Azkenaldian balbedun pilotaririk baldin badago, hori Iñaki Iza da (Zornotza, Bizkaia, 1986). Zorte txarragoa izatea zaila da, baina, hala ere, ez du irribarrerik galdu. «Une txarrak pasatzen ditut, noski, normala da. Bueltak ematen dizkiozu buruari, baina pilotan jokatzeko ilusioz nago... jokatzeko sekulako gogoa dut!, eta itzultzen naizenean gehiago baloratuko dut». Ez da gutxi, lesio bitxi batek ezker besoa indargabetu diolako. Abenduan nerbio bat luzatu egin zitzaion, eta erabat ahuldu dio, giharreria atrofiatu eta masa galtzeraino. Berrindartze lanak oraindik ez du fruitu handirik eman, baina egunero goiz eta arratsalde dabil lanean.
«Besoei begiratuta igartzen da: ezkerra eskuinaren erdia da. Bizepsak forma galdu du, eta indar barik nago». Bere burua inork baino hobetu aztertu du Izak, eta badaki lesioaren eragina zein den. Gaitza aurkitzea, halere, ez zen erraza izan. Abenduan, entrenamendu batean, sumatu zuen mina, «aberia», baina lehen probek ez zuten ezer erakutsi. Hiru erresonantzia magnetiko, bi ekografia eta bi elektromiografia geroago aurkitu zuten arazoa nerbioa zela. «Gaitz arraroa da; nerbioak ez dio informaziorik igortzen besoari, eta horregatik atrofiatu da. Alberto Ongaik ere izan zuen, baina Iñigo Simon, Asegarceko medikua, adibidez, halakorik ikusi gabea zen».
Sintomek ez dute beste edozein minen antzik. «Ez dut indarrik, ez ezer, besoa txarto dago. Gimnasioan eskuinarekin 15 kilo altxatzen baditut, ezkerrarekin lau, eta justu-justu. Gero, mugimendu batzuk ezin ditut egin, ezin dut besoa atzera bota». Lesio larria da, ez du bere burua engainatu nahi. «Luzerako joko duela diote, hilabeteak... Ongaik hiru behar izan zituen, eta ni abendutik nago hala. Berrindartze lana oso astiro doa; bide gaitza da, eta hobekuntza handirik ez dut igarri oraindik, baina diotenez, sendatuko naiz, eta hori ahalik eta arinen gerta dadin ari naiz beharrean».
Goiz eta arratsalde egiten du lan, egunero. Goizero Gasteizera, berrindartze lana egitera, Itsaso Sanchezekin, eta arratsaldean Lemoako kiroldegiko pisu gelera. «Medikuak lan handia egiten ari dira, eta eurak ilusioz badaude, nola ez naiz ba ni egongo? Asko diet eskertzeko. Eta gero, gimnasioan, gogor egin behar dut lan besoa atrofiatzen jarraitu ez dadin». Gutxienez beste hilabete eta erdi beharko duela uste du, baina ez du eperik jarri nahi. «Burugogorra naiz, eta tira, ez dago besterik, halakoak pasatu egiten dira. Gerrikoaren osatzearekin ere gaizki pasatu nuen».
Hernia, Q sukarra...
Lesioei buruz lasai mintzo da, gaia ezagutzen duenaren patxadaz. 26 urte ditu, baina besokoa ez da aurrena. Joan den udaberrian, 2. Mailako binakako txapelketa bikaina egiten ari zenean, herniak jo zuen bizkarrean, eta lau hilabete egin zituen jokatu gabe. Tarte horretan Q sukarra delakoa ere pasa zuen, eta astebete egin zuen ospitalean. Aurretik, ordea, profesionaletako lehen urteetan, eskuetako arazo asko izan zituen. «Zorte txarra izan dut; gerriko mina etorri zenean oso une onean nengoen. Lesioekin ez du segidan jokatzeko aukerarik izan, eta horrela oso gaitza da maila ona hartzea».
Ez dago abailduta, baina etsipen puntu bat nabari zaio Izari. Gimnasioan frontoietako harmailetan baino gusturago dago. «Aurrekoan pilotalekura joan nintzen, Astelenara, eta bigarren tantorako 'ez nuen etorri behar' pentsatzen hasia nintzen... Gustatzen zait ikustea, baina sufritu egiten dut: inbidia, ni hor egon nintekeela...». Dena, baina, ez da ezkortasuna. 2014ko ekainera arteko kontratua du, eta sendatuta, badaki bere ahala erakusteko denbora izango duela. «Hori da alde positibo bakarra; lasaitasuna ematen du».
Beso bat eta erdi
Iñaki Izari ezkerreko besoko nerbioa luzatu zitzaion abenduan, eta ia indar guztia galdu du. Giharrak mehetu egin zaizkio eta «luzerako» du oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu