Ruben Beloki. Asegarceko teknikaria

«Beroiz gutxietsi egiten dute. Ez zaio aitortzen bere jokoak duen meritua»

Enpresako atzelariak aztertzeko eskatu eta busti egin da. Aretxabaleta eta Beroiz goratu ditu, baita Albisu ere. Galarzari presioak asko eragin ziola uste du eta Begino aurreko mailara itzuliko dela garbi du.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Iruñea
2014ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Argal dago Ruben Beloki (Burlata, Nafarroa, 1974), ostegunero takoak jartzen ditu oraindik, eta ez zaio atzematen erretiroa hartu izana. Binakako Txapelketa kanpotik ikusten du orain. Teknikari postuan aholkuak ematen saiatzen da, eta botillero egokitzen zaionean sufritu egiten du. «Aholkuak ematen hasten zara: txapelketa nola kudeatu, eskuekin zalantzak dituztenean...». Ez dio uko egin enpresako atzelarien jardunari buruzko galdeketa.

Zer moduz ikusi duzu Aretxabaleta?

10eko nota atera du. 22 urterekin, lehen txapelketa... Olaizolarekin jokatzea egokitu zaio eta ondo konplitu du. Atzelari handia izan daiteke. Ez da Albisu bat izango, apurtzen duten horietako bat, baina oso langilea da eta buruz ere oso asentatuta dago. Oso lasaia da, asko harritu nau.

Planta oso ona du —1,95 metro luze da—, baina ez da menderatzaile bat.

Inoiz ez da jotzailea izango. Ez da Albisu edo Begino, baina ondo eusten dio pilotari eman eta eman aritzeari, kantxa ondo estaltzen du, eta oso langilea da.

Beroiz ere lehian dago oraindik.

Agian, ez dugu beste urte batzuetako sasoian ikusi, eskuetako arazoren bat izan duelako, baina oso ondo aritu da.Jendeak esaten du, «Beroiz pilota ondo ematen duen pilotari bat da...». Gehiago da, Beroizek eman egiten dio. Profesional mailako atzelari onenetarikoa da. Gutxietsi egiten dute, baina pilotari petoa da. Debutari batekin finalerdietan sartu da.

Gutxietsita diozu?

Ez zaio aitortzen bere joko mailak duen meritua, aurretik pilotari handiekin jokatu izan duelako, eta haien itzalean zegoen. Baina aurten ere finalerdietan da, Urrutikoetxearekin.

Hemendik aurrera, dena den, hobekuntza tarte gutxi duela dirudi.

Nik esaten diot bere helburua Lehen Mailan beste 10-12 urtez eustea dela, onenekin batera. Binakako txapelketaren bat irabazi eta manomanista jokatzea. Profesional mailako atzelari onenetarikoa da, ez du beste batzuen distirarik baina urte osoko balantzea eginez gero, irabazle bat da.

Albisu?

Txapelketa handia egin du. Ez da finalerdietan sartu, arrazoi askogatik: zorte txarra, Pablito ez zegoen bere sasoian... Nahi eta ezin izan da. Bera eta Merino II.a izan dira atzelaririk onenak.

Zerbait hobetzekotan, partida estuetako amaierak.

Egia da. Azken txanpa horietan, agian, behar baino pilotaren bat gehiago galdu du. Baina Pablo pixka bat hobeto egon izan balitz, arazorik gabe leudeke finalerdietan. Honezkero hasia da buruz burukorako pixka bat lanean, ea partidaren bat irabazten duen.

Zer pasatu zitzaion Galarzari?

Sasoiko zegoen, eta haren aldeko apustua egin genuen, baina presioak asko eragin dio. Ez zuen txapelketako urduritasuna kontrolatzen asmatu. Txapelketan sartzen asmatu egin genuen eta baita ateratzen ere.

Hitz egin al duzu berarekin?

Bai. Ia egunero, entrenamenduetan. Nik uste dut atera genuenean liberatu egin zela. Txapelketa luzea da, gogorra, eta, ongi ari ez zarenean gaizki pasatzen duzu. Baina, tira, esperientzia izan da berarentzat, eta orain beste maila bateko partidak jokatu behar ditu apurka konfiantza hartzeko. Bizitzan pasatzen zaizun guztiak irakasten dizu zerbait. Nire lehen binakakoa 19 urterekin eta Eugirekin jokatu nuen, eta partida bat bakarrik irabazi genuela uste dut. Gorriak ikusi nituen.

Begino hasieratik aritzeko ez hautatu izana ezustekoa izan zen.

Ez zen ari batere ondo jokatzen txapelketaren aurretik. Ordezko sartu denean lan ona egin du, estimulu bat izan da berarentzat eta orain ondo dabil. Nik uste dut Begino binakako txapelketara itzuliko dela. Urte gogorra izan du, uda ez zen ona izan, eta adina ere hor dago. Baina mentalizatua dago, eta txapelketa berarentzat ona izan da.

Gehiago eman dezake.

Bai, noski, duela bi urtera arte gure atzelaririk onena zen, eta beherakada izan zuen. Lehengo distirarik izan ez arren, sendotasuna erakutsi behar du kantxan. Aritz Begino da! Mentalki biguna da,eta berarekin lan egin behar da bere maila berreskuratu dezan.

Zabalak arazo asko izan ditu.

Kailuarekin erotzen ari da. Zorte oso txarra du. Tako gutxirekin jokatzen du, eta, kailua irekitzen bazaio, buruhauste handia da. Pilotari ona da, Lehen Mailako ordezkapenak egin ditzakeena, eta urteren batean txapelketan sartu daiteke. Ezkerra hobetu behar du, baina niri asko gustatzen zait.

Bigarren Mailakoan norbait nabarmenduko al zenuke?

Oso gaizki egon gara, oro har. Larunbek-eta arazo asko izan dituzte... Bolada oso txarra. Nire ustez, bi daude, Iza eta Untoria, arazo horiek atzean uzten badituzte... Bada Aretxabaletarekin pasa den bezala... Kalitate handia dute, eta une jakin batean Lehen Mailan muturra sar dezakete Olaizola II.a edo Bengoetxea VI.arekin jokatzeko. Baina horretarako jarraitutasuna behar dute, urtebete minik gabe, jokoa hartzeko.

Lemuno atzelari postuan ari omen da entrenatzen.

Gustatzen zaio, indartsua delako, eta atzelariekin gaizki ibiltzen garenez batzuetan atzean entrenatzen du. Baina ez gehiago, ez dut uste postu aldaketarik egongo denik, 25-26 urterekin oso zaila da. Ezinezkoa da. Orain, gainera, buruz burukora begira dago.

Buruz burukoa diozu; norbait berria nabarmentzerik?

Elezkano II.a sartuko da eta ea.Aspek Zabaleta du, Albisu... ea atzelariren bat agertzen den, azken urteetan ez baitugu partida bakar bat ere irabazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.