Ander Herrera. Athleticeko jokalaria

«Berrogeita bi puntu eskuratzeak izan behar du lehen helburua»

Zintzoa da, zintzoegia agian, eta kritikoa. Athleticek behera begiratzen jarraitu behar duela uste du, besteak beste ez duelako erakutsi Europan sartzeko lehian egoteko moduko gaitasunik.

haritz gallastegi
Bilbo
2013ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Ander Herrera (Bilbo, 1989) da Athleticen zelai erdia antolatzeko eta zuzentzeko aukeratutako futbolaria. Lider izateko behar den guztia dauka: kalitatea, burua eta agintzeko gaitasuna. Baina orain arte eman dezakeenaren zertzelada batzuk baino ez zaizkio ikusi. Lesioek lehenengo eta taldearen dinamika txarrak ondoren ez diote utzi barruan daraman guztia erakusten. Erdilari gaztea izango da talde zuri-gorriak sasoiaren bigarren erdian egingo duenaren erantzule nagusietako bat. Zama handia dauka, baina horretarako fitxatu zuten.

Zer aho zapore utzi dizu amaitzear dagoen sasoiaren lehen erdiak?

Sentsazio oso txarrak izan ditut. Talde gisa zein banaka dugun gaitasuna aintzat hartuta, egoera hobean egon beharko genukeela uste dut. Gauzak aldatzeko sasoia da. Aritz Adurizek esan duen moduan, hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua da. Berba gutxiago egin, eta soropilean daukagu erakutsi beharra orain arte egin dugun baino gehiago emateko kapaz garela.

Behin baino gehiagotan erakutsi duzue futbol ona eta lehiakorra egiteko gai zaretela. Zer gertatzen zaizue orduan?

Gure gabezien zergatiak eta konponbideak guk aurkituko ditugu. Futbolariok ezin gara hasi jakinarazten gure arazoak eta txarto egindakoak zuzentzeko hartuko ditugun erabakiak. Ez da berba egiteko mementoa. Guk egin behar duguna da bihar Rayo Vallecano mendean hartu. Eta behin lehen helburua lortuta, denboraldiaren bigarren zatia aurreneko erdia baino hobea izatea lortu behar dugu.

Denbora badago, baina gai al da taldea dinamikaz aldatu eta gorantz begira jartzeko? Edo mailari eusteko behar diren puntuak pilatzeak izan behar du helburua?

Lehenik eta behin, 42 puntu eskuratzea izan behar dugu xede. Argi eta garbi izan behar dugu gaur egun behera begira gaudela. Lehenbailehen zulotik irten behar dugu. Eta lortzen badugu, izango dugu denbora beste gauza batzuetan pentsatzeko. Europako txartela lortzeko gaitasuna dugula esatea okerra da. Gure egoerak bestelako gauzak erakusten dizkigu. Arazoari sustraitik heldu behar diogu.

Txipa aldatzeko unea da, beraz.

Zaleek ilusioa, sentsazioak eta talde batekiko maitasuna dute oinarri. Haiek iazko bidetik jarraitzeko eskatzen digute. Eskubide osoa dute. Jokalariok daukagu gugan sinets dezaketela erakusteko erantzukizuna. Jarraitzaileei ezin diegu ezer eskatu, sekula ez baitigute kale egin.

Bat eginda egoteko unea dela dirudi.

Bai, baina guk beti funtzionatu dugu talde gisa. Batasuna ez da arazoa. Guk joko onaren eta garaipenen premia daukagu.

Jokoan aurrerapauso bat emateko sasoia dela esan duzu. Defentsako arazoak begi bistakoak dira denboraldia hasi zenetik, baina kontua da azkenaldion erasoan ere gauza gutxi ari zaretela egiten.

Arlo guztietan daukagu hobetu beharra. Bai defentsa lana bai eta erasokoa ere futbolari guztion beharra da.

Athleticeko jokalariak, arrazoi askogatik, begiz jota zaudete. Duda asko daude zuen inguruan. Nabari duzu?

Ez. Ni lasai nago. Hobetu beharra daukagu. Nik badakit gauzak oker ari garela egiten eta erantzukizun handia daukagula, baina ez dut uste inoren jomugan gaudenik. Zaleek babesa erakusten digute egunero.

Zenbateko garrantzia ematen diozu Rayoren kontrako norgehiagokari?

Guretzat hil edo bizikoa da. Aspaldian jokatu dugun neurketarik garrantzitsuena da.

Rayo oso lan ona egiten ari da. Baliabide gutxirekin emaitza oso onak ari da eskuratzen.

Talde ona da. Erasokorra eta ausarta da. Gure antza dauka, baina guk baino zazpi puntu gehiago eskuratu ditu orain arte. Beraz, Athletic baino hobeto ari da.

Arlo pertsonalean, gustura zaude denboraldi honetan erakusten ari zaren joko mailarekin?

Taldeak irabazten ez duenean ezinezkoa da norberaren jokoarekin pozik egotea.

Zaleek orain arte salbatu duten apurrenetakoa zara. Zenbait partidatan maila txukuna erakutsi duzu.

Baina ez da nahikoa. Nire gogoa garaipenak eta puntuak lortzea da. Nik negargarri jokatu arren Rayo mendean hartzea lortzen badugu, helburua beteta egongo da.

Zaleek itxaropen handia dute Ander Herrerarekin. Arrakastaren giltzetako bat zarela uste dute.

Eskertzekoa da. Hori, berez, ona da. Zerbait ikusi didaten seinale izango da. Nik gustura hartzen ditut ardurak eta erronkak. Athleticekin batera hazi gura dut.

Denboratxoa daramazu jada Athleticen. Nola baloratuko zenuke orain arteko esperientzia?

Urte eta erdi daramat Bilbon. Oso gustura nago. Iragan denboraldian asko gozatu nuen. Orain une latzak ari gara igarotzen, baina uste dut horrelako egoerei aurre egiteak ere lagundu egiten duela hazten. Kirol ibilbidean loreak eta arantzak aurkitzen dira.

Bukatzeko, zein iritzi daukazu Llorente auziaren inguruan?

Kontu nekagarria da. Llorente gurekin dago. Jarraitzaileek bestelakorik pentsatu arren, laguntzeko gogo itzelarekin ikusten dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.