Berriro irribarretsu

Gimnastika Artistikoko Munduko Txapelketa hasiko da bihar, Dohan. Lehiaketa garrantzitsuena du Simone Bilesek, Rioko Jokoetan erakustaldia eman zuenetik. Atseden hartu eta 'Larry Nassar auziari' aurre egin dio tarte horretan. Sasoiko itzuli da.

Simon Biles, irribarretsu, joan den abuztuan Bostonen jokatutako AEBetako Txapelketa irabazi berritan. BERRIA.
Julen Etxeberria.
2018ko urriaren 24a
00:00
Entzun

Txikia da Simone Biles (Columbus, AEB, 1997), 1,45 metro besterik ez, baina handiak egin zalea. Balentria egin zuen duela bi urte, Rio de Janeiroko (Brasil) Olinpiar Jokoetan. Bost domina irabazi zituen gimnastika artistikoan: urrezkoa banakakoan, taldekakoan, lurrean eta jauzian, eta brontzezkoa barra finkoan. 60 urte ziren ez zuela emakumezko gimnasta batek halako uzta biltzen Olinpiar Joko bakar batean. Larisa Latinina izan zen azkena. Errusiarrak urrezko lau domina, zilarrezko bat eta brontzezko beste bat eskuratu zituen 1956an, Melbournen (Australia).

Ezta Nadia Comaneci handia ere ez zen gai izan Bilesek eginikoa lortzeko: errumaniarrak urrezko hiru domina, zilarrezko bat eta brontzezko beste bat irabazi zituen 1976an, Montrealen (Kanada). Comanecik lehen aldiz lortu zuen hamarreko nota bat Olinpiar Jokoetan. Hamarrekorik ez zuen lortu Bilesek Rio de Janeiron, baina sekulako erakustaldia eman zuen, errumaniarrak 40 urte lehenago emandakoaren parekoa.

Berehala hasi zen jendea biak alderatzen. Oso antzekoak ziren zenbait gauzatan; adibidez, biek izan zuten nerabezaro zaila. Comaneciren gurasoak banandu egin ziren berak 9 urte besterik ez zuela, eta, Montrealdik bueltan, artean 14 urte besterik ez zituela, Nicu Ceaucescu, Nicolae Ceaucescu diktadoaren semearen abusuen biktima izan zen urte askoan. 1989an ihes egin zuen, eta AEBetan asiloa hartu. Bilesen gurasoak, berriz, alkoholaren eta drogen mendeko ziren, eta, horren ondorioz, harrera etxeetan bizi izan ziren zenbait urtez Biles eta haren anai-arrebak, aitona-amonek haien ardura hartu zuten arte. Garai horretan diagnostikatu zioten arreta defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua. Tratamenduan dago oraindik ere, eta, horregatik, baimen berezia du lehiatzeko. Hori guztia, hala ere, Rio de Janeirotik bueltan azaleratu zen, WADA Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak zibereraso bat jasan ondoren.

Baina Comaneci eta Biles ez dira bi ur tanta bezalakoak: fisikoki, garaiagoa zen errumaniarra —1,55 metro—, eta trinkoagoa estatubatuarra —47 kilo, Comanecik baino zazpi gehiago; izateko eran, berriz, lotsatia zen Comaneci, eta nortasun handikoa Biles —horretan zerikusia zuen lehena 14 urterekin aritu zela estreinakoz Jokoetan, eta bigarrena, 19rekin—; azkenik, lehiatzean, dotorezia zuen makulu Comanecik, eta indarra Bilesek. Nor izan den onena? Comanecik argi du: «Bilesekin lehiatu izan banintz, seguru ipurdian ostikoa emango zidala».

Izar moduan itzuli zen Biles Riotik etxera. Hain handia izan zen egin zuena, ezen gai izan baitzen Michael Phelpsi eta Usain Bolti lerroburu batean baino gehiagotan tokia kentzeko. Phelpsek erretiroa hartu berri zuen Olinpiar Jokoetan 28 domina irabazita, horietatik 23 urrezkoak. Boltek, berriz, agur esan zien betirako Jokoei beste hiru urre irabazita. Bada, haien parean jarri zuten Biles. Haren irribarrea ikur bilakatu zen, eta aprobetxatu egin zuen. Bazter batean utzi zuen gimnastika, eta festaz festa, ekitaldiz ekitaldi eta hitzaldiz hitzaldi hasi zen.

Rion aritu ziren AEBetako taldeko gimnastak, elkarrekin eta ezin irribarretsuago. Irudi hori ospetsu egin zen. Baina horren atzean mina eta sufrimendua besterik ez zegoen. Aly Raismanek, Bilesen taldekideak, 2017ko azaroan salatu zuen selekzioko medikuak, Larry Nassarrek, sexu abusuak egin zizkiola. Ordurako espetxean zen Nassar, epaile batek 60 urteko kartzela zigorra ezarri baitzion haurren pornografia izateagatik. Raisman izan zen selekzioko kideen artean Nassar salatu zuen lehena, baina medikua Michigango Unibertsitatean (AEB) ere aritutakoa zen, eta han ere sexu abusuak egin zizkien ia 150 emakumeri.

«Orain jada ez dut beldurrik»

Raismanek egin bezala, Gabby Douglasek ere —Rion aritutako beste gimnasta batek— salatu egin zuen Nassar. Taldeko bi kide medikuaren biktima izan zirela kontuan hartuta, pentsatzekoa zen beste guztiak ere izan zitezkeela. Baina mutu zegoen Biles. Raismanek salaketa egin eta bi hilabetera hitz egin zuen, Nassarren epaiketa hastear zela. Txio bat idatzi zuen, eta bertan aitortu zuen Nassarren sexu abusuen biktimetako bat izan zela. «Gazte alai, irribarretsu eta energiaz betetakoa naiz askorentzat, baina azkenaldian jota sentitu naiz, eta, zenbat eta gehiago saiatu neure buruan ahotsa isilarazten, orduan eta ozenagoa da ahots hori. Jada ez dut beldurrik nire historia kontatzeko. Denbora luzean neure buruari galdetu diot ea inozoegia izan nintzen. Ea nire errua izan zen. Orain badakizkit erantzunak. Ez, ez zen nire errua izan. Ez dut Larry Nassarren, AEBetako Gimnastika Federazioaren eta beste batzuen erruaren zama eramango».

Bilesek hura aitortu eta hamar egunera iritsi zen Nassarren auziaren epaia: 40 eta 125 urteko zigorra bete beharko zuen. Ia 300 emakumek salatu zuten. Eraso horiek hogei urtean gertatu ziren, eta, orain, beste alde batera begiratu zutenen bila jo dute ikerketek. Izan ere, jakina da zortzi biktimak erasoen berri eman zietela gutxienez AEBetako Gimnastika Federazioko edota Michigango Unibertsitateko teknikari eta agintariei, eta ez zietela jaramonik egin.

Uztailean, epaiketa amaitu eta bost hilabetera itzuli zen lehiara Biles, AEBetako Klasikoan. Ia bi urte ziren ez zela lehiatu. Bost axola hari. Onena izan zen berriro. Ordutik beste bi lehiaketatan aritu da, AEBetako Txapelketan eta Munduko Txapelketarako sailkatze saioetan, eta guztietan nagusitu da. Ikusgarria izan zen AEBetako Txapelketan egin zuena, lehiatu zen guztia irabazi baitzuen, banakakoa eta lau diziplina. Oso atzean utzi zuen Morgan Hurd munduko txapelduna.

Indartsu itzuli da Biles, eta oso ausart egin beharreko ariketak aukeratzerakoan: ikusgarriak bezain zailak dira. Baina inork egin baldin baditzake, berak egin ditzake. Bihartik aurrera izango dira horiek guztiak ikusteko aukera, Dohan, Munduko Txapelketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.