Aurrelariek bereganatu dute arreta osoa azkeneko txapelketan: haiek egin dute distira lau eta erdikoan. Atzelariak, ordea, itzalean aritu dira lanean, haiek ere dir-dir egiteko aukera eduki zain.
Bukatu zaie itxaronaldia. Iritsi da haien txapelketarik kutunena: binakakoa. Luzeena ere bada, lau hilabete iraungo baitu: ostiralean hasiko da, Beasainen (Gipuzkoa), eta martxoaren 30ean jokatuko dute finala, Iruñean, Nafarroa Arenan.
Han aurkeztu dute gaur txapelketa. Han eman dute parte hartuko duten zortzi bikoteen berri. Hauek dira: Aspen, Jokin Altunak Aitor Arangurenekin jokatuko du. Ezohiko bikotea da, Altuna III.a Aspekoa baita, eta Aranguren, Baikokoa. Amezketarra Xabi Tolosarekin aritzekoa zen, baina atzelari anoetarrari ez zaio osatu eskuin eskumuturrean duen lesioa. Ziurrenik, ebakuntza egingo diote, eta denbora luzea emango du jokatu gabe. Hori ikusita, Aspek Aranguren uzteko eskatu dio Baikori, enpresa horrek ez baitzuen aukeratu atzelari aginagarra binakakoan aritzeko. Baikok eskaera onartu du, eta Aranguren utzita ariko da Aspen txapelketan. 2021eko binakakoan gertatu zen horrelako zerbait azkeneko aldiz: orduko hartan, Beñat Rezusta utzita aritu zen Baikon, eta Aimar Olaizolarekin jokatu zuen. Inaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak atzo azaldu zuenez, enpresako atzelari gazteak «heldu gabe daude oraindik».
«Igandean jakin nuen, eta ezusteko polita izan zen: alde handia dago kanpoan geratu edo Jokinekin jokatu. Ilusioa pizten dit»
AITOR ARANGURENBaikoko pilotaria
Hauek dira Asperen beste hiru bikoteak txapelketan; Peio Etxeberriak Julen Martijarekin jokatuko du; Aitor Elordik, Jose Javier Zabaletarekin; eta Joseba Ezkurdiak, Rezustarekin. Baikon, berriz, Unai Laso Martxel Iztuetarekin ariko da; Erik Jaka, Ander Imazekin; Jon Ander Peña, Jon Ander Albisurekin; eta Iñaki Artola, Jon Mariezkurrenarekin.
Berriak dira bikote gehienak, zortzitatik bost lehen aldiz ariko baitira elkarrekin binakakoan: Altuna III.a eta Aranguren; Peio Etxeberria eta Martija; Ezkurdia eta Rezusta; Laso eta Iztueta; eta Jaka eta Imaz. Beste hiru bikoteak, berriz, elkarrekin jokatutakoak dira: Peña II.ak eta Albisuk laugarrenez egingo dute bikote; eta Elordik eta Zabaletak, eta Artolak eta Mariezkurrena II.ak, bigarrenez. Hain zuzen, Elordik eta Zabaletak txapela irabazi zuten 2021ean hasi eta 2022an bukatu zen binakakoan.
«Pena hartu nuen Tolosarengatik, baina gustura ariko naiz Arangurenekin. Lan ona egin dezakegu»
JOKIN ALTUNAAspeko pilotaria
Aldaketa bakarra dago pilotarien artean azkeneko binakakoaren aldean: Iztueta ariko da Tolosaren ordez. Baikok aurreko astean jakinarazi zuen atzelari tolosarra aurreneko aldiz ariko dela Lehen Mailako binakakoan. 20 urte besterik ez du, eta bi urte daramatza profesionaletan. Jauzia egin du azken urtebetean. Adibidez, Bigarren Mailako azken binakakoa irabazi zuen Asier Agirrerekin. Txapel horrek bi sari izan zituen: lehena, Mastersa jokatzea, hau da, udako txapelketarik luzeenean aritzea; bestea, berriz, beste hiru urterako berritzea, 2027ra arte. Atzelariak lan ona eginez eskertu zuen Baikok erakutsitako konfiantza. Hala, Mastersaren txapeldunorde izan zen Jokin Altunarekin. Jaialdiko partidetan ere ondo aritu da, eta horren ordaina jaso du: binakako nagusia jokatzea.
Lehiaketa sistema bera
Azken bi ekitaldien lehiaketa sistemari eutsi diote. Lehenbizi, hamalau jardunaldi jokatuko dituzte, bi itzulitan banatuta. Lehen bi bikote sailkatuak zuzenean pasatuko dira finalerdietako ligaxkara. Hurrengo lau sailkatuek, berriz, kanporaketa jokatuko dute: hirugarren sailkatua laugarrenaren aurka ariko da, eta bosgarrena, seigarrenaren kontra. Hirugarrenaren eta laugarrenaren arteko neurketan garaile ateratzen dena zuzenean sailkatuko da finalerdietako ligaxkarako. Dena dela, partida hori galtzen duenak beste aukera bat izango du: bosgarrenaren eta seigarrenaren artekoan irabazi duenaren kontra jokatuko du. Hortaz, orduan erabakiko da zer beste bikote sailkatuko den.
Aurrera egiten duten lau pilotariek zain izango dituzte aurretik sailkatutako beste bi bikoteak. Lau bikoteek hiru jardunaldiko ligaxka bat jokatuko dute, eta bi onenak finalerako sailkatuko dira. Bi asteko tartea izango da finalerdietako ligaxkako azken partidatik finalera.
«Oso polita da hemen egotea. Gainera, bikote ia ezin hobea jarri didate: Unai. Ondo aritu gaitezke»
MARTXEL IZTUETABaikoko pilotaria
Hauek izango dira lehen jardunaldiko neurketak: ostiralean, Beasainen, Ezkurdia eta Rezusta ariko dira Elordiren eta Zabaletaren aurka; larunbatean, Eibarren (Gipuzkoa), Altuna III.a eta Aranguren Peio Etxeberriaren eta Martijaren kontra; egun berean, Lizarran (Nafarroa), Iker Larrazabal —Artola ez da osatu ezker izterreko lesioaz— eta Mariezkurrena II.a Lasoren eta Iztuetaren aurka; eta igandean, Basaurin (Bizkaia), Jaka eta Imaz Peña II.aren eta Albisuren kontra.
Ezusteko deia
Bai Altuna III.ak eta bai Arangurenek ezustean hartu zuten elkarrekin jokatuko zuten berri. «Igandean jakin nuen, eta ezusteko polita izan zen: alde handia dago kanpoan geratu edo Jokinekin jokatu. Ilusioa pizten dit. Ea txapelketa ona egin dezakegun. Mastersa jokatutakoa gara elkarrekin, eta ondo aritu ginen [finalerdiak jokatu zituzten 2021ean]. Baina binakakoan dena da zailagoa. Ez dut asko jokatu azkenaldian, eta, agian, hasieran kosta egingo zait pixka bat. Baina gogor egingo dut lan», azaldu du Arangurenek.
Altuna III.a, berriz, Tolosarekin gogoratu da. «Ostiralean esan zidan ez zuela jokatuko, eta pena hartu nuen. Gero, enpresak hasi ziren hizketan, eta atzo esan zidaten Arangurenekin jokatuko nuela. Gustura jokatuko dut harekin. Txapelketa ona egin nahi dugu. Bikote ikaragarriak daude, baina lan ona egin dezakegu». Altuna III.ak ez zuen jokatu lau eta erdikoaren hirugarren eta laugarren posturako partida, mina baitzuen eskuin ukondoan. Gaur da joatekoa medikuarengana. Gustatuko litzaioke asteburuan jokatzea.
«Berriro jokatuko dut Elordirekin, eta oso pozik nago, aurreko aldian oso ondo moldatu baikinen elkarrekin»
JOSE JAVIER ZABALETAAspeko pilotaria
Iztueta, berriz, «pozez gainezka» dago lehen aldiz binakako nagusiaren aurkezpenean egoteagatik. «Betiko ilusioa da horrelako txapelketa bat jokatzea, eta oso polita da hemen egotea. Gozatzen ari naiz azken egunetan. Itxaropena nuen jokatzeko, eta, zorionez, hemen nago. Gainera, bikote ia ezin hobea jarri didate: Unai [Laso]. Ondo aritu gaitezke».
Ondo ez, ikusgarri dabil Zabaleta azken urteetan binakakoan: hiru txapel lortu ditu azken lau urteetan. Bost ditu, Antxon Maizek, Julian Retegik eta Juan Martinez de Irujok bezala. Hau da, berriro irabaziz gero, txapel gehien duena bihurtuko litzateke. «Ez diot horri erreparatzen. Txapelketa ona egiteak axola dit bakarrik. Berriro jokatuko dut Elordirekin, eta oso pozik nago, aurreko aldian oso ondo moldatu baikinen elkarrekin. Bikote oso indartsuak eta orekatuak daude. Asko kostatuko da partidak irabaztea. Ondo nago, baina hobeto egon nahiko nuke. Denok nahi dugu hori».
BIKOTEAK
Aspe: Altuna III.a eta Aranguren; Ezkurdia eta Rezusta; Peio Etxeberria eta Martija; eta Elordi eta Zabaleta.
Baiko: Laso eta Iztueta; Artola eta Mariezkurrena II.a; Jaka eta Imaz; eta Peña II.a eta Albisu.
EGUTEGIA
Lehen ligaxka (azaroak 29-otsailak 16): Ostiralean hasiko da, Beasainen (Gipuzkoa). Hamalau jardunaldi jokatuko dituzte, eta lehen bi sailkatuak finalerdietara pasatuko dira.
Kanporaketa (otsailak 20 eta 21): Ligaxkako hirugarren sailkatuak laugarrenaren aurka jokatuko du, eta bosgarrenak, seigarrenaren kontra. Lehen partidako irabazleak finalerdietako ligaxkan ariko dira.
Bigarren aukera (otsailak 23): Hirugarren eta laugarren sailkatuaren arteko partida galtzen duenak eta bosgarrenaren eta seigarrenaren artekoa irabazten duenak jokatuko dute. Irabazlea finalerdietan ariko da.
Finalerdietako ligaxka (martxoak 1-16): Hiru jardunaldi jokatuko dituzte, eta lehen bi sailkatuak igaroko dira finalera.
Finala (martxoak 30): Iruñean, Nafarroa Arenan.