Gipuzkoan bezala, Bizkaian ere igandean ekingo diote traineruen denboraldiko lehiaketa ofizialari. Lekeition jokatuko dute Bizkaiko Txapelketa (11:30). Oraindik hilabete falta da Euskotren eta Eusko Label ligei ekiteko —uztailaren 1ean abiatuko dira,Galiziako itsas zabalean—. Hortaz, ikusi beharko da zein gorputzaldirekin iritsiko den talde bakoitza Bizkaiko Txapelketara. Urdaibai eta Ondarroa nagusitu ziren iaz, eta aurten ere bandera astintzea dute helburu.
Azken hilabeteetan jaitsieretan murgildu dira taldeak. Neguan bakoitzak bere entrenamendu plana izan du, eta prestatzaileek arraunlari guztiei aukerak emateko astia izan dute. Emaitzei baino gehiago, sentsazioei erreparatu ohi diete entrenatzaileek, eta uda garaian egin ezin dituzten proba guztiak egiteko parada izaten dute. KAE ligako lehenengo eta bigarren mailak, eta ETE liga, hasteko ez da asko falta. Ekainaren 17an ekingo diote sasoiari KAE lehenengo mailako eta ETE ligako taldeek, eta astebete geroago KAE bigarren mailako taldeek. Euskotren eta Eskolabel ligak, berriz, uztailaren 1ean hasiko dira. Orain, baina, denboraldiko lehen helburuak daude jokoan. Bizkaiko Txapelketan parekotasuna espero da emakumeen saioan, baina gizonezkoenean izen bat dute denek ahotan: Urdaibai. Bou Bizkaiak hegan egin du jaitsieretan. Hainbatetan astindu du bandera Bermeok, eta, askotan, ligan aurkari zuzenak izango direnei aldea aterata gainera. Emakumeen artean Deustu da faborito nagusia, baina iazko garailea Ondarroa izan zen, eta horiek ere bandera lortu nahi dute. Gorka Aranberrik (Zarautz, Gipuzkoa, 1987) eta Eneritz Diezek (18-10-2001), Urdaibaiko eta Ondarroako patroiak, hurrenez hurren, orain arteko balantzea egin dute. Biak ala biak «gustura» daude negutik honaegindako lanarekin, etaprest daude lehiaketa ofizialei ekiteko.
Iaz jokatu zen lehen aldiz Bizkaiko Txapelketa garai honetan. Arraunlariei sasoi egokienean egon gabe datorkie lehen helburuak lortzeko borroka. Orain gutxira arte geroago jokatzen ziren, eta, Aranberriren esanetan, aldaketa horrek eskatzen die ondo egotea, «sasoirik onenean»egon gabe ere: «Beti izango ditugu zalantzak lehenengo lehiaketetan. Ea nola arituko garen. Baina gogotsu gaude». Neguko jaitsieretan zein trainerillen denboraldian emaitza onak lortu dituzte Bermeokoek. Horrek hauspotu egin du taldea, eta lehiaketa ofizialetan ere sentsazio onen bila joango dira. Hala ere, Aranberrik argi dauka txapelketak zer diren: «Bizkaiko eta Euskadiko Txapelketak ez dira test batzuk. Urteko helburuen artean daude, eta garrantzi handia daukate».
Ondarroak, berriz, sentsazio gazi-gozoak izan ditu orain arte. Urtarril amaieran iritsi zen Diez taldera, eta lehenengo jaitsieretan ez zuen parte hartu. Ondarroarren patroiak parte hartu duen estropadetan ere «denetarik» ikusi du: «Sentsazio hobeak batzuetan, eta okerragoak bestetan». Halakoa izaten da negua arraunlarientzat; luzea eta gogorra. Gainera, taldekide batzuk min hartuta egon dira, eta Diezek dio zenbait aldiz «txalupa betetzeko arazoak» izan dituztela: «Halakoak gertatzen dira, baina orain taldea indartsu dago. Entrenamendu politak egiten ari gara orain, eta daukagun dena emateko prest gaude».
Ondarroak ere argi dauka asteburuko helburua. Aurkari sendoak dituztela azpimarratu du patroiak: «Deustu eta Kaiku bikain ari dira». Hala ere, Diezek ez du aurkariekin alderatu nahi, eta uste du irabazteko aukerak dituztela: «Helburua iazkoa errepikatzea da. Irabaztera aterako gara. Gailentzea lortzen ez badugu, besteei gauzak zail jartzen ahaleginduko gara», nabarmendu du.
Norbere lanari begira
Aurkari zuzenengatik galdetuta, Aranberrik Bizkaiko Txapelketan Zierbena dauka aurkari zuzentzat: «Mutrikuko jaitsieran bigarren egin zuen, eta aurrekoengandik oso gertu dagoela erakutsi du. Kontuan hartzeko aurkaria izango da, dudarik gabe». Hala ere, zarauztarrak nahiago du bere taldearen lanean zentratu: «Dudarik gabe, irabaztea da gure helburua. Urdaibai ez da ezkutatzen diren horietakoa, eta ez du behar, gainera».
Urdaibaik Bizkaiko eta Euskadiko Txapelketak, liga eta Kontxa irabazi zituen iaz, eta taldea ez da askorik aldatu. Ondarroarrek, berriz, taldearen erdia baino gehiago berria dute.Oso talde gaztea da, baina patroiak argi dauka «susto bat edo bi emateko gaitasuna» daukan taldea dela. Diezek ere nahiago du bere taldeari begiratu aurkariei baino gehiago. Baina haien gainetik egoteko moduan ikusten ditu «pare bat talde».Arrauna, baina, ez da zientzia hutsa. Bakoitzaren gaitasunaz gain, haizeak, itsasoak eta kaleak garrantzi handia izaten dute.Horiek denak alde edukitzea komeni izaten da. Edo kontran ez behintzat.
Berriz gailendu nahi dute
Jaitsierak eta trainerillen denboraldia amaitu dira, eta uda iritsi aurretik jokatuko dira arraun sasoiko lehen txapelketa ofizialak. Lekeition jokatuko da bihar Bizkaikoa, eta, iaz bezala, garaipena eskuratu nahi dute Ondarroak eta Urdaibaik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu