Urtebete baino gutxiagoan izugarri aldatu da Mikel Erdozain (Leioa, 2002) igerilariaren bizitza eta kirol ibilbidea. 2024an hartu zuen parte lehenengoz nazioarteko proba batean, eta handik gutxira Parisko Paralinpiar Jokoetan aritu zen, estreinakoz. Martxa on horri eutsiz, duela astebete inguru Espainiako bi marka hautsi ditu: 200 metro bizkarrez eta 200 metro librean, S2 kategorian.
Bere sasoi onari buruz galdetuta, uste du egiten ari den entrenamendu onen emaitza dela: «Urte osoan ondo ari naiz entrenatzen, eta hor dago emaitza». Azaldu duenaren arabera, astean lau aldiz-edo entrenatzen da igerilekuan, baina orain gutxi hasi da gimnasiora joaten, zaila egiten baitzaio. Izan ere, %75eko desgaitasuna du, tetraparesia espastiko distonikoarekin jaio baitzen, erditzerakoan oxigenorik gabe geratu ostean. Diszinesia ere badu, eta horrek gorputzaren, gorputz adarren eta aurpegiaren nahi gabeko mugimenduak eragiten dizkio.
Igerilekuan, baina, ezin hobeto murgiltzen dela erakutsi zuen duela bi asteburu, Paralinpiar Igeriketako Ligako jardunaldian, Palman (Balear uharteak, Herrialde Katalanak). Estilo libreko 200 metrokoan aurrez berak zeukan marka hobetu zuen, eta bizkar estiloko 200 metrokoan ere Espainiako marka hautsi zuen. Jardunaldi horretan Nahia Zudaire igerilari gipuzkoarrak irabazi zuen sailkapen nagusian, lehena iritsi baitzen lau probatan.
Palmara joan baino bi aste lehenago, Euskadiko Txapelketa irabazi zuen Erdozainek estilo libreko 200 metrokoan, eta hor ere Espainiako marka hautsi zuen, baina bi aste geroago denbora hori hobetzea lortu zuen Palman. Hori igandean izan zen, baina bezperan, bizkar estiloko 200 metroko proban ere aritu zen, eta ederki gainera, proba horretan denbora onena egin baitzuen.
«Orain, Paralinpiar Jokoei esker, askoz esperientzia handiagoa daukat»
MIKEL ERDOZAINIgerilaria
Azaldu duenez, proba antzekoak dira berarentzat, estilo librean ere bizkarrez egiten baitu igeri, baina nahiago du estilo libreko 200 metrokoa, Paralinpiar Jokoetako proba ofiziala da eta. Lehen proba, bizkar estilokoa, gehiago kostatu zitzaiola esan du, baina gero gusturago sentitu zela. Bazekien zaila zuela marka haustea, bi aste lehenago hautsi baitzuen, baina «oso pozik» dago berriro denbora onena egitea lortu zuelako.
Ederki ikasi zuen
11 edo 12 urte zituela hasi zen igeriketan. Azaldu duenez, hasieran ez zekien igeri egiten, eta flotatzea bera ere kosta egiten zitzaion, baina bere entrenatzaileak, Natalia Folgadok, igeri egiten irakatsi zion. «16 urterekin-edo hasi nintzen lehen lehiaketetan parte hartzen, eta ordutik urtero hartzen dut parte Euskadiko Txapelketan». «Oso gustura» sentitzen da igerilekuan eta bere taldekideekin. Beste kirol batzuk ere probatu izan ditu, eta xakean, adibidez, Euskadiko txapelduna izan zen taldekako modalitatean, baina, kirolari dagokionez, igerian sentitzen da ondoen.
Etorkizunari buruz nahiago du askorik ez hitz egin, eta gauzei etorri moduan aurre egin. Aurten Munduko Txapelketa Singapurren egingo da, eta azaldu du bere denboraldiko helburu nagusia han parte hartzea dela: «Oso zaila izango da Munduko Txapelketara ailegatzea, baina hori lortzeko entrenatzen ari gara. Ea zer gertatzen den».
Zirrara nabari zaio iazko Parisko Paralinpiar Jokoei buruz galdetzean: «Zoriontasunez betetakoa izan zen han pasatutako denbora. Beti esaten dut nire ametsik handiena zela Joko batzuetan aritzea; beraz, oso pozik nago. Orain, Paralinpiar Jokoei esker, askoz esperientzia handiagoa daukat, eta igerilekuan hobeto nabaritzen dut neure burua». Bere kirol ibilbideko esperientziarik «onena» izan dela nabarmendu du.
Igerian ez ezik, ikasten dihardu orain, Osakidetzan bulegari izateko oposizio batzuk prestatzen ari baita. Izan ere, osasun arloko dokumentazio eta administrazio gradu bat egin zuen, eta orain horretan jardun ahal izateko dabil ikasten.