Berriak eta betikoak

Gaur jokatuko dituzte finalerdiak Roland Garrosen: Barty-Anisimova, Konta-Vondrousova, Djokovic-Thiem eta Federer-Nadal dira lehiak

Amanda Anisimova, pozarren, Simona Halep iazko txapelduna kanporatu berritan. 17 urte besterik ez ditu. JULIEN DE ROSA / EFE.
Julen Etxeberria.
2019ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Egun lasaia izan zuten atzo Parisen, Roland Garrosen. Lasaia, aurreko egunetan ez bezala, ez zuelako euririk egin, eta norgehiagoka guztiak jokatu baitziren. Lau nabarmentzen ziren guztien artean: emakumezkoen mailako final-laurdenetako bi partida eta gizonezkoen mailako beste bi. Simona Halep eta Amanda Anisimovaren artekoa eta Madison Keysen eta Ashleigh Bartyren artekoa jokatu ziren aurrena. Aurrenekoan, ezustea izan zen, Anisimovak erraz irabazi baitzion txapeldunari: 6-2 eta 6-4. 17 urte besterik ez ditu estatubatuarrak —18 egingo ditu aurki—, eta aurtengo ekitaldira arte ez zuen irabazi Parisen —bigarrenez ari da—.

Anisimovak Barty izango du aurkari finalerdietan. Australiarrak espero zena bete zituen, eta 6-3 eta 7-5 hartu zuen mendean Keys. Johanna Konta britainiarrak eta Marketa Vondrousova txekiarrak jokatuko dute beste finalerdia. Barty da lau tenislariren artean zerrendabururik onena, zortzigarrena. Konta, berriz, 26.a da. Anisimova eta Vondrousova, aldiz, ez dira zerrendaburuak. Aspaldian ez ziren iritsi horren ranking apaleko lau tenislari Grand Slam bateko finalerdietara. Baina merezita iritsi dira, eta Anisimovak eta Vondrousovak —19 urte ditu— erakutsi dute etorkizunean zeresana emango dutela.

Emakumezkoetan gertatutakoaren kontrakoa jazo zen gizonezkoetan: ez zen egon ustekabekorik. Novak Djokovic serbiarrak 7-5, 6-2 eta 6-3 irabazi zion Alexandre Zverev alemaniarrari, eta Dominic Thiem austriarrak 6-2, 6-4 eta 6-2 Karen Khatxanov errusiarrari. Hala, lehen lau zerrendaburuak ariko dira finalerdietan: Roger Federer-Rafa Nadal eta Djokovic-Thiem. Gaur dira jokatzekoak lau finalerdiak, euria egiten ez badu.

Frabice Martin, finalera

Bestalde, Fabrice Martin tenislari baionarrak binakako finala jokatuko du. Martinek eta Jeremy Chardy frantziarrak 7-5 eta 6-4 irabazi zieten atzo Juan Sebastian Cabal eta Robert Farah kolonbiarrei. Finalean, Kevin Krawietz eta Andreas Mies alemaniarrak izango dituzte aurkari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.