SOSLAIA. Eliud Kipchoge

Beste astindu bat erlojuari

FILIP SINGER / EFE.
Julen Etxeberria.
2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Eliud Kipchogek (Kapsisiywa, Kenya, 1984) balentria egin du berriro. Maratoiaren munduko marka hobetu du: 2.01.09. Herenegun egin zuen, Berlinen. Kilometroko bi minutu eta 52 segundoan egin zuen korri; orduko ia 21 kilometroko abiaduran. Minutu eta erdi kendu zion aurreko markari. Harena zen hura ere, eta hura ere Berlinen lortu zuen, 2018an. Bertan hobetu dira gizonezkoen azken zortzi munduko markak. Korrika egiteko eguraldi aparta egin ohi du —hala egin zuen herenegun—, eta ibilbide oso aproposa du gainera.

Kipchogek erakustaldia eman zuen Berlingo kaleetan. Hasi eta buka joan zen 2018an baino azkarrago: bosgarren kilometroan, hamar segundo bizkorrago; hamargarrenean, 38; hamabosgarrenean, minutu eta bost segundo; hogeigarrenean, minutu eta 11 segundo; eta maratoi erdian, minutu eta hamabost segundo (59.51). Apur bat behera egin zuen gero, erbi lanak egin behar zituen hirugarren eta azken korrikalaria bazter batera joan baitzen, eta bakarrik egin behar izan baitzituen azken hamazazpi kilometro pasatxoak. Bere buruaren eta kronometroaren aurka aritu zen orduan, eta irabazi egin zien biei.

«Oso azkar joan naiz talde lanari esker. Nire hankak eta gorputza gazte sentitzen dira oraindik, baina burua da garrantzitsuena, eta hura fresko eta gazte dago oraindik», esan zuen amaitzean. 38 urte betetzear dago.

Munduko marka hobetuta, argi ditu hurrengo helburuak. Sei maratoi garrantzitsuenak irabaztea da horietako bat. Londreskoa, Berlingoa, Chicagokoa (AEB) eta Tokiokoa irabazi ditu, eta Bostongoa eta New Yorkekoa (AEB) bakarrik falta zaizkio. Inor gutxik jartzen du zalantzan egin dezakeela. Hamazazpi maratoitan aritu da, eta bitan ez beste guztietan nagusitu da.

Hirugarrenez olinpiar txapeldun izan nahi du gainera; inork ez du lortu. Bi urte barru lor dezake, Parisko Olinpiar Jokoetan.

Baina asmo handiko helbururik baldin badu, hori maratoia bi ordu baino gutxiagoan egitea da. Duela hiru urte egin zuen, Vienan (1.59.40), baina legez kanpoko laguntza izan zuen, eta Munduko Federazioak ez zuen ontzat eman. Laguntzarik gabe egin nahi du. Sekulako erronka da, baina inork ez du dudarik inork egitekotan hark egin dezakeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.