Ezertxo ere ez da aldatu palan azken urtean; ez, behintzat, buruz buruko lehiari dagokionez. Esteban Gaubekak eta Xabier Ibargaraik jokatu zuten iaz Banakako Txapelketako finala, eta bi palista horiek ariko dira berriz ere elkarren aurka gaur, Bilbon, Miribillan, txapela jantzi nahian (19:00).
Ibargarai nagusitu zen iaz, final ezin estuagoan (3-2). Gaubekak tanto bakarrera izan zuen txapela, baina ez zuen aprobetxatu, eta gero aurkariak irauli egin zuen partida. Horri esker, lehenbiziko aldiz jantzi zuen txapela. Jarraian bigarrena lortu nahi du gaur. Gaubekak, ordea, iazko arantza atera nahi du, eta bigarren ahaleginean eskuratu seigarren txapela. Hori eginda, Pablo Fustorekin berdinduko luke bigarren postuan txapel gehien irabazi dituzten palisten sailkapenean. Bakar-bakarrik dago Oscar Insausti buruan, zazpi txapelekin.
Faboritorik gabeko finala da, eta ezer gutxirako balio du biek txapelketan egindakoari erreparatzeak, biek emaitza berberarekin irabazi baitzuten finalerdietan: Ibargarai 3-0 nagusitu zitzaion Dan Necoli (10-3, 10-9 eta 10-9); eta Gaubekak beste horrenbeste egin zuen Fustorekin (10-4, 10-6 eta 10-5).
Bi palistek askotan jokatu dute elkarren aurka buruz buru, eta gehienetan Ibargarai nagusitu da. «Nire jokatzeko erak arazoak sortzen dizkio Estebani. Postura guztietan eman diezaioket pilotari, eta berak ez dit minik egiten ezkerrarekin. Baina aurkari deserosoa da, sufriarazi egiten dit. Azkeneko sei partidetatik lautan irabazi diot, baina horrek ez du ezer esan nahi. Ea final polita den». «Behetik gora» eginda iritsiko da bera. «Hasieran, apur bat galduta sentitu nintzen entrenamenduetan, baina finalean bete-betean ariko naiz. Danek estutu egin ninduen, baina nire mailan aritu ahal izan nuen. Halakoetan, nabari da eskarmentua».
Iazkoa gogoan
Gaubekak, berriz, bolada txarra eten nahi du. «Neurria hartua dit Xabik. Ea oraingoan nik irabazten diodan». Argi du egitekoa: Fustoren aurkakoan egindakoa. «Xabik ezin nau dominatu. Oso gogor jotzen dio pilotari bi eskuekin, eta oso zaila da haren erritmoari eustea. Ondo sakatzen saiatuko naiz, haren oinak bilatuta, hasieratik ez dadin airez ondo sartu. Aurrera eraman behar dut jokoa, eta ahal dudanean tantoa egin. Finalerdian ia ez nuen hutsik egin; hori da bidea».
Gaubekari «ilusio handia» egiten dio 42 urterekin eta profesionaletan ia hogei urtez jokatu ondoren «sasoiari» eusteak eta hirugarren aldiz jarraian finala jokatzeak. Ez dio loa kentzen irabaziz gero Fustorekin berdintzeak eta Insaustiren markara gerturatzeak. «Ez dut horretan pentsatzen. Finala irabaztea besterik ez dut buruan».
Berriz ere parez pare
Iaz egin bezala, Xabier Ibargaraik eta Esteban Gaubekak jokatuko dute Palako Banakako Txapelketako finala, gaur, Bilbon. Ez dago faboritorik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu