Futbol egutegia horren trinkoa izateak gauza txar asko ditu, baina baita onak ere. Jokalarientzat, adibidez, partida bat galdu ostean, egun gutxira dute hurrengoa. Berehala dute ilusioa berritu eta emaitza txar horri buelta emateko abagunea. Hala gertatu zaio Realari. Natalia Arroyoren taldea Espainiako Kopatik at geratu zen duela astebete, Atletico Madrilen aurka 0-2 galdu ostean. Igandean ere galdu egin zuen Valentziaren zelaian: 2-1. Hala, zertxobait gehiago aldendu zaizkio Txapeldunen Ligako postuak. Baina, gaur, final baterako sailkatzeko aukera izango du, titulu bat irabazteko partida erabakigarri bat jokatzeko ilusio hori berriz izateko. Izan ere, Espainiako Superkopako finalerdia jokatuko du Sporting Huelvaren kontra, Meridan (Espainia). Gaurko partida mugarri izatea nahi dute jokalariek, berriro ongi sentitzeko. Irabazten badute, igandean jokatuko dute finala, 12:00etan, Bartzelona-Real Madril finalerdia irabazten duenaren aurka. Neurketa hori bihar jokatuko da 18:30ean. Jokalariak gogoz eta ilusioz dira.
Gemma Gili jokalariak onartu duenez, taldea ez dago boladarik onenean. «Azken bi partidak kolpea izan dira. Baina gai izan behar dugu horiek ahaztu eta egindako gauza onei heltzeko. Hori ari zaigu kostatzen».
Gili taldean eskarmentu handien duten jokalarietako bat da, eta talaia horretatik aztertu du azken bi partidetan gertatutakoa. «Saiatu, ondo lan egin, eta gauzak ateratzen ez zaizkizunean kolpea izaten da. Taldea animoz une zail samar batean dago, eta uste dut egoera horri buelta ematean jarri behar dugula arreta. Izan ere, futbol ikuspegitik, multzoak maila eta talentu handia du». Bat dator horrekin Torre. «Zortea bizkar ematen ari zaigu, eta bi areatan ez gaude behar bezain sendo eta eraginkor. Baina ilusio handia dugu. Izan ere, taldea ondo ari da lanean, eta anbiziotsua da. Ziur nago berandu baino lehen jasoko ditugula lan horren fruituak»
Biek uste dute Superkopa jokatzeak mesede egiten diela. Hala azaldu du Gilik. «Ilusioa, eta emaitza nahiz sentipen onak izateko aukera guztiak egokiak dira. Ziur nago pare bat partida on eginez gero, egoera aldatu egingo dela, eta horretarako lehen aukera asteazkenean [gaur] dugu. Ez da nolanahiko partida, gainera, final baterako sailkatzeko aukera dugulako». Torreren ustez, txapelketa «erakargarria» da. «Egun gutxian titulu bat irabazteko aukera duzu, eta hori gutxitan gertatzen da. Halakoetan, egoerarik onena ez izan arren, txipa aldatu egiten da. Finalera iritsiz gero, edozer gerta daiteke».
Gaurko aurkaria, Sporting Huelva, aurkari «deserosoa» dela nabarmendu du Gilik. «Kosta egiten da hari irabaztea, are gehiago zerbait jokoan dagoenean. Hazi egiten da».
Hala, argi du non egon daitezkeen gaurko partidako gakoak: «Gu izan behar dugu, inoiz baino gehiago. Erasoan baloi jabetza izan behar dugu, eta eraginkorragoak izan aurkariaren ate aurrean. Defentsan, berriz, baloi galera inozoak saihestu behar ditugu».
Torrek ez du baztertu uneren batean joko zuzenagoa egitea ere. «Taldeak baditu horretarako baliabideak eta gaitasunak, eta aprobetxatu egin behar ditugu. Batez ere baloi jabetzarekin ez bagaude fin».
Aurkariaren inguruko xehetasun gehiago ere eman ditu. «Talde landua da. Buruz burukoetan indartsuak dira, eta oso trebeak bigarren jokaldiak irabazten». Eta ondorengoa erantsi du. «Zelaia belar naturalekoa da, eta haiek jokaleku ohi dutena baino handiagoa. Horrek mesede egin diezaguke».
Denboraldi honetan Ligako lehen itzulian jokatu zuten bi taldeek elkarren kontra. Huelvan izan zen, eta Reala 0-2 gailendu zen. Amaiur Sarriegik eta Synne Jensenek sartu zituzten golak. Ikusteko dago gaurko neurketari begira nolako hamaikakoa zelairatzen duen Arroyok, eta aldaketak egiten ote dituen igandekoarekiko. Ziur asko, Gemma Gili hasieratik arituko la. Eta baliteke Ana Tejada ere hamaikakora itzultzea. Zalantza nagusia atean egongo da. Teknikariak Adriana Nanclares eta Elene Lete txandakatu ditu sasoi osoan.
REALA-SPORTING HUELVA
Reala. Nanclares; Le Guilly, Tejada, Vanegas, Bernabe; Iris Arnaiz, Gaby; Gemma Gili, Nerea Eizagirre Amaiur eta Jensen.
Sporting Huelva. Arhust; Kuhn, Pachu, Ana, Balleste, Carrasco; Balzerzak, Castello, Edgren; Simonsson eta Agustsdottir.
Epailea. Dolores Martinez.
Lekua. Jose Fouto (14.537 ikusle).
Ordua: 18:30 (Teledeporte).