giroa, eta 30 etapatan altxatu ditu besoak. Klasikoen artean, berriz, Fleche Wallonne du lasterketarik kutunena: bost aldiz nagusitu da Huyko horman.
Inoiz izan den txirrindularirik onenetako bat da herbeheretarra, eta Euskal Herrian ere utzi du arrastoa: bi aldiz irabazi du lasterketa nagusiena, Emakumeen Bira, eta hamalau etapa eskuratu ditu proba horretan. Durango-Durango Sarian, berriz, zortzi bider gailendu da.
Marianne Vos eta Tom Pidcock
Beste bat bildumarako
Diziplina anitzeko txirrindulariak dira biak, eta denetan egiten dute distira urrearen pare. Munduko ziklo-kros txapeldun bilakatu ziren asteburuan: Vos zortzigarrenez, eta Pidcock lehen aldiz elitean eta hirugarrenez orotara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu