Athleticek duela berrogei urte altxatu zuen azken aldiz Espainiako Kopa: 1984an. Urte gehiegi dira loria dastatu gabe, garaikurra gehien irabazi duten taldeetan bigarrenarentzat. Jokalari, teknikari eta zale zuri-gorriek atzean utzi nahi dute Bartzelonari irabazitako final hura. Endika Guarrotxenaren gol haren tokia Iñaki Williamsenak, Gorka Guruzetarenak edo Oihan Sancetenak hartzea nahi dute. Datorren ostegunean berriro ikusi nahi dute gabarra Bilboko itsasadarrean nabigatzen. Horretarako aukera paregabea dute gaur, Sevillako Cartuja futbol zelaian, Mallorcaren aurka jokatuko duten finalean. Talde zuri-gorriak seigarren finala jokatuko du 2009tik, eta oraingoa balekoa izatea nahi dute, eta gauerdi inguruan Iker Muniainek klubaren Espainiako 25. Kopa Sevillako zerura jasotzea. Ginga litzateke klubak iaz ospatu zuen 125. urteurrenerako, eta opari ederra Jose Angel Iribarrentzat, 80 urte bete dituen honetan.
Aukera aproposa dirudi horretarako. Athletic denboraldi bikaina egiten ari da. Ligan bosgarren dago, borroka betean Txapeldunen Ligarako sailkatzeko. Kopan ere geraezin dabil. Lehen kanporaketan Rubi kanporatu zuen (1-2), bigarrenean Cayon (0-3), final-hamaseirenetan Eibar (0-3), final-zortzirenetan Alaves (2-0), final-laurdenetan Bartzelona (4-2, luzapenean), eta finalerdietan Atletico Madril (0-1 eta 3-0).
Baina emaitzak alde batera utzita ere, egiten ari den joko bizi, zuzen eta ikusgarriagatik nabarmentzen ari da Athletic denboraldi honetan. Laudorioak bata bestearen atzetik jasotzen ari da Ernesto Valverderen taldea, eta aditu askok faborito argitzat jotzen dute gaurko finala irabazteko. Atzean sendo ari dira Unai Simon, Vivian eta Paredes; eta geraezin De Marcos eta Yuri; zelai erdian hauspoa ematen dio Pradosek, eta magia eta sormena Sancetek eta Ruiz de Galarretak. Goian, berriz, erabakigarriak dira Williams anaien abiadura eta Guruzetaren eraginkortasuna eta lana.
Hain zuzen ere, jokatzeko era hori da gaurko finala irabazteko argudio nagusia. Munuera Montero epaileak txistua jotzen duenean, Cartujako zelaian, hura erakusteko gai badira asko edukiko dute irabazita. Izan ere, hala jokatu duenean, talde gutxik hartu ahal izan dute estu Athletic denboraldi honetan.
Beste arrazoi indartsuetako bat zaleen gogoa, indarra eta ilusioa dira. Sarrerarekin edo gabe, 70.000 athleticzalek baino gehiagok bete dituzte Sevillako kaleak, eta airean eramango dute taldea. Bestalde, azken bost finalak galdu eta gero, arantza hori kendu nahi dute, Aduriz, Iraola, Susaeta eta Balentziaga gogoan, besteak beste. Final horietan izan zirenentzat —hala nola Iker Muniain, Oscar de Marcos eta Raul Garciarentzat— azken aukera izan daiteke Athleticekin Kopa irabazteko, eta multzoan eta inguruan gogo berezia dago klubean hain ibilbide luzea daramaten jokalariek garaikurra lortzeko.
Mallorca, berriz, Espainiako Kopa bigarrenez irabazteko lehiatuko da. Javier Aguirrek, ohikoa duen moduan, tekniko-taktikoki ondo landutako talde bat eratu du, eta ondo lehiatzen dena. Aurtengo Kopan ondo erakutsi du hori. Final-laurdenetan Girona kanporatu zuen (3-2), lehen zatian erakustaldia emanda. Finalerdietan, berriz, Reala azpiratu zuen. Joaneko norgehiagoka 0-0 berdindu zuten Mallorcan, eta itzulerakoan Javier Aguirrek zuzentzen duen taldea penaltietan gailendu zen: 5-4.
Atzean ondo sartzen da Mallorca, baina kontraerasoak baliatzen saiatzen da, halaber, Muriqi, Larin, Abdon Prats eta besteren bidez. Gaur ere horretan ahaleginduko da, eta partida luzea izan dadin. Athleticek ere ondo zaindu beharko ditu geldikako jokaldiak, Herrialde Katalanetako taldea trebea baita horretan ere. Gainera, faborito izatearen presiorik gabe jokatuko du.
Jokalari guztiak deialdian
Gaurko partidari begira, Valverdek deialdian sartu ditu jokalari guztiak. Kopan ere jokatzeko aukera izan duten bigarren taldeko Jauregizarrek eta Eguiluzek gaur bidaiatuko dute Sevillara. Hamaikakoan, zalantza izan zitekeen Julen Agirrezabalak jokatuko ote zuen atean. Errenteriakoa izan da zuri-gorrien atezaina Kopan, eta, Ligan Real Madrilen aurka jokatu eta gero, badirudi teknikariak aukera emango diola txapelketan egindako lan aparta biribiltzeko.
Ernesto Valverde teknikaria zuhurtziaz minatzatu zen partida atarian. Haren arabera, faborito izateak ez du ezer esan nahi. «Bi taldeak merezita gaude finalean. Norgehiagoka irekia izango da, eta lehiatua. Ez dugu aparteko presiorik, baizik eta betikoa». Aurkariaz ondorengoa adierazi zuen. «Taldeoso na da, partida luzeak bilatzen dituena. Askotan lortzen du, gainera. Geldikako jokaldietan, gainera, arriskutsua da. Adi egon beharko dugu». Partida irabazteko gakoetako bat, denboraldi honetan erakutsi duten joko bizia eta zuzena egitea izango den galdetuta, ondorengoa esan zuen. «Jokatzeko era bat dugu, eta hori islatzen ahaleginduko gara».
Javier Aguirrek honela aztertu zuen partida. «Ligan 25 puntu ateratzen dizkigute, eta azken partidan 4-0 irabazi ziguten. Baina lehiatzera gatoz. Sinatuko nuke finala penaltietan erabakitzea. Akats gutxi egin beharko ditugu. Haiek ez baitute barkatzen»
Bestalde, Athleticek komunikatu bat atera zuen atzo, eskatuz Kopako finala «errespetuz» joka dadila eta Espainiako ereserkiari txistu ez egiteko eskatuz: «Errespetu falta baten moduan har daitekeen edozein adierazpen edo keinu ez egitea eskatzen diegu gure zaleei, finala baino lehen izango den ereserkiaren unean»
Athletic-Mallorca
Athletic: Agirrezabala; Lekue, Vivian, Paredes, Yuri; Prados, Galarreta; Sancet, Nico Williams, Iñaki Williams eta Guruzeta.
Mallorca: Greif, Gio Gonzalez, Valjent, Raillo, Nastasic, Jaume Costa; Antonio Sanchez, Samu Costa, Dani Rodriguez; Muriqi eta Abdon Prats.
Epailea: Munuera Montero.
Lekua: Cartuja estadioa.
Ordua: 22:00 (ETB1).