Juan del Campo. Eskiatzailea

«Berriz Munduko Kopan lehiatzea baino ez dut buruan»

Paul de la Cuestak badu ondorengoa. Juan del Campo Espainiako selekzioko kidea da, eta iaz lehen aldiz parte hartu zuen Munduko Kopan. Maldak azkar jaisten ditu; koskak, etengabe igo.

BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2016ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Zaila izaten da Juan del Campo mungiarra etxean harrapatzea. Zailagoa da non egongo den jakitea. Halakoa da eskiatzaile profesional baten bizitza. Gurasoek piztu zioten elurretarako harra, eta geroztik denbora gehiago igaro du elur gainean lehorrean baino. Denboraldiaren erdian dago.

Nor da Juan del Campo?

Eskiatzaile profesionala naiz. Eski alpinoan aritzen naiz duela zortzi urtetik, eta Espainiako B taldeko kidea naiz. Oso proba teknikoetan aritzen naiz, erraldoietan eta eslalometan, bai Europako Kopako txapelketetan, eta bai Munduko Kopakoetan.

Mungiar bat eskiatzen?

Gurasoek oso txikitatik Pirinioetara eraman ninduten eskiatzera. Ikaragarri gustuko nuen eskiatzea. Oso libre sentiarazten nau, eta asko gozatzen dut.

Senide eskiatzailerik?

Gurasoak eta aitona-amonak.

Nor izan zen zure lehen entrenatzailea?

Ama. 3 urterekin hanken artean eramaten ninduen, eta eskiatzen irakatsi zidan.

Nolakoa izan zen hasiera?

Taldean ibiltzen ginen, zaintzaile batekin. Gerora, talde polit bat osatu genuen, eta eski estazioan ibiltzen ginen. Bata bestearen atzetik jaisten ginen, zaintzailearen atzetik. Gorroto nuen inoren atzetik joan behar izatea. Aurretik izaten nituen guztiak aurreratzen saiatzen nintzen, zaintzailearen atzean jarri arte. Ahal nuenean, hura ere aurreratu egiten nuen. Azkenean zera esan zidaten: «Horrela ibili nahi baduzu, lehiaketetan probatzea duzu onena». Hala egin nuen. Nire klubak lehiaketetako talde bat zuen,CEVA, eta liluratu egin ninduen. Horretan jarraitzen dut.

Gazte mailako kategorietan zein titulu irabazi dituzu?

Espainiako txapeldunorde izan nintzen haurren 2. mailan. Juniorren aurreko maila da, nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko aukera ematen duena. Maila horretan, 16-17 urterekin, junior mailan eta goi mailako txapelketetan lehiatzeko aukera izaten da. Haur mailan ez nintzen izar bat; nire lagunek, ordea, jokatzen zuten guztia irabazten zuten. Ni orduan ez nintzen asko nabarmentzen. Hori bai, ikaragarri gozatzen nuen giroaz, eskiatzen... Taldekideon gurasoak lehiatzen ginen leku guztietara joaten ziren, eta lasterketei izugarrizko bizia ematen zioten. Ez geneukan irabazi beharrik. Horregatik gustatzen zitzaidan hainbeste, oso ondo pasatzen genuen.

Haur mailako azken urtean, berriz, Espainiako Txapelketaren buruan izan nintzen azken lehiara arte. Galdu egin nuen, eta bigarren izan nintzen. Horrek nazioarteko zenbait lasterketa egiteko aukera eman zidan, beste herrialdeetako eskiatzaile onenekin.

Betidanik pentsatu izan duzuhain gazte izanda noizbait Munduko Kopan lehiatzea lortuko zenuenik?

Ez. Beti amestu izan dut, oso urrun ikusten nuen. Asko borrokatu naiz hona iristeko.

Orain gutxi esan duzu Munduko Kopan, Soedenen (Austria), eskiatzea amets bat izan zela [54. izan zen]. Zer sentitu zenuen?

Oso zoriontsu nengoen. Egia esan, lasterketa ez zen nik espero bezala atera, hutsegite asko egin nituen. Hala ere, une guztiak gozatu nituen. Asko poztu ninduten aurreko egunetako giroak eta pistan munduko onenen ondoan ikusteak. Urte batzuk lehenago telebistan ikusten nituen, eta niretzat jainkoen modukoak ziren. Horrek poztasuna eta urduritasuna eragin zizkidan. Gainera, Soldenen eski alpinoa kirol nagusia da, eta jendea zain izaten genuen amaieran argazkiak eta sinadurak lortzeko. Oso handia izan zen. Hori sentitu eta gero, gauza bakarra dut buruan: berriro ere Munduko Kopan lehiatzea.

Munduko Kopa batean amestutako estreinaldia izan zen?

Alde batetik, bai. Inoiz ez nuen amestuko, Soldenen, Munduko Kopa abiatzeko egunean parte hartzea. Munduko lasterketarik ezagunenetako eta zailenetako bat da Austriakoa. Ez pistarengatik bakarrik, baizik eta munduko onenak, denboraldi-aurre luze baten ostean, beren sasoirik onenean joaten direlako. Aurreko aste osoan entrenamendu oso onaak egin nituen, konfiantza handiarekin. Gero, lasterketa ez zen atera nik nahi bezala, huts asko egin nituelako. Hori bai, bere zailtasunagatik hain ezaguna den Soldeneko malda oso ondo jaitsi nuen. Niretzat erronka handia zen, eta hain ondo ibiltzeak gogobete ninduen.

Zein da orain arteko denboraldiaren balantzea?

Denboraldi sinestezina izaten ari da niretzat. Ez Munduko Kopan estreinatu naizelako bakarrik, baizik eta Europako Kopan ere, lehen urtean, bi alditan puntuak lortu ditudalako ere bai. Orain artean nazioartean bakarrik aritzen ginen, baina inoiz ez munduko onenekin lehian. Aurtengoa izaten ari da lehen urtea benetan lehiatzen ari garena. Askotan Europako Kopa Mundukoa bezain zaila izaten da. Urte osoan zortzi lasterketa besterik ez da izaten Munduko Kopan, eta gehienak diziplina batean edo bitan besterik ez dira ibiltzen. Horregatik, gehienek Europako Kopan ere lehiatzen dira. Askotan 120 lasterkari aurkitu ditzakezu oso maila antzekoan lehenengo hogeita hamarren artean sartzeko.

Zein diziplinatan aritzen zara ondoen?

Udan oso gustura sentitu nintzen erraldoi eta eslalom diziplinetan. Soldeneko lasterketa baino lehen, berriz, neure burua oso indartsu ikusi nuen erraldoian. Baina aurten, elur faltagatik eta azarotik urtarrilera eslalomeko lasterketak bakarrik zeudela ikusita, hiru hilabetean eslalomeko diziplinan aritu gara buru-belarri. Elur gutxi dagoenean horixe da egin daitekeen diziplina. Horrek erraldoia alde batera uztera eraman nau, baina berriro erraldoian aritzea espero dut.

Christian Leitner entrenatzaile austriarraren taldean zabiltza. Zer eskatzen dizu?

Hasieran beldur pixka bat izan nuen, ez nengoen oso ziur ondo joango zen ala ez. Austriarrak oso izaera zurrunekoak eta oso serioak dira. Baina, Christian behintzat, guztiz kontrakoa da. Oso ondo elkar ulertzen dugu, gure arteko komunikazioa bikaina da. Gai teknikoak oso ondo azaltzen dizkit, eta arazoak konpontzeko ere antzera jokatzen du, berak aurretik bizi izan balitu bezala. Lanean beti gehiago eskatzen digu, eta oso gustuko dut. Denboraldi hasierako helburuak jada bete baditugu ere, orain askoz gehiago eskatzen digu, eta horiek ere beteko bagenitu, oraindik gehiago eskatuko liguke. Aurrerapenak horrela lortzen dira. Hori egingo ez bagenu, ez genuke mundu honetan istant bat baino gehiago iraungo.

Eta aurten zein dira zure helburu nagusiak?

Ez dut helburu finkorik. Egunero hobetu nahi dut, hobeto eskiatu eta azkarrago. Gero gerokoak. Izango da emaitzak ikusteko denbora aurrerago.

Nolakoa da zure egun arrunt bat?

05:00 eta 07:00 artean esnatzen naiz. Ordua asko alda daiteke, lekuaren, eguraldiaren eta entrenatzeko orduaren arabera. Gosaldu aurretik, luzatzeko ariketak eta yoga pixka bat egiten dut. Gosaldu ondoren, arropa jantzi, eta estaziora joaten gara. Han, denboraldiaren arabera, sei edo hamabost jaitsiera egiteko aukera izaten dugu. Behin amaituta, bazkaldu, bi orduko atsedenaldia hartu, eta arratsaldean, prestakuntza fisikoa egiten dugu. Ordubeteko lana izaten da. Ondoren, gure eskiak zaintzen dituenari laguntzen diogu. Ez dakizue ongi zenbat lan ematen duten gure eskiek! Luzatzeko ariketa batzuk egin ondoren, ikasteko baliatzen dugu ahal dugun heinean. Dutxa bat hartu, afaldu, hurrengo egunerako gauzak prestatu, eta 23:00 aldera oheratzen gara. Oso errutina gogorra da, baina eskiak ipintzean, gauzak ahazten dira, egiten dudana oso gustuko dudalako.

Zenbat egun pasatzen dituzu urtean etxetik kanpo?

Asko! Udan eta denboraldi-aurrean hilabete erdia behintzat. Kontzentrazioetan ez bada, lan fisikoa egiten. Neguko denboraldian ia ez naiz etxean egoten. Urriaren 25ean Soldenen lehiatu nintzenetik hamabost egun baino gutxiago egin ditut etxean. Urtezahar gaua taldekideekin eta entrenatzaileekin igaro nuen Austrian; hurrengo egunean, furgoneta hartu eta zortzi orduz bidaiatu genuen, Frantzian urtarrilaren 2an jokatzen zen Europako Kopako proban lehiatzeko.

Nolakoa izaten da eskiko denboraldi bat?

Lehiaketen denboraldia urriaren 25ean hasten da, Soldenen [Austria], eta martxoaren amaieran edo apirileko lehen astean amaitzen da. Diziplina bakoitzeko zortzi lasterketa izaten dira, bai Munduko Kopan eta bai Europako Kopan. Munduko Kopan ibiltzen direnek lasterketa guztiak egiten dituzte, eta Europako Kopako bakarren bat ere bai. Europako Kopako irabazleak Munduko Kopara eramaten dituzte, ahal badute lehen 30etan sartu eta puntuak lortzeko. Europako Kopan lasterketa bat irabaziz gero, Munduko Kopan lehen hamar edo hamabosten artean ibiltzeko aukera izango duzu. Gure kasua ezberdina da. Guk, puntuak biltzeko, FIS Nazioarteko Eski Federazioko lasterketak ere egin behar izaten ditugu. Beraz, hiru zirkuitutan lehiatzen gara aldi berean. Oso denboraldi luzea eta gogorra izaten da. Apirilean oporrak noiz iritsiko zain egoten naiz.

Noiz erabaki zenuen profesionala izatea?

Ez zen erabaki bat izan. Berez etorri zaidan aukera bat izan da.

Zein izan dira zure eredu?

Alexis Pinturault frantziarra eta Marcel Hirscher austriarra. Ez dira zirkuituan talentu gehien duten eskiatzaileak, baina lan asko egin dutelako daude dauden lekuan. Hirscherrek lau urtez irabazi du Munduko Kopako sailkapen orokorra. Garai bateko entrenatzaile batek esan zidan hasi zenean inork ez zuela konfiantzarik harengan. Bere egoskorkeriak eta lanak eraman du maila horretara. Hori da nire filosofia.

Olinpiar Jokoren batera joatearekin amesten duzu?

Bai, noski. Edozein kirolariren ametsa da. Galdetu izan didatenean zer nahiko nukeen irabazi Olinpiar Joko batzuk edo Munduko Kopako beirazko puxika [diziplina bakoitzeko eta guztietako onenen saria], inoiz ez dut dudarik izan: Olinpiar Jokoak. Lau urtean txapeldun olinpiarra zara, eta hurrengoetan historiara pasatuko zara. Orain gutxi Olinpiar Joko batzuetan lortutako zilarrezko domina izan nuen esku artean, eta, ikusi dudanetik, noizbait eskutan izatea amesten dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.