Alejandro Arribas. Osasunako jokalaria

«Bernabeun ezin dugu pentsatu, Sevillaren aurkakoa da gure partida»

Bihar irabazi eta mailari eutsiko diotela uste du; horretarako, baina, jokalariek zein zaleek Getaferen aurkako giroa berpiztu behar dute.

Iruñea
2013ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Lehen urtea du Alejandro Arribasek (Madril, 1989) Osasunan, baina, gaztea eta eskarmentu handirik gabekoa izanagatik, ezinbesteko jokalaria bihurtu da gorritxoen atzealdean. Osasunaren azken bi golak Arribasek sartu ditu, eta Sevillaren aurka golik ez sartzea ez zaio axola, baina nola edo hala irabazi beharreko partida dela dio. Madrildarrak ez ditu azken jardunaldirako utzi nahi eginbeharrak.

Zein giro duzue aldagelan Sevillaren aurkako partida erabakigarriaren atarian?

Giro oso ona daukagu, eta partida iristeko irrikan gaude; hiru puntuak lortu, eta ea sufrimendu hau lehenbailehen ahazten dugun.

Zure lehen denboraldia da Osasunan. Gorritxoen eskaintza onartu zenuenean mailari eusteko hainbeste estutasun izan zenitzaketela uste al zenuen?

Iragan sasoian egin zuten denboraldia ikusita, ezin nuen horrelakorik imajinatu, baina zer egingo diogu bada. Egoera hau ez da berria niretzat, iragan denboraldian oso antzeko egoera izan nuen Rayo Vallecanorekin, eta helburua lortzeko borrokan jarraitzea beste aukerarik ez dago.

Rayorekin amaiera gozoa izan zenuen azkenean.

Bai, eta uste dut Osasunarekin ere hala izango dela.

Gainerakoan, talde berrira eta hiri berrira ondo egokitu al zara?

Bai, bakarrik nago Iruñean, eta hasieran arazo gehiago izan nituen, baina taldekideek asko lagundu didate, eta Madrilen falta sumatzen dut oraindik, nire lagunak eta senideak han daudelako, baina pixkanaka-pixkanaka ohitu naiz, Iruñea asko gustatu zait, eta kontent nago.

Madrildik lehen aldiz irten zara?

Bai, eta lehen aldia beti zailagoa izaten da. Gero eta hobeto moldatuko naizela seguru nago, ordea.

Sevillaren aurkako partidara itzulita, zure ustez, non egongo da gakoa?

Getaferen aurkako partidak izan behar du gure erreferentzia. Indar handiarekin, gogotsu eta kementsu aritu behar dugu hiru puntuak lortzeko. Gauzak ondo egin behar dira, atzean sendo egon eta gola sartzeko aukerak sortzea da gakoa. Getaferen aurka bezala jokatuz gero hiru puntuak lortuko ditugula sinetsita nago.

Zaleek berriro ere hamabigarren jokalariaren lanak egin beharko dituzte, ezta?

Golik ez dute sartzen zaleek, baina argi dago asko laguntzen digutela. Getaferen aurkako partidan argi ikusi zen hori, eta Sevillaren aurkako partidarako ere sarrera guztiak amaitu dira. Jendez gainezka izango dira harmailak, eta hori gure alde izango dugu behintzat. Denon artean lortu behar dugu helburua.

Getaferen aurkako partidaren atarian zaleek Sadarrera iristean egin zizueten harrerak zirrara eragin zizuela egia al da?

Bai, zelaira iritsi orduko halako babes bultzada jasotzea gauza handia izan zen. Osasunagatik, zaleengatik eta geuregatik irabazi beharra zegoen, asteburu honetan bezalaxe.

Denboraldiko bigarren gola sartu zenuen Getaferen aurka, hiru puntuak eman zituen gola. Zer sentitu zenuen?

Osasunak irabazi beharra zeukan; gola sartzeko aukera asko izan genituen, baina ez genuen asmatzen gola sartzen, eta, zorionez, geldikako jokaldi batean gola sartu ahal izan nuen. Azken boladan, kornerrak eta faltak ondo baliatzen ari gara, eta zer esango dizut, bada, sentitu nuen poza ezinda hitzekin azaldu. Bizirik jarraitzea ziurtatzen zigun gola zen, salbazioa gertuago ikusten genuen orduan, eta hain gol garrantzitsua sartzea gauza handia da.

Gola sartu duen Osasunako atzelari bakarra zara sasoi honetan. Ez da atzelariei eskatzen zaien aurreneko ekarpena, baina garrantzitsua da hori hain gol gutxi sartzen dituen talde batentzat, ezta?

Sasoi honetan golak sartzeko arazo asko izan ditugu, eta, aurrelariek ez ezik, zelaiko beste edozein jokalarik ere golak sartzeko ahalmena izatea garrantzitsua da gurea bezalako talde batentzat. Norberarentzat garrantzitsua da, baina, batik bat, taldearentzat da garrantzitsua golak sartzea.

Sevillaren aurkako partida ia-ia finala dela ukatzerik ez dago, baina beste partida bat ere jokatu behar duzue. Santiago Bernabeun puntuak lortzea ezinezkotzat ematen duzu zuk ere?

Lehen Mailako zelairik zailenerako ezin ditugu utzi lanak, oker larria izango litzateke. Ez dakit sasoi honetan inork menderatu duen Ligan Real Madril bere zelaian; ezetz uste dut —18 partidatan 16 irabazi eta 2 berdindu ditu Real Madrilek Santiago Bernabeun—, eta zer pentsatu behar dugu, azken jardunaldian irabazi egingo dugula guk han? Hori oso zaila da, ezin dugu han irabaziko dugunik pentsatu; Sevillaren aurkakoa da gure partida, bai ala bai, irabazi beharreko partida. Hori irabaziz gero ikusiko dugu Bernabeura puntu bila ala oporretan joango garen.

Sevillak Europan jokatzeko aukera du Iruñean irabaziz gero

Betisek irabaziz gero, Europan sartzeko aukerarik ez du izango Sevillak. Ea Betisen zelaitik albiste onak iristen zaizkigun, Sevillako jokalariek partida amaitu aurretik Europan jokatzeko aukerarik ez dutela ikusi eta amore eman dezaten.

Jardunaldi honetan salbazioa ziurtatuko duzuela sinetsita zaude orduan?

Guk gure partida irabaziz gero, bai. Ez dut uste Zaragozak Betisi irabaziko dionik, azken urteetako partidarik garrantzitsuena da Betisentzat.

Txapeldunen Ligako finala jokatuko dute gaur. Bihar zuek ere final bat jokatuko duzue, baina alde ederra badago bi partiden artean.

Ez dauka zerikusirik. Txapeldunen Ligako finala galtzen duenak ez du ezer galduko, eta guk Bigarren Mailara jaisteko arriskua daukagu. Presioa ez da berdina, zailagoa da gure egoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.