Jagoba Arrasatek egin du lehen deialdia euskal selekzioko hautatzaile gisa, eta berrikuntza asko daude tartean. Euskal Herritik kanpo ari diren bost jokalari deitu ditu larunbatean San Mamesen Uruguairen aurka jokatzeko: Ivan Martin Gironatik (Herrialde Katalanak); Oier Zarraga Udinesetik (Italia); Martin Agirregabiria Famaliçaotik (Portugal); Alvaro Djalo Sporting Bragatik (Portugal); eta Roberto Torres Gol Gohar Sirjanetik (Iran).
Bost horiekin batera, Espainiako Lehen Mailako lau euskal taldeetan ari diren hamabost jokalari sartu ditu deialdian Arrasatek. Athleticekoak dira gehienak, sei; beste hiru Realekoak dira, Osasunakoak beste hiru, eta Alavesekoak beste hiru.
Arrasatek ezin izan ditu deitu hainbat jokalari, selekzioen partidak jokatuko baitira datozen egunetan, baita Espainiako Bigarren Mailakoak ere.
Uruguaik ere eman du deialdiaren berri, eta Marcelo Bielsak multzo indartsua osatu du larunbateko partidarako. Besteak beste, deialdian dira Ronald Araujo, Facundo Pellistri, Fede Valverde, Lucas Olaza, Manuel Ugarte eta Giorgian de Arrascaeta.
EUSKAL SELEKZIOAREN DEIALDIA
Atezainak: Aitor Fernandez (Osasuna) eta Julen Agirrezabala (Athletic).
Atzelariak: Andoni Gorosabel (Alaves), Martin Agirregabiria (Famaliçao), Aritz Elustondo, Jon Pacheco (Reala), Unai Garcia (Osasuna) eta Imanol Garcia de Albeniz (Athletic),
Erdilariak: Dani Garcia, Mikel Vesga, Adu Ares (Athletic), Jon Moncayola (Osasuna), Ander Gebara, Alex Sola (Alaves), Jon Ander Olasagasti (Reala), Oier Zarraga (Udinese), Ivan Martin (Girona) eta Roberto Torres (Gol Gohar Sirjan).
Aurrelariak: Alvaro Djalo (Sporting Braga) eta Asier Villalibre (Athletic).