Azkenean, Gatibuk ez du Anoetako giroa berotuko gaur arratsaldean. Izan ere, Gernikako (Bizkaia) musika taldearen emanaldiaren iragarpenak berak berotu zuen giroa: hainbat zalek emanaldi horren aurka egin zuten sare sozialetan, eta jopuntuan jarri zuten, nagusiki, Alex Sardui abeslariak aurten Anoetan jokatutako derbian ustez izandako jarrera.
Sardui Athleticzalea da, eta Anoetara Iñigo Martinez Realeko jokalari ohiaren kamiseta batekin joan zen urriaren 31n, lehen itzulian Realak eta Athleticek jokatu zuten neurketara. Sareetan zabaldu den irudi batean, zutik ageri da Sardui, itxuraz Realeko zale batzuekin ika-mikan.
Azken egunetan, etengabea izan da gaiaren inguruko eztabaida zaleen artean: athleticzale batek ez lukeela Anoetan kantatu beharko, baietz, halako ikuskizunak ez direla egokiak, Sarduiren jarrera probokatzailea izan zela derbian... denetariko mezuak irakurri ahal izan dira, eta askok babesa ere adierazi diete Sarduiri eta taldekideei. Gehienei «lotsagarria» edo «penagarria» iruditu zaie gertatutakoa.
Realak, xehetasunik eman gabe, adierazi du «erabaki bateratua» izan dela emanaldia bertan behera uztea. Gatibuk, berriz, «euskal zaleak ez banatzeko» erabakia izan dela azaldu du. Orain arte, aurtengo denboraldian, Gorka Urbizuk eta Xabi Solanok abestu dute Anoetan.
Kaixo lagunok.
— Gatibu (@gatibu) February 26, 2022
Sare sozialetan eta komunikabideetan sortu den zalaparta ikusita, bihar, #RealeArena-n eskaintzeko ginen kontzertua bertan behera uztea erabaki dugu Gatibuk eta @RealSociedadEUS-ek euskal futbol zalegoa ez banatzeko asmoz.
ð;Â;ŸÂÂÂŽµð;Â;ŸÂ”›ð;Â;ŸÂ‘©â;Â;¤ï¸;Â;ÂÂÂÂð;Â;ŸÂ‘¨ Musikak ez gaitzala konfrontatu.