Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Berriz ere Degenkolb

Etapa esprintean amaitu da berriro, eta alemaniarra nagusitu da beste behin.Nacer Bouhannik bidea oztopatzea leporatu dio amaieran

2014ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako Vueltako bosgarren etapa esprintean amaitu zen, espero bezala. Eta herenegun gertatu bezala, John Degenkolb (Giant) izan zen garaile berriro azken txanpa horretan. Egoera berdina, baina protagonista desberdinak izan ziren. Amaiera baino hamabost kilometro lehenago hirugarren mailako mendatea bazegoen ere, txirrindulari azkarrenek ez zuten arazorik izan hori aurrenekoen artean igarotzeko, eta atzokoan bai, Degenkolbek aurkari serioak izan zituen azken esprint horretan. Horietako batek, Nacer Bouhanni (FDJ) frantziarrak, haren atzetik helmugaratu zenak, esprintean bidea oztopatzea leporatu zion. Egiari zor, alemaniarraren mugimenduak ez zirudien nahita egindakoa, eta, beraz, Degenkolb garaile justua izan zen. Sailkapen nagusian, beste egun batez, Michael Matthews australiarrak (Orica) jarraitzen du lider.

Etapa hastearekin batera gertatu zen ihesaldia. Pim Ligthart (Lotto) eta Tony Martin (Omega) izan ziren protagonistak. Laugarrengo etapan gertatu zen bezala, tropelak ez zuen iheslariak bistatik galtzeko asmorik, eta gehienez ere lau minuturen aldea ateratzen utzi zien. FDJ eta Giant Shimano izan ziren tropelean lan gehien egin zutenak. Etapa amaieran podiuma izan zuen sari egindako esfortzu horrek, bigarren eta lehen postuak lortuta, hurrenez hurren.

Beste behin beroa arerio izan zuten atzo txirrindulariek. Horrela, 100 kilometro ihesaldian igarota, amore eman zuen Tony Martinek, eta tropelarekin bat egin zuen. Ligthartek bakar-bakarrik jarraitu zuen orduan. Helmugara iristeko 32 kilometro falta zirela harrapatu zuen tropelak. Ordurako, baina, ondo merezitako lehiakortasunaren saria eman zion antolakuntzak Herbehereetako txirrindulariari. Ordurako, Tinkoff-Saxok gidatzen zuen tropela. Talde horrek, Movistar gertu zuela, albotik jotzen zuen haizea aprobetxatuz erritmoa igo zuen kilometro batzuk lehenago, eta, ondorioz, hainbat zatitan banatu zen tropela. Faborito ia gehienak erritmo aldaketari eusteko gai izan ziren. Atzean geratu ziren Kenny Elissonde (FDJ), Ryder Hesjedal eta Andrew Talasnky (Garmin). Ez zuten lasterketa buruak ateratako tartea berreskuratzerik izan, eta agur esan zieten sailkapen nagusian aurreneko postuetan sailkatzeko aukerari.

Helmuga baino 20 kilometro lehenago hirugarren mailako mendatea zuten zain txirrindulariek. Amets Txurruka (Caja Rural) izan zen lehenengo, mendiko puntuak irabaziz. Lluis Mas taldekidea hirugarren postuan iritsi zen mendi gainera, eta mendiko maillotari eutsi zion beste egun batez. Mendatean behera, atzetik zetozen taldetxoek bat egin zuten tropelarekin, eta talde ia gehienak iritsi ziren batera helmugara. Bertan Philippe Gilbertek (BMC) hasieran erasoa jo bazuen ere, Degenkolb eta Bouhanni lehiatu ziren amaieran, eta beste behin potentzia handiarekin gailendu zen alemaniarra.

Gaurko etapa Benalmadenan hasi eta La Zubian amaituko da, 167,1 kilometroko ibilbidean. Etapa zaila izango da. Hirugarren mailako mendate bat eta bigarren mailako beste bat igo beharko dute, eta lehen mailako batean amaituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.