Berriz ere bigarren

Ion Izagirrek bigarren postuan amaitu du Poloniako Itzulia, iaz bezala.Majka poloniarrak irabazi du, eta Beñat Intxaustik osatu du podiuma

Beñat Intxausti, Rafal Majka eta Ion Izagirre, Poloniako Itzuliko podiumean. GRZEGORZ MOMOT / EFE.
2014ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Iazko Poloniako itzulian gerta bezala, aurten ere bigarren sailkatu da Ion Izagirre (Movistar). Begiz jota zuen proba: «Asko gustatzen zaidan itzuli bat da, eta iaz ikusi nuen Tourrak ematen dizun pedal kolpearekin zerbait polita egin nezakeela. Baina onartu beharra dago Majka izan dela indartsuena aste honetan». Izan ere, Poloniako zaleen kutunak merezita irabazi du. Rafal Majkak (Tinkoff), zortzi segundo atera dizkio Izagirreri. Iaz ere Pieter Weenning tarte oso txikiarekin gailendu zitzaion: hamahiru segundo baino ez.

Podiuma Beñat Intxaustik (Movistar) osatu du, liderrarengandik hogeita bi segundora. Bide batez, Tourreko aho zapore txarra kendu ahal izan du. «Tourrean erregulartasun gutxi izan dut arazo fisikoengatik. Baina banekien erritmo hori balia nezakeela. Horregatik aldatu nuen egutegia, eta Burgosera joan beharrean Polonia hautatu. Ibilbidea ezagutzen nuen, eta lan polita egin nezakeela banekien». Poloniako itzulia UCI Pro Tourreko lasterketa da. Euskal Herriko itzuliak duen maila bera du UCIren sailkapenean.

Azken etapa, atzokoa, 25 kilometroko erlojupeko laua zen, Krakowia hirian. Rafal Majkak tarte politarekin ekin zion: hemezortzi segundo Beñat Intxaustirekin eta hogeita bi Ion Izagirrerekin. Bizkaitarrarekiko tartea handitu egin zuen, baina, Izagirrek hamalau segundo jan zizkion. Ormaiztegikoa gustura gelditu zen egindako lanarekin. «Sentsazio onak izan ditut lasterketan, eta, egia esan, oso gertu ikusi dut garaipena. Ibilbide laua izateak mesede egiten zidan Majkaren aldea murriztek».

Bi euskal herritarrek hobera egin zuten erlojupekoa jokatu ahala. Hasi baino hobeto bukatu zuten, Adriano Malori eta Gorka Izagirre (Movistar) taldekideen erreferentziei esker. Bigarren eta bosgarren izan ziren, hurrenez hurren. Bereziki, izagirretar gazteak, eta itzuliko garaipena irabazteko lehian sartu zen. Majkak, berriz, indarra galdu zuen azken zati horretan, eta bazirudien Izagirrek iazko arantza atera ahalko zuela. Erlojupekoa, baina, ez zen oso luzea, eta poloniarrak ondo kudeatu zuen abantaila.

Intxaustirentzat ez zen hain jardunaldi ona izan, eta postu bat egin zuen atzera. «Ez zen erlojupekorik onena niretzat; batez beste, orduko 50 kilometroko abiaduran egin beharrekoa zen». Kristoff Vandewalle (Trek) espezialista belgikarrak irabazi zuen. Hiru aldiz izan da bere herrialdeko erlojupeko txapeldun.

Rafal Majkak etxean erakutsi du berriz prest dagoela onenen artean lehiatzeko. 11 urte ziren Poloniako Itzulia etxeko txirrindulari batek lasterketa irabazten ez zuela. Azkena Cezary Zamana izan zen 2003an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.