Frantziako Tourra. Xabier Artetxe. Ineos taldeko prestatzailea

«Bernalek askatasuna izan dezake, baina ez da itsutu behar»

Frantziako Tourra da Ineos taldearen helburu nagusia, eta hantxe izango da Artetxe. Liderra Geraint Thomas da, baina Egan Bernal ere ondo dago, eta inor gutxik bezain ondo ezagutzen du hura: «Onena izateko behar den guztia egiteko prest dago».

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Morga
2019ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Tourra hasi baino sei egun lehenago bildu zen Ineos taldea azken xehetasunak lotzeko. Besteak beste, automobilismo zirkuitu bat alokatu dute taldekako erlojupekoa lantzeko. Egonaldi horretan dago Xabier Artetxe (Larrabetzu, Bizkaia, 1978), eta Tourra taldearekin egingo du. Ineosen makineria ia perfektuaren pieza bat da, eta Egan Bernal hobekien ezagutzen duen prestatzaileetako bat.

Tourra hastear dagoen honetan, zein da zure ardura nagusia?

Prestatzaileok beti gaude urduri. Lasterketa garrantzitsu baten aurreko proba beti da erreferentzia puntu ona. Han probatzen duzu sasoia. Baina beti dago zalantza. Bernal Suitzan ondo ibili izan ez balitz, urduri geundeke, etaondo ibili delako ere bai. Ondoegi ibili delako eta sasoiari eutsiko dion ez dakigulako.

Azken zazpi Tourretatik sei irabazi dituzue. Ineosen, Tourra, dena da.

Lasterketarik garrantzitsuena da, eta, talde garrantzitsu bat izanda, ia-ia obligazioa da Tourra irabaztea. Sentipen hori dago taldean. Nahiz eta beste lasterketa batzuk irabazi, Tourra ez baduzu irabazten, iritzi orokorrak porrot gisa hartzen du denboraldia; guk, barnekook, baino gehiago. Baina nire ustez, ez da normala hainbeste Tour irabaztea. Irabaziko ez dugun urtea iritsiko da, eta horrek, bestalde, ona izan behar du. Zerhobetu dezakegun hausnartzeko balioko dugu, eta, era berean, txirrindularitzarentzat ona izan daiteke.

Ineos, beraz, dirudiena baino gizatiarragoa da?

Talde honen berezitasuna exigentzia profesional maila da. Dave Brailsford zuzendari nagusia erreferentzia bat da, hura da langileena, eta kutsatu egiten du bere izaera. Gure taldean inork ez digu esaten zer egin behar dugun, lan egiten uzten da. Profesionala denak ez du behar kanpotik estutu dezaten, norberak badaki zer eta nola egin behar duen.

Jonathan Castroviejok dio xehetasunak gehien zaintzen dituen taldea dela zuena.

Nik ez dakit talde guztiek nola egiten duten lan, baina kostatzen zait pentsatzea talderen batek hainbeste zain ditzakeenik.

Eredu bat jartzerik? Castroviekok, adibidez, aipatu zuen deigarria egiten zitzaiola Kolonbiara sukaldaria preseski eramatea aste bateko itzulirako eta entrenamendu saio batzuetarako.

Ez da bakarrik entrenamenduetan. Etapa bukatzean ere xehetasunak zaintzen dira: elikadura, loa, masajea, higienea... Elikaduran aurrerapausoak ematen ari gara, zer jan, zenbat jan. Loan, nola prestatu logelak, burukoak, koltxoiak [Tourrera kamioi batean eramaten dituzte hotelez hotel], aire girotua... Higiene arloan,esaterako, ez gaixotzeko, medikuen sailak agintzen du. Gure taldean, eskua ematea ia debekatua dago, elkar ez kutsatzeko. Eskuak garbitzeko xaboia nonahi dago: autoetan, busean, logeletan, bilera tokietan... ospitaleetan bezala. Orain, adibidez, eroriko asko izan ditugu. Erorikoen aldagai batzuk kontrola daitezke, beste batzuk ez. Bada, kontrola daitezkeen horiek lokalizatu eta ikertu egiten ditugu. Froomeren erorikoa, eta taldearen historiako beste batzuk, erlojupekoak ikuskatzen izan dira. Bada, hausnartzen eta ikertzen ari gara zer hobetu dezakegun, eta etorkizunerako protokolo bat estandarizatu erlojupekoen ikuskatzeak nola egin jakiteko. Eta Suitzan, esaterako, probatu dugu. Beti hobetzen saiatzen gara. Ikusi eta nabaritzen dugu beste talde batzuk gerturatzen ari direla, lehengo Skyren arrastoari jarraikiz. Eta hori ikusirik, gure nagusia beti ari da pentsatzen nola hobetu dezakegun.

Deigarria da zure kasua. Prestatzailea zara, eta urte erdia egiten duzu etxetik kanpo.

Bai, taldean ulertzen da prestatzailea dela txirrindulariarekin gehien lan egiten duena, hark ezagutzen ditu hobekien, eta harekin dute konfiantza gehien. Lasterketa handietan, txirrindularirik garrantzitsuenen prestatzaileak han egoten dira, zuzendari eta txirrindulariei laguntzeko. Guk ez dugu estrategia diseinatzen, baina gure informazioa kontuan izaten da estrategia diseinatzeko.

Chris Froome ez da Tourrean egongo eroriko larri batengatik. Izan al duzu harekin hitz egiteko aukerarik? Nola dago?

Ez dut hitz egin berarekin, baina inguruan dituenek diote moralki oso indartsu dagoela. Badakigu berrindartze prozesu luzea izango dela, eta jendearen ahotan dabilela ea sasoi betean itzuliko den ala ez. Froome eta berarekin dabiltzanak ezagututa, haren asmoa sasoi betean itzultzea da, eta bosgarren Tourra irabaztea. Helburu pertsonala jarri dio bere buruari, eta eroriko honengatik ez dio muzinik egingo.

Noiz itzuliko da?

Medikuek ezarriko dute, baina lesioa ikusita, bospasei hilabete izango dela uste dut.

Geraint Thomas izango da taldeko liderra, orduan?

Nahiz eta Egan Bernalek Suitzako Itzulia irabazi, ez da ahaztu behar irteera marran bi irabazle ohi egongo direla bakarrik, eta Thomas horietako bat dela. Errespetu osoa merezi du, eta bai, taldeburua izango da: esperientziagatik, denagatik... Hamargarren Tourra du; Bernalek, aldiz, itzuli handi bakarrean hartu du parte.

Haren inguruan galdetu aurretik aipatu duzu Egan Bernal. Urte bikaina darama: Suitzako Itzulia irabazi du, Paris-Niza ere bai...

Agerikoa den zerbait delako. Nire ustez, esango banu Bernal berriz ere Tourra nolakoa den ezagutzera doala, ez dakit norbaitek sinetsiko lukeen, edo gezurretan ibiltzea litzateke. Badakigu harenmaila zein den. Beste urte batzuetan ere joan izan gara bi taldebururekin, edota, lider bakarra izanda, beste txirrindulari bat babestu dugu. Geraint Thomasen iazko kasua hor dago. Suposatzen dut, plana zehaztu gabe dago, Egan babestu moduan joan daitekeela, eta ikusi beharko da noraino hel daitekeen. Gero, lasterketak jartzen du bakoitza bere lekuan, eta noiz edo noiz batek bestearentzat lan egin behar badu, zuzendariak erabakiko du.

Bernal lasai al dago?

Bai. Nik lasai egoteko esaten diot. Froomeren erorikoren ondoren askatasuna izan dezake, baina ez da horrekin itsutu behar.

Thomas lider joateak lagundu beharko lioke.

Bai, horregatik. Eta, gero, berak bere buruarengan nahiko ardura eta presio jartzen du. Presio hori kendu behar du, eta ardura bakarra izan behar du: ondo egotea.

Bernalek badaki bere izenak euskaraz esanahia baduela?

Bai, bai, badaki.

Noiztik ezagutzen duzu?

2017ko irail-urritik. Lehen aldiz etorri zenean, Gernika-Lumon [Bizkaia] egon zen bizitzen, nigandik gertu ibiltzeko. Tourrera joan aurretik, Morgan [Bizkaia] egon da, eta, Donostiako Klasikoko iazko erorikoaren ondoren, astebete izan nuen etxean logelatik atera gabe. Berez, alaia da, baina hainbeste exijitzen dio bere buruari...

Zerk egiten du hain bikain?

Gehien harritu nauena da hain gaztea izanda nolako heldutasuna eta fedea duen bere buruarengan. Lehen aldiz berarekin hitz egin nuenean galdetu nion: «Eta zuk noiz nahiko zenuke egon itzuli handi bat lehiatzeko moduan?». Eta berak erantzun zidan: «Hiru urte barru». 20 urte zituen! Andronin zegoen. Sky moduko talde batera etorri, eta 23 urterekin itzuli handi bat irabazteko lehian egon zaitezkeela pentsatzea... «Honek badu konfiantza», pentsatu nuen.

Eta asmatu egin zuen. Uste baino lehenago lortu zuen.

Bigarren urtean, Girora lider zihoan. Ni eta talde osoa harritu gaitu. Lehen urtean, itzuli handi bat probatzeko anbizioa zuen, eta Tourrera joan zen. Bere buruarengan fede handia du, eta beti dago nola hobetu dezakeen pentsatzen. Guztiaren zergatia jakin nahi du. Onena izateko nahia du, eta sakrifizio asko egiteko prest dago, egin beharreko guztiak. Gogoan dut maiatz hasieran lepauztaia hautsi zuenean, oraindik ospitaleko gelan zegoela, Tourra nola prestatuko genuen galdetu zidala. «Biharko ikusi nahiko nuke Tourrerako plana nola izango den», esan zidan.

Ebakuntza egin aurretik?

Bai. Erori zenean, bazekien Giroa galduta zegoela, handik astebetera zen. Ez zuen gehiago pentsatu Giroan, ez damurik, ez penarik. Bazekien ez zela joango, beraz, hurrengo helburua zuen buruan: Tourra. Bere galderak argiak ziren: Orain Tourra prestatu dezakegu? Nola? Eta presta badaiteke, zure ustez, zein litzateke planik hoberena? Hori, ospitaleko logelan.

Azken bi itzuli handietatik kanpo geratu da erorikoen erruz. Trebezia kontua al da?

Mundu guztiak gauza bera esaten du, eta ez nago batere ados. Hiru eroriko izan ditu profesionaletan, eta zenbat saihestu zitzakeen? Iaz bi, Katalunian eta Klasikoan, eta aurten, Giroaren aurretik. Iaz, Katalunian, Rojas erori zen, eta bera, atzetik. Klasikokoa, eroriko handi bat, nola saihestu dezakezu? Bere errua ez ziren izan. Andorrakoa, agian bai. Baina behin jausi da bere erruz. Eta jendea asko erortzearen ospea jartzen ari zaio, eta bizikleta gainean ikusten baduzu... Gidari oso ona da, mendiko bizikletatik dator, ondo kontrolatzen du bizikleta, tropelean oso ondo mugitzen da. Ez da baldarra.

Hobekuntza tarterik handiena erlojupekoan duela dirudi.

Arlo guztietan hobetu behar du. Bera igotzailea izanik, saiatu behar du munduko igotzaile onena izaten. Eta, igotzailea izanik, erlojupekoan erakusten ari den maila oso ona da. Bai, hobetu behar du, baina zoratu gabe. Bera igotzailea da, eta ez da inoiz Dumoulin, Froome edo Roglicen parean egongo erlojupekoan. Nahiz eta orduak eta orduak sartu. Garbi izan behar dugu nolako txirrindularia den, eta bidean ez zoratu lortu ez ditzakegun gauzekin.

Zer moduz dago Castroviejo? Hura ere erori egin zen.

Suitzan uste genuena baino hobeto egon da. Tourrerako prest dago. Iaz jendea oso pozik gelditu zen berarekin, eta hori lehen urtea zuela taldean. Ofizioa ezagutzen du, eta garbi du zein den bere rola. Suitzan erakutsi du, bera aurrean lanean zegoenean eskalatzaileak geratzen zituen, eta Castro ez da igotzailea. Oso konpletoa da, mendian maila ematen du, eta erlojupekoan lehiakorra da. Taldekako erlojupekorako txirrindulari klabea da. Beste talde batean balego, edo beste mentalitate bat balu, World Tourreko lasterketetan lehen hamarren artean sartzeko lehian legoke.

Hainbesterako bai?

Suitzan, lanera joanda, eta erlojupekoa lehiatu gabe, hamabosgarren bukatu du. Lasterketa batzuetan lehen hamarren artean egoteko gaitasuna izango luke. Baina berak argi du bere lana zein den taldean, eta gustura dago. Tropelan ospe handia du. Brailsfordek iazko Tour amaierako hitzaldian zera esan zuen: «Nire ibilbidean, noizbait norbait fitxatzearekin asmatu badut, hori Castrorekin izan da». Taldea oso-oso pozik dago berarekin. Batzuk liderrak dira, izaera kontua da, Bernal lider bat da. Castroren izaera, aldiz, ezberdina da, Kirienkarena moduan. Presioa-eta ez zaie gustatzen. Euren lanean pozik daude, baloratuak sentitzen dira. Denak pozik.

Aurkariak nola ikusten dituzu? Izen handiak falta dira: Froome, Dumoulin, Roglic...

Aurkari asko egongo dira. Aurrekoan galdetzen zidaten, sorpresa izango al dugu Tourrean? Zer da sorpresa? Quintanak, Yates anaiek, Fuglsangek, Pinotek, Landak, Bernalek... irabaztea sorpresa al da? Tourra irabazi duen txirrindulari bakarra egongo dela irteeran, eta behin bakarrik. Aipatu dituzunak kontuan hartuta ere, hiru garaile leudeke bakarrik Bruselan: Froome, Nibali eta Thomas. Hortik kanpo norbaitek irabaztea sorpresa al da? Ba orduan bai, ez delako erraza Thomasek edo Nibalik berriz irabaztea. Tourreko irabazlea aurretik itzuli handietan ondo ibilitako txirrindulari bat izango da.
 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.