Berriz ere txapeldun

Magnus Carlsenek nagusitasun eztabaidaezina izan du kitarako partida erdi azkarretan eta munduko tituluari eutsi dio Fabiano Caruanaren aurka

Magnus Carlsen, eserita, Fabiano Caruanari bostekoa ematen. F. A./ EFE.
Josu Tornay.
2018ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Magnus Carlsen Nazioarteko Maisu Handi norvegiarrak laugarren aldiz irabazi du munduko titulua, Fabiano Caruana estatu batuarraren aurkako finalean. Kitarako partida erdi bizkorretan astindua eman zion atzo (3-0), eta, 27 urte baino ez dituen arren, Londresen hirugarrenez defendatu du 2013an lorturiko titulua. Hurrengo finala bi urte barru izango da.

Norgehiagoka nagusiko hamabi partidak berdinketarekin amaitu ziren, eta finalistek lehia amaiera polita lapurtu zituen xake munduari. Partida erdi bizkorretan, baina, Carlsenek berriro erakutsi zuen xakea odolean daramala. Litekeena da txapeldunak pentsatzeapartida erdi bizkorretan errazago irabaziko zuela, baina egoera psikologiko txarragoan heldu zen kitarakora, edo hori zirudien gutxienez. Baina ez. Atzo Carlsenek astindua eman zion Caruanari. Bigarren mailako jokalari bezala utzi zuen. Lehen hiru partidak nagusitasunez irabazi zituen eta laugarrena ez zen jokatu behar izan. Mundu osoa aho zabalik utzita defendatu zuen koroa.

Aurretik, lehia nagusian, eta berdinketez haratago, lehen hamar partidak oso animatuak izan ziren. Bi jokalariak irabazten saiatu ziren, eta borroka politak ikusi ziren. Partida batzuk benetan sutsuak izan ziren. Esaterako, lehen egunean Carlsenek irabazteko aukera ezin hobea izan zuen Baina Caruanak gogor defendatu zuen bere burua, bide guztiak itxiz. Seigarren partidan, aldiz,Caruana izan zen puntua lortzeko aukera oso ona galdu zuena.

Hortik aurrera Carlsenek momentu zail batzuk izan zituen. Zortzigarren partidan, adibidez, oso egoera zail batean, doi-doi saihestu zuen hondamendia, eta ukituta heldu zen azken partidetara. Agian horregatik 11. partidan ia ez zen saiatu ezer egiten, eta hamabigarrenean, iragan astelehenean, berdinketa lotsagarria eskain zion Caruanari. Honek denbora gutxi eta posizio makala zeukan, baina Carlsenek segur aski ez zuen bere burua posizioa errematatzeko gai ikusten. Argi zegoen galtzeko benetako bilurra zeukala eta tentsioari ezin izan ziola eutsi. Gauzak horrela finaleko hamabi partidak berdindu zituzten historian aurreneko aldiz.

Deskuidua ala estrategia?

Finalak, partidez gain, bere ika-mika kuriosoa izan du. Laugarren txandaren aurretik Caruanaren xake klubak bideo bat argitaratu zuen. Printzipioz ez zen ezer berezia, jokalariaren prestakuntzako irudi batzuk baino ez. Irudietako batzuetan, baina, torneorako prestakuntza zehatzeko hainbat une agertu ziren. Deskuidu bat izan zen, ala Caruanaren taldeko estrategia Carlsenen laguntzaileek balizko prestakuntzarekin denbora gastatzeko? Edonola ere bideoa hortik gutxira ezabatu zuten eta ez norvegiarrak ez estatubatuarrak ez zioten garrantzia handirik eman gertatutakoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.