Bada Nerea Penak (Iruñea, 1989) burutik ezin kendu duen irudi bat. 2012ko otsailean, Norvegian, Larvik taldearen pistan eskuineko belauna hautsi zuenekoa. «Larvikeko jokalariak ikusi, eta mina sentitzen dut berriz ere», aitortu du. Aurreko eta albo barneko lotailu gurutzatua hautsi zituen, zehazki. Itxakoko jokalari zen iruindarra orduan, baina urtea Hungarian amaitu zuen, Budapesten, FTC Rail Cargo taldean. Hungariarrekin osatu, eta pistara atera zen Nerea Pena, berriz ere. «Baina hobekien ari nintzenean, belauna berriz hautsi egin zitzaidan». 2013ko otsailean, bigarrenez egin zion huts hankak jokalari nafarrari. Oraingoan ere osatu da. Edo osatzeko bidean da, berak nabarmendu duenez. Berriz hasteko garaia du, eta horretarako prest da. Argi erran du: «Nire osasuna da lehentasuna».
Lesioak kirolari baten ibilbideko parte direla ez du zalantzarik. «Hori onartu beharra dugu; bertzela, jai izanen genuke». Horregatik, ez da lesioen ondorioz hondoa jotzen duten horietakoa. Irribarrea aurpegian duela egiten die aurre. Oraingoan ere bai. «Ez da samurra, hala ere. Okerrena da ezin azaltzea zergatik gertatzen diren horrelakoak».
Kontent egoteko arrazoirik badu, dena den. Abenduan Serbian jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartzera deitu du Espainiako selekzioko entrenatzaile Jorge Dueñasek. Naiara Egozkue taldekide ohi eta lagunak ere parte hartuko du. «Deiak anitz poztu nau; txapelketa jokatzeko gogo handia dut, eta selekzioarekin berriz aritzeko irrikan naiz. Gainera, Naiararekin [Egozkue] ez dut inoiz bat egin selekzioan, eta ilusioz hartu dut oraingo aukera». Baina zuhurtasunez jokatu nahi du. «Argi dago ez nagoela nire onena emateko prest; eta hori erran diot hautatzaileari».
«Nire belaunak gelditzeko agintzen badit, kasu eginen diot», azaldu du, garbi. Ez baitu belauna arriskuan jarri nahi. «Hirugarrenez hautsiko banu, seguru aski, ezin izanen nuke berriz ere jokatu». Hungarian entrenamendu saio bereziak egiten ari da, eskuineko belauna sendotzeko. «Argi dut beti egin beharko ditudala halakoak, lesioak, ahal den neurrian, bazter uzteko». Aitortu du, hala ere, pistara itzuli denetik, hobeki dela. «Okerrena pistatik at pasatu dut. Bertze jokalariak ikusi, eta alde batera joan behar nuen, negar egitera. Halako beldurra hartu nion pistari. Baina berriz sartzeko ordua ailegatu denean, gauza txar guztiak ahaztu egin zaizkit. Kontuz ibiltzen naiz, nire gorputza kontrolatuz, baina ongi nago».
Eskubaloiaz gozatzen
Ongi, eta eskubaloiaz gozatzeko prest. Hungarian eman dioten aukera biziki eskertzen du, egokitu zaion bidea zaila izan den arren. «Lesio batek jota nintzen fitxatu nindutenean, eta hori eskertzekoa da. Taldea eta taldekideak laguntzeko irrikan naiz, nire onena erakusteko gogoz».
Talde ohia, Itxako, ezin izan du ahaztu. «Han genuen giroa ez dugu hemen. Hizkuntza bera muga da horretarako». Taldekide ohiekin zuen harremanari eutsi dio, sakelakoaren bidez. «Sekulako oroitzapen politak ditut elkarrekin egindako gosariez, geletako solasaldiez eta egiten genituen paseoez». Txarrak ere ez zaizkio ahantzi. «Itxako desagertu izanak biziki tristetzen nau. Baina Itxako ez da desagertu; desagerrarazi egin zuten. Eta horrek amorratzen nau. Oraindik ere dirua zor digute».
Berriz hasteko ordua
Kirolaren argiak eta ilunak ezagutu ditu Nerea Pena eskubaloi jokalariak. Txarrak atzean utzi, eta pistaz berriz gozatzeko garaia du oraingoa. Bitan lesio larria gainditu ostean, Munduko Txapelketan ariko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu