Selekzioengatik egiten den geldialdia amaitu ostean, hiru euskal taldek jokatuko dute gaur Espainiako Lehen Mailan. Hamargarren jardunaldiko partidak dira. Athleticek eta Osasunak aukera paregabea daukate liga hasiera onari jarraipena emateko, zaleen aurrean jokatuko baitute: zuri-gorriek Espanyol hartuko dute (14:00, Movistar La Liga), eta gorritxoek, Betis (16:15, DAZN). Txuri-urdinek, berriz, Gironan jokatuko dute (Herrialde Katalanak), 18:30ean (Movistar La Liga). Hiru puntuak bata bestearen atzetik biltzen hasi behar dute Europako postuetatik goizegi ez urruntzeko.
Osasuna da orain arte puntu gehien eskuratu duen euskal taldea. Hasiera bikaina izan du Vicente Morenok, zaleen aurrean batez ere. Etxean jokatu dituen bost partidetatik lau irabazi ditu, eta bat berdindu. Real Madrilek soilik lortu ditu Osasunak baino puntu gehiago etxean. Baina teknikaria ez da konformatzen horrekin, eta segida eman nahi dio Betisen aurka. Ez da aurkaririk egokiena, ordea. Lehen Mailara itzuli zenetik, gorritxoek galdu egin dute haren aurka Sadarren aritu diren azken bost neurketetatik hirutan. Batean berdindu egin zuten, eta beste batean, Osasuna nagusitu zen, duela bi denboraldi.
Denboraldia ondo hasteaz gainera, erietxetik ere albiste onak iritsi zaizkie gorritxoei. Kike Barjak sendagiria jaso du azken astean, eta taldekideekin batera aritu da. Hala ere, oraindik ez dago neurketa ofizialik jokatzeko moduan. Bestalde, Iker Muñoz osatzen ari zaio ezkerreko oineko bosgarren hatzean izandako haustura. Laster ariko da taldekideekin batera, eta, dena ondo bidean, baliteke hilabete bukaeran jokatzea berriro.
Athleticek puntu bat gutxiago eskuratu du orain arte Osasunak baino, baina aurreko sasoian baino okerrago ari da zaleen aurrean. Getafek eta Sevillak puntu bana atera zuten San Mamesetik, eta Atletico Madrilek irabazi egin zuen. Orain arte bi partida irabazi dituzte etxean zuri-gorriek, eta hirugarrena eskuratzeko aukera daukate gaur. Espanyol hartuko dute, Lehen Mailara igo berria den taldea.
Jokalariei dagokienez, zalantza asko ditu Athleticek gaurko neurketarako. Paredesek txartel gorria ikusi zuen azken partidan, eta zigortuta dago. Oihan Sancet, Yeray Alvarez eta Mikel Vesga min hartuta egon dira, eta lehenengoa bakarkako lanean aritu da aste osoan Lezaman. Iñaki Williams ere halaxe aritu da, Ghanako selekzioarekin jokatutako partidetatik itzuli ostean. Nico Williams eta Alex Padilla ere selekzioekin joan ziren iragan astean, baina biek itzuli egin behar izan zuten, min hartu eta gero. Hala ere, biak daude deialdian. Ez, ordea, Sancet. Okerrik ezean, Julen Agirrezabala atepera itzuliko da partida bateko zigorra bete ostean.
Taldean entrenatu ezinda
Realak, berriz, hasiera kaskarra izan du. Azken urteetan, bikain hasi izan du denboraldia Imanol Alguacilen esanetara, baina denboraldiaurre motzak eta jokalari garrantzitsuen galerak eragin handia izan dute taldearen egoeran. Bederatzi puntu besterik ez dute lortu txuri-urdinek, eta Europako postuetara hurreratzeko garrantzitsuak izango dira Gironan jokoan egongo diren hiru puntuak.
Halakoetan mesedegarriak izaten dira selekzioen partidengatik egiten diren etenaldiak. Baina Realarentzat, ordea, kalterako izan da. Hasieran, taldeko hamalau jokalari joan ziren, baina, azkenean, Espainiako selekzioak Sergio Gomez deitu zuen. Hortaz, lehen taldeko jokalari gehiago zeuden Zubietatik kanpo Zubietan baino; eta Imanolek ezin izan du entrenatu nahiko lukeen bezala.
Gironari aurre egiteko, Hamari Traore eta Arsen Zakharian faltako zaizkio Imanoli. Lehenak ia denboraldi osoa galduko du, lotailu gurutzatua apurtu duelako. Bigarrenak, berriz, gertuago dauka berriro aritzea. Hiru hilabete daramatza taldekideekin entrenatu gabe, baina azken astean itzuli da. Hala ere, deialdian sartzeko «goizegi» dela nabarmendu du Orioko teknikariak.