Ozeanoz bestaldean da futboleko euskal selekzioa, azken aldiz hori egin eta hamabi urte geroago—Venezuelan aritu zen 2007an—. Panaman jokatuko du bihar goizaldean (03:00), etxeko selekzioaren aurka, hiriburuko Rommel Fernandez estadioan. Selekzioaren aro modernoko 34. neurketa izango da.
Zortzi hilabete eskas joan dira selekzioak azkenekoz jokatu zuenetik. Joan den urriaren 12an izan zen, Mendizorrotzan. 4-2 irabazi zion Venezuelari. Zelaian ez ezik, zelaitik kanpo ere egon zen berri onik, aspaldiko partez giroa egon baitzen harmailan. Bazegoen horren beharra, oso tristea izan baitzen itxura bi urte lehenago Marokoren aurka San Mamesen jokatutako neurketan: ia hutsik egon zen harmaila.
Izan da selekzioari lotutako berririk Gasteizen jokatutako azkeneko neurketa horretatik. Joan den abenduaren 12an Durangon (Bizkaia) egindako batzarrean, Euskadiko Futbol Federazioak ia aho batez erabaki zuen Nazioarteko (FIFA) eta Europako (UEFA) federazioei eskatzea eskubide osoko kide gisa onartua izatea. Hurrengo egunean etorri zen Luis Rubiales Espainiako Federazioko presidentearen erantzuna. «Erabat gauzatu ezina da eskaera hori», esan zuen. Ordutik, ez da berririk egon.
Urte hasieran, berriz, BERRIAk jakin zuen Euskadiko Federazioak Javier Clementeri eskaini ziola hautatzaile kargua. Bi hilabete geroago baieztatu zuen albistea federazioak: teknikari barakaldarrak hartuko zien lekukoa Mikel Etxarriri eta Jose Mari Amorrorturi. Hala, Clementek bihar zuzenduko du estreinakoz euskal selekzioa.
Ez da Clemente euskal selekzioarekin debuta egingo duen bakarra. Izan ere, hautatzaileak osatutako deialdiko hamazazpi jokalarien erdiek baino gehiagok jantziko dute lehen aldiz selekzio nagusiaren elastikoa. Bederatzi dira guztira: Iago Herrerin, Aitor Fernandez, Aihen Muñoz, Unai Bustinza, Jesus Areso, Daniel Vivian, Gaizka Larrazabal, Iñigo Vicente eta Asier Villalibre. Oso deigarria da zerrenda, azken bost jokalariak Athletic B-koak baitira, eta Villalibrek bakarrik jokatu baitu partidaren bat Athleticen lehen taldearekin: zortzi lehia besterik ez, eta azkena duela bi urte. Inoiz ez zen ikusi halakorik euskal selekzioaren deialdi batean. Zenbait arrazoi tarteko, jokalari garrantzitsuak falta dira: Mikel Oiartzabal, Igor Zubeldia, Mikel Merino, Yuri Berchiche, Iñaki Williams eta Iker Muniain, besteak beste. Halaber, beste behin, ez dago Ipar Euskal Herriko jokalaririk. Aritz Adurizek, Mikel San Josek, Iñigo Martinezek, Mikel Balentziagak, Asier Illarramendik, Aritz Elustondok, Manu Garciak eta Javi Erasok osatuko dute deialdia. Haien artean Adurizek du eskarmenturik handiena, hamahirugarren partida jokatuko baitu. «Zazpi-zortzi jokalari falta izan zaizkigu, baina ahal zen selekziorik onena ekarri dugu, jokoaren maila galdu gabe. Ez naiz kexatzen falta direnez. Daudenak nabarmentzen ditut», esan du Clementek bezperan.
Lagunartekoa izanagatik, hautatzaileak garrantzia eman dio neurketari. «Euskal futbolak entitate propioa du. Beste herrialde batzuen aurka jokatu nahi dugu, ofizialtasuna lortzen dugunean prest egoteko».
Zazpi urte galdu gabe
Selekzioak itxura ona eman nahi du, eta bolada onari eutsi. Izan ere, zazpi urte pasatxo daramatza galdu gabe, 2011. urtearen amaieran San Mamesen Tunisiaren aurka 0-2 galdu zuenetik. Ordutik zazpi norgehiagoka jokatu ditu, eta bost irabazi ditu, eta bi berdindu.
Erronka zaila izango du oraingoan, Panamak serio hartuko baitu partida. Erdialdeko Amerikako selekzio hori buru-belarri ari da prestatzen ekainaren 15etik uztailaren 7ra AEBetan, Costa Rican eta Jamaikan jokatuko den Urrezko Kopa. Julio Dely Valdes jokalari ohiak 23 jokalariko deialdia osatu du. Tartean dira Jaime Penedo, Felipe Baloy, Blas Perez eta Luis Tejada. Lau jokalariok azken partida jokatuko dute, eta omenaldia egingo diete.
Panamak gorakada handia izan du azken urteetan. Hala, iaz, lehen aldiz sailkatu zen Errusiako Munduko Koparako. Ez zuen lehen ligaxka gainditu, hiru partidak galdu baitzituen. Egun, 74. postuan da FIFAren sailkapenean. Munduko Kopan aritu ziren sei jokalari daude euskal selekzioaren aurkako norgehiagokaren deialdian.
Berritasunez beteta
Euskal selekzioak Panaman jokatuko du bihar goizaldean. Javier Clementek lehen aldiz zuzenduko du taldea, eta bederatzi jokalari arituko dira estreinakoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu