Berri on bat, azkenean

Euskal Herriko Itzulia jokatuko da estreinakoz datorren sasoian, maiatzaren 14tik 16ra. Julian Eraso «pozik eta ilusioz» azaldu da

Amanda Spratt, iaz Amasan amaitu zen Emakumeen Birako etapan lortutako garaipena ospatzen. JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
«Azken hiru hilabeteetan jakinarazi behar izan ditugun albiste txarren ondoren, bazen berri on bat emateko garaia». Julian ErasoEuskal Herriko Itzuliko zuzendariak pozik hartu du datorren urteko emakumezkoen egutegian UCIk Euskal Herriko Itzulia sartu izana. Lasterketa maiatzaren 14tik 16ra jokatuko da, ostiraletik igandera, eta World Tour izendapena izango du.

Itzuliak hiru etapa izango ditu, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errepideetatik igaroko da. Azken lurralde horretan amaituko da lasterketa; Donostiako Klasikoa ordezkatuko du. Izan ere, hurrengo sasoian ez da emakumezkoen Klasikoa jokatuko.

Aurten World Tourreko lasterketarik ez da izango Euskal Herrian. «Zaleek merezi dute berriro ere emakume txirrindulari onenak ikustea. Ilusioz gaude lasterketa hau antolatu ahal izateagatik», adierazi du Erasok.

Hala, Emakumeen Biraren lekukoa hartuko du Itzuliak. 32 urtez jokatu zen lasterketa, eta urte batzuetan World Tour izendapena izan zuen. Urtero, maiatzean, nazioarteko tropeleko talde eta txirrindulari onenak biltzen zituen. Azken urteetan, ordea, gorabehera asko izan zituen antolakuntzak proba aurrera eramateko, bai ekonomikoki eta bai azpiegitura aldetik. Iaz, gainera, berriro ere World Tour izendapena galdu zuela jakin zuen. Hala, aurten ez antolatzea erabaki zuen. Beraz, berriro ere azken hiru hamarkadetan udaberrian ohikoa zen irudia ikusiko da Euskal Herriko errepideetan, Itzuliarekin. Egutegiko beste bi itzuli nagusiak Italiako Giroa eta Le Course izango dira. Lehenengoa, uztailaren 2tik 11ra korrituko da, eta bigarrena, uztailaren 28an.

Gaviria, nagusitasunez

Burgosko Itzuliko bigarren etapa jokatu zen atzo, eta Fernando Gaviriak (UAE) irabazi zuen, esprintean. Lehen euskal herritarra Jon Aberasturi (Caja Rural) izan zen. Bosgarren sailkatu zen, irabazlearen denbora berean. Felix Grossschartnerrek (Bora) segitzen du lider. Bigarren da Aberasturi, zortzi segundora.

Etapa hasi eta gutxira, eraso ahalegin batzuk izan eta gero osatu zen eguneko ihesaldia. Bertan ziren Riccardo Verza (Kometa), Joel Nicolau (Caja Rural), Angel Fuentes (Burgos), Alessandro Fedelli (Nippo) eta Kiko Galvan (Kern Pharma). Ez zuten lau minutu baino gehiagoren abantaila izan. Haize babesen beldur, tropela bizi joan zen, eta, pixkanaka, iheslarien aldeak gutxituz joan ziren.

25 kilometro falta zirela harrapatu zituzten Verza eta Fuentes, eta ondoren gainerakoak. Borak eta Nippok arazorik gabe kontrolatu zuten lasterketa, eta azken kilometroetan apur bat jaitsi egin zen erritmoa. Azken metroetan eroriko bat izan zen, baina aparteko gorabeherarik ez zuen eragin. Gaviriak aise irabazi zuen.

Lasterketa amaieran pozik zen Gaviria, eta irten gabe geratu ziren hiru taldekideak izan zituen gogoan: Sebastian Molano, Cristian Muñoz eta Camilo Ardina.Hirurek Burgosko (Espainia) hotel batean geratu behar izan zuten itxita, koronabirusaren PCR proban positibo eman duen pertsona batekin kontaktua izan zutelako duela egun batzuk.

Gaur, itzuliko hirugarren etapa jokatuko da: bosgarrenarekin batera, aldi honetako gogorrena. Sargentes de La Loratik abiatuko da, eta Picon Blanco lehen mailako mendatean amaituko da. 7,8 kilometroko luzera du gainak, eta %9,3ko pendiza. Faboritoek muturra agertzea espero da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.