Luis Sabalza. Osasunako presidentea

«Berrituta ere, kutsu ingelesa izango du oraindik Sadarrek»

Oraintxe ari da Luis Sabalza garairik onenak bizi izaten Osasunako presidente denetik. Kluba arlo guztietan dago egonkor, eta estadioa berritzeko proiektua abiatzear da. Horregatik, «pozarren» dago.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
enaut agirrebengoa
<i>Iruñea</i>
2019ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Eguerdia da Sadarren. Bulegoetara Angel Ardanaz kudeatzailearekin batera iritsi da Luis Sabalza (Zangoza, Nafarroa, 1947), banku erakunde batekin bilera izan ostean. Elkarrizketa ahaztua zuen ia. Galtzak bete lan dabil, hala eskatzen baitu Sadar eraberritzeko egitasmoa martxan jartzeak. Berriztatze lanak «albait azkarren» has daitezen nahi du, eta 2020ko urrirako amaituta egotea gustatuko litzaioke; Osasunak ehun urte beteko ditu orduan.

Puri-purian dago Sadar zaharberritzeko proiektua. Presidente gisa, nola hartzen ari zara prozesua?

Lasaitasunez eta arduraz. Oso pozik nago orain arte gauzak nola joan diren ikusita. Bazkideek ia aho batez esan dute eraberritze osoaren alde daudela, eta hori oso garrantzitsua da guretzat.

Zehazki, bazkideen %90 agertu ziren estadioa osorik berriztatzearen alde. Halakorik espero zenuten?

Ezustekorik handiena, parte hartzaileen kopurua izan zen. Izan ere, bazkideen %75ek eman zuten botoa. Horrek erakusten du kluba asko maite dutela Osasunako zaleek, eta engaiatu egiten direla klubaren etorkizunarekin zerikusia duten gaiekin. Gero, bagenekien parte hartzea zenbat eta handiagoa izan orduan eta gehiago izango zirela eraberritze integralaren aldeko botoak. Emaitzek ez dute zalantzarako tarterik uzten, eta oso pozik gaude.

Horretaz landa, jada lortu duzue Nafarroako Gobernuaren bermea. Pisu handia kendu duzue gainetik?

Ez genuen arazorik espero. Bagenekien aldekoa zela alderdi politiko gehienen jarrera. Ordea, hori Parlamentuan berretsi arte, zalantza apur bat izan dugu, normala den bezala. Gobernuaren bermea lortzea ezinbesteko betekizuna zen bankuen mailegua jasotzeko. Izan ere, Osasunak, gaur egun, ez dauka berme gisa balio dezakeen ondarerik.

Zeintzuk dira hurrengo eman beharreko pausoak?

Lehenik, baldintzak eta kopuruak adostu behar ditugu bankuekin. 32 milioi euro inguruko eskaintza egin digute, nahiz eta guk nahikoa izan 23 milioirekin. Negoziazioak oso ondo doaz. Banku guztiak ados daude interes motarekin eta maileguaren formularekin. Gehien jota, hamabost urtean ordainduko genuke. Aurki itxiko dugu proiektuaren finantzaketa.

Noiz hasiko dira lanak?

Albait azkarren hastea nahi dugu. Jada egonak gara Iruñeko Udalean, lanak egiteko lizentziaz hitz egiteko. Bi lizentzia eskatzeko aholkatu digute: bata, estadioaren kanpoalderako, eta bestea, barrualderako. Horrela, barrualdea moldatzen berehala hasi ahalko ginateke; betiere, zaleei ahalik eta enbarazurik txikiena eginda. Kanpoaldea moldatzeko, plan orokorra aldatu beharra dago; beraz, lizentzia lau hilabete barru lortuko genuke.

Ederra litzateke estadioa mendeurrenerako prest egotea.

Hala da. Osasunak 2020ko urrian beteko ditu 100 urte, eta ordurako inauguratu nahiko genuke. Hala adierazi diogu enpresa eraikitzaileari, eta posible dela ihardetsi digu. Bidean eragozpenik ez izatea espero dugu.

Harresi Gorria proiektua aukeratu dute bazkideek. Zer azpimarratuko zenuke egitasmo horretan?

Proiektu interesgarria da. Zutik egoteko harmaila proposatzen lehena izan zen. Gainera, korridoreetan espazio zabala sortzea aurreikusten du, eta horrek aukera emango luke hainbat jarduera egiteko. Kanpotik ere polita da. Eta, ororen gainetik, zaleek aukeratu duten proiektua da.

Betiko Sadarren esentzia gordeko al du?

Dudarik gabe. Baldintza hori egitasmo guztiek bermatzen zuten. Berrituta ere, kutsu ingeleseko zelaia izango da oraindik Sadar.

Estadioak 24.000 ikuslerentzako baino gehiagorentzako tokia izango du. Gaur egun, zaleen batez bestekoa 15.000tik beherakoaizanik, nola espero duzue espazio hori guztia betetzea?

Hasteko, gauza bat izan behar da garbi: estadioa handituta, jende asko birkokatu ahal izango da. Gaur egun, asko sakabanatuta daude, senitartekoen edo lagunen ondoan esertzeko aukerarik gabe. Hori aldatuta, jendeak gogo gehiago izango du Sadarrera hurbiltzeko. Gero, agerikoa da klub gisa hazten ari garela; beraz, inertziaz joango gara harmailak betez. Eta zer esanik ez, Lehen Mailara igotzen bagara.

Eraberritzeak hamasei milioi euroko kostua izango du. Oso gutxi da, inguruko zenbait kasurekin alderatuta. Esaterako, Anoetako lanek 50 milioi eurotik gorako aurrekontua dute, Mendizorrotzako zaharberritzeak izango duenaren antzekoa.

Ikusi behar da bakoitzean zer berritzen den. Guk ulertzen dugu hamasei milioi aski direla behar duguna egiteko. Noski, beste batzuek laguntza publikoak izan dituzte edo izango dituzte, eta horrek lan sakonagoak egiteko aukera ematen du. Gu nahitaezkoa denarekin konformatuko gara. Etxe bat berriztatzean ere, diru gehiago edo gutxiago erabil dezakezu, eta, askotan, aldea apaingarrietan egoten da.

Bazkide batzuei bertigoa eragiten die Osasuna berriro zorpetzeak, ikusirik orain dela gutxi klubak itolarri ekonomikoa zuela. Zuek, ordea, arriskurik ez dagoela esan duzue askotan.

Zorpetzeak ez du inongo arazorik sortuko, funtsean, orain ordaintzen ari garen kuota ia bera ordainduko baitugu; 1,5 milioi euro inguru, eta interes tasa txikiagoarekin. Harritu egiten da jendea hori entzutean, baina hala da. Lehendik genuen zorra eta orain sortuko dena bateratu egin ditugu, eta hamabost urtean ordaintzeko konpromisoa hartu dugu. Amortizazioa aurreratzeko moduak daude; adibidez, Lehen Mailara igotzen bagara, sasoiko hiru milioi euro gehiago ordainduko dugu.

Gainera, jokalariak salduta jasotako diruaren %25 bideratuko da zorraren ordainketara. Ez dago kluba kirol arloan ahultzeko arriskua?

Ez, salmentak ez direlako aurrekontuaren parte. Hau da, ez ditugu jokalariak derrigor saldu behar. Kontua da, salduz gero, jasotako diruaren %25 bideratuko dugula amortizaziora. Besterik gabe.

Sadar Nafarroako Gobernuaren esku dago. Erreformatu aurretik, lehen urratsa ez litzateke berrerostea izan beharko?

Bi gauza ezberdin dira. Guk bazkide konpromisarioei proposatu genien Sadar berrerostea, baina ez genuen baimenik jaso. Orduan, ulertu dugu, erosi ezean, berritu egin behar zela. Oraindik 26 urte ditugu Sadar gure egiteko, baina uste dut lehenago ere berrerosiko dugula.

Estadio eraberritua klubaren mendeurreneko giltzarrietako bat izango litzateke. Horrez gain, baduzue beste egitasmo zehatzen bat?

Oraindik ez. Zaleak ulertu behar du ez dela gauza bera Lehen Mailan edo Bigarren Mailan egotea. Eliteak prestigio handiagoa du, eta aukera gehiago eskaintzen ditu. Valentziak berriki ospatu du mendeurrena, eta ospakizun polita egin du, asteburu honetan ligarik ez dagoela aprobetxatuta. Bigarren Mailan, ordea, ez dago geldialdirik. Ideia batzuk baditugu, baina oraindik garatzeko ditugu.

Zer moduz doa zure bigarren agintaldia? Orain, gauzak bareago daudela dirudi.

Arazo instituzional ugari izan genituen lehen agintaldian. Beti alerta egoeran geunden, etengabe aurreko zuzendaritzen azpijokoak argitaratzen ari baitziren. Zorionez, dena askoz ere lasaiago dago orain. Osasuna errespetatua eta maitatua izan dadin lortu dugu, eta, gainera, sasoi honetan bat egin dute taldeak eta harmailek. Pozarren gaude.

Edonola, oraindik bada ezinegona bazkide batzuen artean. Horren erakusgarri, lehen saiakeran atzera bota zizkizueten aurrekontuak.

Aurrekontuekin zerikusirik ez zuten argudioak erabili ziren. Bestelako gauza batzuk eztabaidatu nahi ziren, baina ohiko batzorde bat zen, eta aurrekontuak ziren eztabaidagai bakarra. Bazkide batzuek emandako ezezkoak ez zuen funtsik, eta horren adibide gisa, bigarren saialdian inongo arazorik gabe onartu ziren aurrekontuak.

Arlo guztietan Osasuna osasuntsu egonik, nola da posible oraindik ere zuen aurkako iritzi kritikoa izatea?

Ezin dizut esan. Nik ere galdera bera egiten diot neure buruari, eta ez dut erantzunik topatzen. Gardentasun osoz jokatu dugu beti, eta bazkideen defentsan dihardugu beti. Ordea, dena ondo egin arren, beti egongo da gauzak beste nolabait egin nahiko lituzkeen norbait. Bakoitzak bere iritzia du, ez dago besterik.

Zelaiko jardunak, dena den, zale guztiak gogobetetzen ditu. Lider sendoa da taldea, eta ez zaio arrakalarik sumatzen.

Bai, baina hankak lurrean izan behar ditugu, oraindik 36 puntu gelditzen baitira jokatzeko. Eta begira zer gertatu den astebetean: azken-aurreko partidaren atsedenean, puntu bakarrera genuen Malaga, eta bederatzira dugu orain. Ezin gaitezke erlaxa, Bigarren Maila tranpaz josita baitago.

Gauzak asko aldatu dira aurreko sasoitik honetara, eta ez bakarrik emaitza aldetik. Jagoba Arrasatek estilo askoz ere erasokorragoa ezarri du, eta biziki eskertu dute zaleek.

Bai, bizia eta ausarta da Jagobaren estiloa, eta denei etorri zaie ongi, bai zaleei eta bai jokalariei. Iragan sasoian, estilo defentsiboagoa genuen, eta gutxiago gozatzen genuen.

Ikusitakoa ikusita, orain akatsa iruditzen zaizu Diego Martinez entrenatzaile kontserbadorea fitxatu izana?

Inondik inora ez. Diego oso entrenatzaile ona dela deritzot; hor dago Granadan egiten ari den lana, adibidez. Hemen, bere estiloak ez zuen balio izan harmailarekin lotura ezartzeko, baina ez dugu uste porrota izan zenik. Oso eskertuta gatzaizkio Diegori hemen egindako lan eskergarengatik.

Arrasate beste sasoi baterako berritzea erabaki duzue. Ez zegoen kontratu luzeagoa egiteko aukerarik?

Bi aldeak erosoago sentitzen gara epe laburreko kontratu batekin. Urtez urteko formularen alde egin arren, Jagoba Osasunan luzaroan egotea nahi dugu. Lehen Mailara igoz gero, lotua genuen jada, kontratua moldatu behar izan gabe, baina orain arteko lana aitortzeko, sasoia bukatu aurretik berritu diogu kontratua.

Gizonezkoen taldea ez ezik, emakumezkoena ere bikain ari da. Lehen Mailara igotzeko aukera du, eta, berriki, sekulako festa bizi izan zuen Sadarren.

Oso pozik nago. Gu heldu ginenean, Osasunak ez zuen emakumezkoen talderik, eta apustu irmoa egitea erabaki genuen. Aurrez egindakoaren fruituak biltzen ari gara denboraldi honetan. Oro har, hazten ari da emakumezkoen futbola, berriki hainbat futbol zelaitan ikusi diren irudiek erakusten dutenez.

Zer plan duzue emakumezkoen egitura indartzeko?

Sasoi honetan, gutxienez Lehenengo B Mailara igotzea nahi dugu. Lehen Mailara igotzea polita litzateke, baina ziurrenik aurrekontu handiegia eskatuko liguke. Ez genuen aurreikusten koska hori horren azkar igotzea. Hori bai, dena aztertu eta hitz egin daiteke, eta ez dugu mugarik jarri. Kluba zer egoeratan dagoen eta gorengo mailan lehiatzeak zenbateko kostua duen ikusi beharko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.