Beste aurrerapauso bat

ASOk, Frantziako Tourra antolatzen duen enpresak, Fleche Wallonne klasiko ospetsuan parte hartzeko gonbita egin dio Euskadi-Muriasi

Murias taldeko txirrindulariak, Benidormen egindako egonaldian. LUIS ANGEL GOMEZ/ PHOTOGOMEZSPORT.
Julen Etxeberria.
2019ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Fleche Wallonne klasiko entzutetsua jokatuko dute heldu den apirilaren 24an. UCI World Tourreko proba izaki, talde onenak bertan arituko dira. Bada, horien artean izango da Euskadi-Murias taldea. ASOk, Frantziako Tourra antolatzen duen enpresak, gonbidapena egin dio Euskal Herriko taldeari Fleche Wallonnen lehiatzeko. Berri bikaina da Euskadi-Muriasentzat, eta beste aurrepauso bat onenen artean sendotzeko.

Pozarren hartu dute berria taldean. «Ametsa da. Aurten jaso ahal genuen berririk onenetako bat da. Munduko klasikorik ospetsuenetako bat da Fleche Wallone, eta han parte hartzea aurrerapauso oso garrantzitsua da ASO gure alde egiten ari den apustuan. Orain arte eginiko lanaren onarpena da. Gainera, horrek adierazten du non gauden gaur egun txirrindularitzan: mailarik gorenean, munduko probarik onenetan eta urrats pentsaezinak egiten», esan du Jon Odriozola Euskadi-Muriaseko kirol zuzendariak.

Behin tokia lortuta, protagonista izan nahi dute. «Saiatuko gara gure onena ematen, aukera aprobetxatzen eta protagonista izaten. Badakigu oso lasterketa zailak direla. Ez dugu esperientziarik halako probetan; gogoak, berriz, egundokoak izango dira, eta aurpegia ematen saiatuko gara», adierazi du Mikel Bizkarra Euskadi-Muriaseko txirrindulariak.

Euskadi-Murias World Tourreko bost probatan lehiatu zen iaz, Kontinental Profesional izan zen lehen urtean: Kataluniako Voltan, Euskal Herriko Itzulian, Donostiako Klasikoan, Espainiako Vueltan eta Turkiako Itzulian. Emaitza bikainak lortu zituen. Izan ere, Vueltan, Oscar Rodriguezek etapa bat irabazi zuen, eta, Turkiako Itzulian, Eduard Pradesek sailkapen nagusia eskuratu zuen. Denboraldi honetarako jada gonbidapena jaso du World Tourreko bi lasterketatan parte hartzeko, Voltarako eta Fleche Wallonerako, baita bigarren mailako Omango Itzulirako ere. Atzoko albistea oso presente izango da taldeak gaur Errenterian (Gipuzkoa) egingo duen aurkezpenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.