Arrauna. Eusko Label liga

Beste asmo batzuen bila

Ondarroak Eusko Label ligan jarraituko du datorren sasoian ere, eta, helburu nagusia beteta, beste batzuen atzetik dabiltzala esan dute Errasti entrenatzaileak eta Larrinaga patroiak.

Aitor Manterola Garate.
Ondarroa
2018ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Bada baieztapen bat hauxe dioena: «Ez da kontuan hartu behar gauzak nola hasten diren, baizik nola bukatzen diren». Azkeneko udazkenean, laino beltzez bete zen Ondarroan arraun giroa, iazko taldeko hamabi arraunlarik ez segitzea erabaki zutelako. Urruti zegoen aurtengo uda iazko udazkenean, baina arraun munduan ere jardun egin behar aurreikuspenak egiten, eta, ondarrutarren argazki beltza ikusita, hainbaten ustez hautagai handienetakoa zen uda honetan Eusko Label ligako zuloan geratzeko.

Hainbat hilabete geroago, liga jokoan dela, hor ageri da Ondarroa zortzigarren lekuan, lasai eta eroso. Bete du dagoeneko helburu nagusia, eta datorren urtean ere liga handian lekua izango du Antiguako Ama traineruak. Ez baita kontuan hartu behar gauzak nola hasten diren, baizik nola bukatzen diren.

Oso gustura daude trainerua eta arraunlariak ematen ari diren mailarekin, eta pozik handienetakoa duena entrenatzailea da, Iñaki Errasti (Aginaga, Usurbil, Gipuzkoa, 1979). Berria da Ondarroan, udazkenean deitu baitzioten klubetik Jon Iriondoren zuloa betetzeko, eta denboraldiaren orain arteko zatiaz balorazio hau egin du: «Lanarekin gustura gaude oraingoz. Bigarren txandan eroso gaude, finkatuta. Lasai gabiltza, mailari eusteko helburua beteta». Hari berari tira dio Iñigo Larrinaga patroiak (Ondarroa, Bizkaia, 1985): «Hasierako asmoa salbatzea zen, ligako maila nolakoa den ikusita. Lasai gaude orain, helburua beteta gaudelako».

Ez zuten asko usteko aurreko udazkenean hain lasai ibiliko zirenik garai honetan. Larrinaga zuzendaritzako kide ere bada, eta ez dauzka ahaztuak kontu ilun horiek: «Ez zen giro hemen. Arraunlari asko uztekoak zirela, berriak ekarri behar zirela... Iñakik [Errasti] egin duen lan handia nabarmendu behar da, iazko dinamika onari segida ematea lortu duelako, eta talde barruko giro onari ere eutsi diolako. Asko motibatu gaitu horrek denak».

Errasti Ondarroako klubera iritsi zenean ez omen zuen espero hain egoera beltza aurkitzea: «Hemendik deitzea ezustea izan zen niretzat, eta ezustea izan zen hainbeste arraunlarik taldea uztea ere, halako denboraldi eta ibilbide ona egiten ari zirenean. Azkenean, arrauna sakrifikatua da, eta arrazoi pertsonalak direla medio utzi zuten laga zutenek. Batek bakarrik segitu du aurten beste talde batean». Hutsetik hasi behar zuen taldea berregiten: «Une batzuetan, oso justu egon zen taldea, baina ekarri genituen handik eta hemendik arraunlari batzuk. Nirekin iaz Orio B-n ibilitako pare bat etorri ziren, besteak beste, eta beste batzuk ere animatu ziren».

Uretan zen, behintzat, trainerua, eta horri heldu dio Larrinagak: «Trainerua zintzilikatzea zen azkena, eta uretan jarraitzeko, arraunlariak ekarri behar izan genituen». Ez da debaldeko baieztapena: badu atzean esanahi sakona. Duela urtebete, Ondarroako estropadan, Antiguako Ama etxeko arraunlariz bete zen estropada jokatzeko. Aurten, ezin: «Pena ematen du, eta aitortu beharra dago hori, baina, lehen esanda bezala, uretan gaude, eta horrek balio du».

Hasi zen ureratzen Ondarroa neguko traineru estropadetan, eta hara non emaitza onak atera zituen: «Ni neu ere harritu egin nintzen batzuetan», aitortu du Errastik. «Hala ere, ikusten nuen ondo ari ginela lanean, eta banekien Eusko Label ligan maila ona emateko moduan izango ginela. Baina banuen kezka bat: aurkarien ondoan jarrita udan, horiek nolako maila eman zezaketen». Larrinagak ere bazituen korapiloak; batez ere, igoberriak sortzen zioten kezka: «Santurtzi eta Donostiarra sekulako mailako taldeak dira, eta Cabo ere indartu egin da. Baina azkenean, horien pare ibili gara, eta gabiltza. Gure denboraldiari neurria emateko datu ona da».

Etxeko estropada, Kontxa...

Egindako lanarekin eta lorturiko emaitzekin gustura dira biak, baina Errastik ez du nahi taldeak lo hartzea: «Beste helburu batzuen bila joan behar dugu orain. Esaten diet mutilei ez konformatzeko, sinetsi egin behar dutela ahal dutela». Ahalko ote du Ondarroak Kontxan sartu 22 urteren ondoren, adibidez?: «Aukera badugu, eta ez da gutxi», dio Larrinagak. «Buru-belarri prestatuko dugu», esan du Errastik.

Aurretik, baina, etxeko estropada daukate larunbat honetan, eta badute nahi bat: «Ea lehen aldiz aurten bigarren txanda irabazten dugun», diote biek. Errastik eman dio segida eta akabera: «Estropada politak datoz orain, Zarauzkoak tartean, eta ea gai garen zortzigarren lekuari eusteko, iaz bezala. Neure buruari jarritako helburua da hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.