Vuelta Euskal Herrian sartu da gaur, eta Arabako lurretan garaipen ikusgarria lortu du Urko Berradek (Kern Pharma). Lasterketako 18. etapak Gasteiz eta Maeztu lotu ditu, eta txirrindulari iruindarrak maisuki errematatu du eguneko ihesaldia. Arrakastaren arrastoan zebilen; bosgarren izan zen 11. etapan. Gaur, ordea, menderaezina izan da. Aurrenekoz altxatu ditu besoak profesional gisa, eta aurtengo Vueltako hirugarren garaipena eman dio taldeari. Kern Pharmaren aparraldiak ez du etenik. Gaur lau txirrindulari sartu ditu ihesaldian, eta Pablo Castrilloren balentrien ondotik, Berraderi egokitu zaio loria dastatzea.
Oier Lazkano (Movistar) eta Ion Izagirre (Cofidis) ere irabazteko borrokan sartu dira, baina Berraderen itzalean gelditu. Seigarren eta zazpigarren postuan bukatu dute etapa, hurrenez hurren. Garailea baino lau segundo geroago helmugaratu dira, beste bost ziklistarekin batera. Multzo horretan, Mauro Schmid (Jayco) eta Pau Miquel (Kern Pharma) izan dira azkarrenak. Hots, etapako lehen postua eta hirugarrena eskuratu ditu Juanjo Orozek zuzendutako taldeak.
Mikel Landarentzat (Soudal), berriz, etxeko etapa gurutze bide bilakatu da. Aurkariei jarraitu ezinik gelditu da Herrerako mendatean, eta atzerapen handia izan du azkenerako: hiru minutu baino gehiago galdu ditu gainontzeko faboritoekin alderatuta. Oso motel erreakzionatu du haren taldeak, eta beranduegi iritsi zaio laguntza arabarrari. Podiumean sartzeko hautagaia zen, baina aukerarik gabe gelditu da gaur: bosgarren postutik hamargarrenera jausi da. Ben O’Connorrek, berriz, eutsi egin dio lidergoari, ataka larrian jarri duen arren Richard Carapazek (Education First) Herreran eginiko erasoaldiak.
Euskaltel taldeak ere ahazteko moduko eguna izan du. 42 txirrindulariko multzo batek aurrera egin du lehen 50 kilometroen ostean, eta trenak ihes egin dio Euskalteli. Hiru taldek bakarrik huts egin dute, eta maillot laranja izan da lasterketa buruan agertu ez direnetako bat. Jokoz kanpo gelditu ostean, itsu-itsuan saiatu da Euskaltel egoera iraultzen. Tropelean gogotik tira egin du, ihesaldira ahalik eta gehien hurbiltzeko. Eta behin Rivas de Teresoko igoerara iritsita, aurrera bidali ditu Gotzon Martin eta Mikel Bizkarra. Minutu bateko atzerapena zuten abiatu direnean, baina, luze saiatu arren, ez dira gai izan lasterketa burukoekin bat egiteko.
Kern Pharmak, berriz, Berrade, Miquel, Unai Iribar eta Pablo Castrillo bidali ditu aurrera. Izagirre eta Lazkano ere adi ibili dira, etxeko etapari zukua atera nahirik. Oso aurkari txarrak zituzten: Marc Soler (UAE), Aleksandr Vlasov (Bora), Jhonatan Narvaez (Ineos), Max Poole (DSM) eta Mattia Cattaneo (Soudal), besteak beste.
Herrera zen eguneko zailtasun nagusia, eta han xehatua hartu dute bai ihesaldikoek, baita tropelak ere. Aurrean hamahiru txirrindulari nabarmendu dira, Cattaneok sagarrondoa indarrez astindu ondotik. Hiru Kern Pharmakoak ziren; Iribar izan da galbahea gainditu ez duen bakarra. Izagirrek eta Lazkanok hortzak estutu dituzte, eta aurrean iraun. Onenen artean, berriz, brastakoan apurtu du bakea Carapazek. Ekuadortarra gogor oldartu da, eta Landa izan da kaltetu nagusia. Ehunka aldiz igoa izango du Herrera, baina gutxitan sufrituko zuen gaur bezainbeste. O’Connorrek, berriz, doi-doi eutsi dio.
Soudalen jokaera harrigarria
Herrera gainditu ostean, Landak tarte luzeegia egin du bakarrik. Ihesean aukerarik gabe geldituta zeuden Casper Phillipsen eta Mauri Vansevenant, eta beranduegi iritsi dira taldeburua laguntzera. Hori gutxi ez, eta Cattaneo geldiarazi egin du Soudalek, irabazteko aukera izan arren. Ordurako ezin zion askorik lagundu Landari. Baten sufrikarioa, bestearen gozamena: helmugatik 6,5 kilometrora Steven Kruijswijken (Visma) eraso bati erantzun dio Berradek, eta bakarrik abiatu da segidan. Kern Pharmak bikain baliatu du kopuru nagusitasuna, eta iruindarrak ginga jarri dio taldearen estrategiari.
Bihar Logroñotik aterako dira txirrindulariak, eta Moncalvillo mendatean bukatuko dute etapa, 173 kilometro egin ondoren. Ibilbidea nahiko leuna da oro har, baina baliteke faboritoen borrokak eztanda egitea azken igoeran. Ziurrenik, O’Connorrek erantzi egin beharko du maillot gorria.