Apustu bat egin zuen Frantziak, eta ongi atera zaio. Fabien Galthiek iazko udazkeneko Munduko Koparen ondoren hartu zuen hautatzaile kargua, eta Sei Nazioen Torneorako selekzioa eraberritzea erabaki zuen. Eztabaida handia sortu zuen horrek, selekzioan urteak zeramatzaten hainbat jokalari kanpoan utzi baitzituen. Hiru jardunaldiren ondoren, Frantziak hiru partidak irabazi ditu, eta, hamarkada baten ostean, eskura du Sei Nazioen Torneoa, baita Grand Slama ere. Arrakasta horren berdeguneko lemazaina, gainera, euskal herritar bat da: Charles Ollivon senpertarra.
Gotzon Gomez errugbi entrenatzailea «benetan harritu» du Ollivonek torneoan egin duen lan onak. «Itxura deigarria du, indartsua eta argala aldi berean, eta ikusi da jendeak jarraitzen diola. Partidetan arreta jartzen badiezu baloi gabe egiten dituen gauzei, ikusten duzu dena egiten duela ondo». Baloia eskuetan duela erakutsi duen abilidadeari buruz, berriz, Gomezek uste du «agian» zerikusia izan dezakeela Ollivonek gazteagoa zenean pilotan jokatu izanarekin. «Ezusteko handia izan da niretzat, eta poztekoa da aspaldiko partez hemen inguruko batek lidergoa hartzea».
Ollivonekin batera, bertze euskal herritar bat ari da elastiko urdinarekin, lapurtarra hura ere: Teddy Thomas miarriztarra. «Iaz ez zen oso fin ibili, baina oso tipo arina da, abildade handikoa, eta metro batzuk ematen badizkiozu...». Jacques Brunel hautatzaileak Munduko Kopatik kanpo utzi zuen Thomas, baina Galthiek Sei Nazioetarako berreskuratu du, eta hegaleko miarriztarrak ongi baliatu du Galthiek eman dion konfiantza hori, lehenbiziko hiru partidatan titular izan baita.
Selekzioko bi euskal herritarrek 26 urte dituzte. Galthieren zerrendako 42 jokalarietatik zaharrena Bernard Le Roux da: 30 urte ditu; eta hemeretzik ez zuten inoiz jokatua selekzio nagusiarekin. «Frantzia duela gutxi munduko txapeldun izan zen 20 urtez azpikoetan; hor ibilitako hainbati aukera eman diete, eta aprobetxatzen ari dira», azaldu du Gomezek.
Hain zuzen, nagusiek ez dute gazteen pareko arrakastarik izan hamarkada oso batean. 2010ean irabazi zuten Sei Nazioen Torneoa azkenekoz; Grand Slama lortuta, gainera. Aitzineko hamarkada hura guztiz arrakastatsua izan zen Frantziarentzat, bertze lau titulu irabazi baitzituen 2002 eta 2007 artean, horietako bitan partida guztiak irabazita. Gomezen ustez, gainbehera horren arrazoia Top14 ligaren ereduan dago. «Atzerritarrak lehenetsi zituzten frantziarrak baino lehenago. Ekarri zituzten hegoafrikarrak, australiarrak, samoarrak... oso jokalari onak, baina, kanpotik ekarrita, bertakoek ezin izan dute jokatu. Nik uste dut Galthiek egin duena dela begiratu nortzuk ari diren hazten eta nortzuk ari diren polito jokatzen; horiek sartu ditu, eta beste bizitasun bat eman dio».
Hautatzaileak hasiera-hasieratik lortu ditu emaitzak, lehenbiziko jardunaldian Ingalaterrari irabazi baitzioten Saint-Denisen, 24-17. Ingalaterra munduko txapeldunordea da, eta hura zen Sei Nazioak irabazteko faborito. Are gehiago kontuan hartuta Munduko Kopan Zeelanda Berria kanporatu zuela finalerdietan, ozeaniarrek hamahiru urte zeramatzatenean lehiaketa horretan partidarik galdu gabe. «Frantziak Ingalaterra harrapatu zuen, Ingalaterrak Zeelanda Berria harrapatu zuen bezala. Joko berdina egin zion, eta hori ez zuten espero».
Gero, Frantziak Italiari irabazi zion etxean, eta Gales iazko txapeldunari kanpoan. Galesek bloke berbera mantendu du, eta, Gomezen ustez, «nekatuta» ailegatu da munduko txapelketetatik. «Irlandari gertaturakoaren antzeko zerbait gertatu zaio. Horiek goi mailako 30 bat jokalari badituzte; Frantziak izan ditzake 50, eta Ingalaterrak, 80. Ez badituzu maila horretako jokalari asko, oso zaila da forma mantentzea». Liderrari falta zaio Eskozian jokatzea eta Irlanda hartzea. Gomezek uste du Frantzia faborito argia dela biei irabazteko.
Ingalaterra, guztiz nagusi
Emakumezkoen torneoan, berriz, aurten ere Ingalaterra guztiz nagusi da. Eskozia eta Gales zanpatu egin zituen (0-53 eta 50-0, hurrenez hurren), eta, bertze urte batez, Frantzia izan da hurbildu zaion bakarra (13-19 bukatu zen partida, Pauen). «Alde handia dago, eta dirua dagoen tokian nabaritu egiten da». Gomezek azaldu duenez, Ingalaterrak «benetako garrantzia» eman dio emakumezkoen selekzioari, eta «baliabideak» paratu dizkio. «Lortzen baduzu jokalariek denbora osoa errugbira bideratzea, soldata bat edukitzea eta gutxieneko baldintza batzuk izatea, hori nabaritu egiten da». Hala ere, uste du gainerako selekzioek ere bide bera hartuko dutela, ingelesei lehia egin nahi badiete. «Gizonezkoetan gauza bera pasatu zen». Euskal herritar bakarra ari da torneoan: Celine Ferer baionarra, Frantziako selekzioan.
Berpiztearen kapitaina
Frantziak eskura du Sei Nazioen Torneoa, baita Grand Slama ere, bi jardunaldiren faltan. 2010az geroztik ez du irabazi. Charles Ollivon senpertarrak garrantzi handia izan du lehen hiru partidetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu