Futbola. Osasuna Kopako finalean

Besokoa erantzi, bufanda jantzi

Osasuna Espainiako Kopako finalera iritsi da; noiz, eta Oier Sanjurjo eta Roberto Torres kapitainak taldetik joan ondotik. Bazter geratu behar izan dute, eta ezingo dute larunbateko lehia handiaz zelaian gozatu. Baina ez dute ez damurik, ez arrangurarik. «Hunkituta» eta «ilusioz gainezka» daude.

Oier Sanjurjo eta Roberto Torres, Bigarren Mailako ligako tituluarekin. JESUS DIGES / EFE.
enaut agirrebengoa
2023ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Bai elkarrizketa bitxia: Osasunako bi kapitain ohi, Osasunaren Kopako finalaz hitz egiten, bata Zipretik eta bestea Irandik», esan du Oier Sanjurjok (Lizarra, Nafarroa, 1986). Une horretan, bideo deia eten egin zaio Roberto Torresi (Arre, Nafarroa, 1989). Teherango aireportuan dago, eta konexio arazoak ditu. Haren aldean, eroso dago Oier, etxeko lorategian eserita, eguzkitan gozo. Biek dute solaserako gogoa. Elkarri dioten estimuagatik izan daiteke. Mintzagaiak ere izan dezake zerikusia: beren bihotzeko taldeak larunbat honetan jokatuko duen neurketa historikoaz eta azken urteetako ibilbideaz ari dira hausnarrean. Gorritxoen goraldia ezin da ulertu bien ekarpena aintzat hartu gabe. Zutarri izan dira Jagoba Arrasatek 2018an abiatu zuen proiektuan, besokoa soinean. Alabaina, Kopan goia jo aurretik irten ziren klubetik: Oier, iazko sasoiaren bukaeran; eta Torres, aurtengo urtarrilean.

Lausotu egin da bi jokalarien irudia Torres elkarrizketara batu denean. «Hobe; horrela ez zaigu aurpegia ikusiko», esan du Arrekoak. Umoreko daude. Behinola taldekideek oparitutako poloa erakutsi dio Oierrek. Soinean darama. Larunbatean, ordea, elastiko gorritxoa jantziko du ziurrenik. «Ilusioz gainezka» dago finalari begira. «Osasunak oparitu digun sari handi bat da. Zaleak are gehiago piztu eta nafarrak batuko ditu. Ez gaude ohituta halako balentrietara, eta festa handia izango da». Torres, berriz, «harro» dago Osasuna finalean ikusita. «Azken urteetan ondo egin diren gauza guztien berrespena da. Hobe zatekeen iaz iritsi izan balitz, Oierrek eta biok zelaian goza genezan. Baina kanpotik ikusteko ere ederra izango da».

Torresen aburuz, «meritu berezia» du Kopan horren urrun iritsi izanak. «Pentsa, Betis, Sevilla eta Athletic kanporatu dituzte. Meritu bikoitza du finalean egoteak». Bat dator Oier. Taldeak erakutsitako «nortasuna» goratu du hark. «Mantra gisa diogu Osasunak ez duela sekula amore ematen, eta jokalariek ederki islatu dute esaldi hori zelaian. Luzapena jokatu behar izan dute Nasticen, Betisen, Sevillaren eta Athleticen aurka. Modu epikoan egin dute aurrera».

Pablo Ibañezek San Mamesen boleaz sarturiko gola da Osasunak txapelketan bizi izan duen une gorena. Ederretik izan zuena baliotsutik ere izan zuen gol hark: Sevillako (Espainia) Cartuja estadiora bidaiatzeko txartela eman zien gorritxoei. Nola ospatu zuten? «Zorionez lehertu nintzen. Ezusteko handia izan zen niretzat. Athleticek partida handia jokatu zuen, eta Osasunak baino aukera garbi gehiago izan zituen. Horregatik, ez nuen espero partidak halako bukaera izango zuenik», kontatu du Oierrek.

Torres, berriz, bereziki poztu zen golegilea Pablo Ibañez izan zelako. «Ziurrenik, beste inorengatik ez nintzen hainbeste poztuko», nabarmendu du: «Gutxi ari zen jokatzen, eta aurrerapausoa eman ezinik zebilen. Taldetik irten aurretik, solasaldia izan nuen harekin, eta lasai egoteko esan nion; hala jarraituz gero iritsiko zitzaizkiola aukerak. Oso umila da, eta bere buruarengan gehiago sinesteko balio izan dio gol hark».

Harrobiko jokalari baten golak sartu du Osasuna finalean, eta horrek «balio sinboliko handia» duela uste du Oierrek. «Harrobian oinarri sendoa eta etorkizun oparoa dagoela ikusteko balio digu. Eta taldearentzat, funtsezkoa da etxekoak hor egotea eta garrantzitsuak izatea». Taxoaren ondutako jokalariak ekarpen handia ari dira egiten sasoi honetan. Hala izan zen orain dela ez asko klubak izan zituen garai kritikoetan ere. 2015ean Sabadellen hil ala bizi aritu zen Osasuna, eta partida hura ekarri du gogora Oierrek. «Salbazioa ozta-ozta lortu genuen sasoi hartan ere, gaztez jositako taldea izan genuen. Hor hasi ginen, pixkanaka, gure onera etortzen. Orain, osasun betean dago Osasuna, eta bilakaera horretan protagonista izan gara».

Bide ona aurkitu aurretik, itzulinguruka ibili zen Osasuna. Elitera itzuli zen Sabadellgo mirariaren ostean, baina sufrikario handia bizi izan zuen Lehen Mailan. Gero, oso sasoi hitsa osatu zuen Diego Martinezen agindupean. Asko laxatu zen zaleak eta taldea lotzen dituen soka, baina ondo estutu du Arrasatek. Bosgarren urtea du Iruñean, eta Kopako finala haren aroaren «gailurra» dela uste du Oierrek. «Jagoba iritsi, eta Lehen Mailara igo ginen. Gero, are zailagoa dena egin genuen: lehen bi urteetan mailari eustea. Klubak egonkortzen jarraitu du, oso talde fidagarria eraiki delako. Falta zitzaigun lorpena da finala». Bat dator Torres: «Oso zaila da Ligaren bidez Europan sartzea. Gure aukeren barruan, Kopako finala da lor dezakegun gauzarik zailena».

Oierren irudiz, «faktore asko» dago azken urteetako arrakastaren atzean, baina talde barruko «giza kalitatea» azpimarratu du. «Harreman oso osasuntsuak daude jokalarien eta teknikarien artean, eta denek umiltasun eta eskuzabaltasun handiz egiten dute lan». Hain zuzen ere, eguneroko lana goraipatu du Torresek. «Harrigarria da entrenamenduek izaten duten kalitatea eta bizitasuna. Jokalari guztiak entrenatzen dira ondo, eta hori nekez ikusten da mundu profesionalean, egoak direla medio. Gure taldeetan, ordea, lanerako giro paregabea izan dugu». Beste koska bat igo dute nafarrek sasoi honetan. Horren erakusgarri dira emaitzak. Analisi bera egin dute : «Kalitate jauzia egin dute».

Albo kalte bat izan du Osasunaren hazkundeak: lekurik gabe gelditu dira Oier eta Torres. Mingarria al da? «Nik ez dut sentipen hori», ihardetsi du lizarratarrak. «Jokalariak joan-etorrian gabiltza. Dudan onena eman dut Osasunan egon bitartean, eta, kontzientzia lasai izanik, gauzak etorri bezala onartu besterik ezin dut egin. Oso zoriontsu eta esker oneko sentitzen naiz Osasunan esperientzia paregabea bizi izan dudalako. Zintzotasun eta harrotasun osoz diot. Denak du hasiera eta amaiera». Torresek urtarrilean hartu zuen kluba uzteko erabakia, eta ez du damurik. «Enriquek [Martin Monreal, Osasunako teknikari ohia] esan ohi zigun bizitzan ausartu egin behar duzula, okertuta ere esperientzia bat biziko duzulako. Agian zerbait handia ari naiz galtzen, baina ez nago nahigabetuta».

Joanak, baina ez ahaztuak

Taldekide ohiek oso presente dituzte oraindik. Garbi ikusi zen hori San Mameseko aldagelan: haien eta Iñigo Perezen elastikoekin argazkia atera zuten David eta Unai Garciak, Moncayolak eta Barjak. Keinu horrek hunkitu egin zuen Torres, negarra eragiteraino. «Meritua kenduko diot Oierri: bera familiarekin dago, eta nik asko sumatzen dut senitartekoen falta. Horregatik, asko eskertu nituen jasotako mezu guztiak. Jokatu izan banu bezala izan zen. Goizeko bostetan joan nintzen lotara. Negar asko egin nuen, eta argazki hori ikustean isuri nituen lehen malkoak».

Oierrentzat ere «berezia» izan zen: «Taldearen parte sentiarazten gaituzte». Halere, ñabardura bat egin du. «Ulertzen dut Rober lorpenaren parte sentitzea, Kopa honetan jokatu du eta; baina ni, egia esateko, ez naiz partaide sentitzen. Ulertzen dut taldekide eta teknikari ohiak gutaz oroitzea, baina hau haien txapelketa izan da. Haiek jokatu dute». Halere, keinuak «balio sinbolikoa» duela aitortu du. «Miguel Flaño, Josetxo, Puñal eta Krutxagari hartu genien lekukoa kapitain gisa, eta, orain, argazkian ageri direnei utzi diegu. Omenaldi gisa hartu nuen argazkia».

«Hodei batean bezala» ikusten ditu Torresek Osasunako jokalariak. «Oraindik ez dira guztiz ohartzen zer bizitzen ari diren. Amets edo film baten barruan bezala daude. Sasoia gogor doa hankentzat eta buruarentzat, eta desiratzen egongo dira finala jokatzeko». «Ezin diegu aholku handirik eman, guk ere ez baitakigu zer den halako partida bat jokatzea. Momentua dastatzeko esango nieke, eta ahalik eta lasaien aritu daitezela zelaian», dio Oierrek. Real Madril jotzen dute faboritotzat, baina badute esperantza. «Nik bihozkada bat daukat. Txapeldun izateko aukera handia ikusten dut», esan du Torresek.

Zaleen abaroan ariko dira gorritxoak. Mobilizazio historikoa izango da, nahiz eta baldintzak ez diren «batere onak» izango. Hala salatu du Oierrek. «Gehiegikeria iruditzen zait 900 kilometroko bidaia egin behar izatea. Gainera, jendeak esfortzu ekonomiko handia egin beharko du». Bide beretik mintzo da Torres. «Nire lagun askok errepidez egin behar dute bidaia, gastuak apaltzeko, eta sekulako jipoia da. Zaleak hobeki zaindu beharko lituzkete».

Galdu edo irabazi, Torresi domina dagokio, Kopa honetan parte hartu duelako. Bertatik bertara biziko du finala. «Jokalariekin egongo naiz hotelean, autobusean eta aldagelan. Den-dena egin ahalko dut, jokatu izan ezik». Oierrek, ordea, partida du larunbatean, eta ezingo da Sevillan egon. «Zipreko kuadrillarekin ikusiko dut, afari eder baten bueltan». Bi kapitain handi galdu ditu Osasunak, baina bi zale sutsu izango ditu larunbat honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.