Mikel Lasa. Realeko, Real Madrileko eta Athleticeko jokalari ohia

«Berriz ondo sentitzen hasteko aurkari egokia da Real Madril»

Nekea dela medio, Realak azkenaldi honetan beherakada moduko bat duela dio Mikel Lasak, baina ziur da azken txanpa ona egingo duela. Horretarako onena larunbatean Real Madrili irabaztea dela dio. «Laugarren postua ez dute ahaztua txuri-urdinek».

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2014ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
«Bederatzikoa». Momentu honetan nota horixe jarriko lioke Realaren jardunari Mikel Lasak (Legorreta, Gipuzkoa, 1971). Taldea orain baino sasoi hobean egon izan dela onartu arren, oro har denboraldi bikaina osatzen ari dela uste du. «Harro nago Realeko zalea naizelako». Ordea, gehiagoren gose da, eta datorren larunbatean Real Madrili irabazteko gai ikusten ditu txuri-urdinak. «Zergatik ez? Hainbesteko konfiantza badut Realarekin».

Galdetu beharrik ere ez dago zein kolorek bizi zaituen jakiteko...

Realeko jarraitzaile sutsua naiz, bai. Aitortzen dut. Hiru denboraldiz jokatu nuen Realeko lehenengo taldean, ondorengo sei urteetan Real Madrilen aritu nintzen eta azken laurak Athleticen egin nituen. Halere, ni gipuzkoar petoa naiz, Realaren beheko mailetan hazitakoa, eta gertutik segitzen dut taldearen egunerokoa.

Zubietara ere sarri joaten zara. Entrenatzailea zarelako, akaso?

Horregatik ere bai. Asko gustatzen zait Reala ikustea, partidetan zein lan saioetan. Egiten dituzten ariketei erreparatzen diet, gero nire taldeko gazteekin ahalik eta hobekien lan egiteko.

Nongo entrenatzailea zara?

Añorgan aritzen naiz 17 eta 19 urte bitartekoekin, gazte mailan. Iragan sasoian Zarautzen aritu nintzen, eta sasoi hau dut lehen aldia Añorgan. Aulkitik ikaragarri sufritzen den arren, oso gustuko lana dut entrenatzailearena, eta ahalik eta gehien gozatzea dut helburu. Noraino hel naitekeen ere ikusi nahi dut. Oraingoz, lan honetan zailtzen ari naiz.

Egunen batean Reala entrenatzeko aukera bazenu...

Ez dizut gezurrik esango: badut hori lortzeko itxaropen txiki bat. Agian, iritsiko zait horretarako eguna ere. Ezin dut deus baztertu. Jokalaria nintzenean asko erreparatzen nien entrenatzaileen aholkuei, eta orain, nire lana ahalik eta hobekien egiten saiatzen naiz. Egiari zor, Realean ongi beteta daude entrenatzaile postuak, bai beheko mailetan, bai lehen taldean.

Zer moduz ikusten ari zara Jagoba Arrasate? Azkenaldian kritika batzuk entzuten ari da.

Hori betikoa da. Mundu guztia entrenatzaile bihurtzen da gauzak nahi erara joaten ez direnean. Arrasate lan aparta egiten ari da, ezin zaio gehiago eskatu. Lehenengo denboraldia du goi mailan, eta ez zaio lan erraza tokatu. Partida asko ari dira jokatzen, eta hori guztia ongi kudeatzea zaila da. Beti egongo da hobetu beharreko zerbait, baina, orokorrean, gustatzen ari zait entrenatzailearen lana. Pertsona azkarra da, eta umila.

Reala zer moduz dago?

Orain baino hobeto egon izan da denboraldi honetan. Bartzelonari Anoetan irabazi zionetik ez du lortu futbol bizia eta eraginkorra egitea. Sadarren lortutako puntuak zapore gazia utzi zidan, aukera ona zuelako irabazi eta gora begiratzeko. Hori bai, kontuan hartu behar da zelai gaiztoa dela Sadar edonorentzako.

Berreskuratuko al du Realak joko on eta eraginkor hori?

Baietz pentsatu nahi dut. Liga amaitzeko zazpi jardunaldi falta dira, eta badago denbora gauza onak lortzeko. Denboraldi gogorra daramate txuri-urdinek, lehiaketa askotan parte hartu dute, eta guztiz normala da apur bat erreta egotea. Nekea erasaten hasi da, baina azken txanparako beti ateratzen da indarra ez dagoen lekutik ere.

Zer litzateke denboraldi on bat Realarentzat?

Europarako ez sailkatuta ere, sasoi txukuna litzatekeela onartu behar genuke. Bada, ia ziurtaturik daukate Europarako sailkatzea, eta zer esango dugu bada! Izugarrizko meritua duela egiten ari direnak. Txapeldunen Ligan aurpegia eman, Kopan finalerdiak jokatu, eta ligan Europarako sailkatu. Benetan diot taldeari ezin zaiola gehiago eskatu. Laugarren postua? Guzion nahia da hori, baina garesti dago. Halere, oraindik ez dago ahaztuta».

Athletic al da laugarren postua lortzeko faboritoa?

Oraingoz, bai, baina Realari bezala, beherakada bat igarri diet aspaldian zuri-gorriei. Lana erruz egin beharko dute helburua lortzeko, Sevilla ere ate joka baita.

Realari dagokionez, nekea aipatu duzu. Antoine Griezmannen txakalaldia al da adibiderik onena?

Baliteke, bai. Griezmann izar baten pare aritu da orain arte, eta behera egin du azken partidetan. Dena den, lasai, itzuliko da bere onera. Munduko Kopan egon nahi du, eta bera da gauzak ongi egin nahi dituen lehena.

Oso bestelako egoeran da Iñigo Martinez: konfiantzaz eta sasoiko. Sadarren zelai erditik langa jo zuenean, ze oroitzapen izan zenuen?

Tximeleta gisako batzuk sentitu nituen barrenean. Nire ibilbideko golik onena era horretan sartu nuen nik 1994-95 sasoian, Sevillaren aurka. Ordutik, Iñigo da jokaldi hori hobekien menperatzen ikusi dudana. Lan saioetan ere igartzen diot sekulako ezker hanka duela. Sartu izan balu, sasoiko golik onena izango zatekeen.

Larunbatean, Real Madrilek bisitatuko du Anoeta. Zer espero duzu?

Partida orekatua eta polita. Biak irabaztera aterako dira, eta ez dut faboritorik ikusten. Iruditzen zait Realarentzat neurketa egokia izan daitekeela berriz ondo sentitzen hasteko eta ilusioa sortzeko. Izan ere, aurkari horien kontra jokatzeko entrenatzaileak ez du jokalariak motibatzen lanik izaten, lasaitzen baizik. Realak irabaz dezake, eta erne.

Real Madrilek aspaldiko talderik onena al du?

Ez dakit. Soilik esan dezaket izugarrizko taldea duela. Iragan sasoikoaren antzekoa, baina fitxaketa batzuekin. Halere, haientzat porrota litzateke ligan bigarren izatea. Hori nik ongi dakit. Liga Atletico Madrilen esku dago.

Asier Illarramendi izan zen Real Madrilek egindako fitxaketa horietako bat. Nola ikusten duzu?

Sasoi zaila edukitzen ari da, dena berria baitu. Antsietatea izan du. Xabi Alonsoren ordezkoa izango da Real Madrilen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.