Futbola

Bermeoko harribitxien konexioa

Unai Gomezen eta Mikel Jauregizarren izenak ahorik aho ibili dira aurtengo denboraldian debuta egin ostean. Bi bermeotarren arteko lotura txikitatik dator.

Unai Gomez eta Mikel Jauregizar, Las Palmasi sartutako gola ospatzen. ATHLETIC
Unai Gomez eta Mikel Jauregizar, Las Palmasi sartutako gola ospatzen. ATHLETIC
pettan uralde
2024ko otsailaren 25a
05:10
Entzun

Bost jokalarik egin dute debuta denboraldi honetan Athleticeko lehen taldean. Horietako bi bermeotarrak dira, urte berekoak eta txikitako lagunak: Unai Gomez eta Mikel Jauregizar, Biek ala biek Athleticeko zale ororen ametsa gauzatu, eta Bermeoko harrotasuna gorpuztu dute. Aitor Ramosek (Bermeo, Bizkaia, 1985) ondo ezagutzen ditu bi jokalariak, eta badaki zer den Bermeokoa izanda Athleticen jokatzea. Hainbat partida jokatu zituen lehenengo taldean 2007-2008ko denboraldian. «Herrian jendea pozik ageri da. Umeak hunkituta daude. Adibidez, nire semearen urtebetetzea izango da orain, eta Unai Gomezen kamiseta eskatu du. Ez da erraza herri batetik horrelako bi mutil ateratzea, urte berekoak, eta Athleticen jokatzen ari direnak», adierazi du Ramosek, bi jokalariek herrian sortu duten eraginaz.

Bitxia da bi jokalariek egin duten bidea. Urte berekoak izan arren, txikitan aritu zirenetik ez dute kointziditu talde berean, eta orain Athleticeko lehen taldean egin dute topo. «Unai oso txikitatik aritu da Lezaman; Mikelek, aldiz, bizi guztia eman du Bermeon, Athleticek fitxatu zuen arte. Nik betidanik ikusi dut zerbait berezia dutela. Haien izena ez da Athleticeko harrobiko ezagunenen artean egon, eta lan asko egin dute gaur lehen taldean egoteko».

Gomez beti aritu da Jauregizar baino pauso bat aurrerago, baina Ramosek beti izan du bigarrena ikusmiran. «Mikel txikitatik ezagutzen dut. Haren entrenatzailea izan nintzen. Gazte kategoriako bigarren urtean Bermeoko lehen taldean aritu zen nirekin. Gurekin jokatzeko sobera zuen kalitatea, eta talde batzuekin hitz egin nuen haren inguruan. Besteak beste, Jorge Portillo Boluka-arekin egin nuen berba, Athleticek jokalari gazteak ikuskatzeko duen koordinatzailearekin. Mikel ikustera joateko esan nion. Eibarreko lagun bati ere esan nion, Athleticek eramaten ez bazuen aprobetxatu egin behar zutela. Azkenean Athleticen bukatu zuen, baina ez dio inork ezer oparitu».

«Nortasun handiko jokalariak dira, eta ekarpen handia egiten diote taldeari».

AITOR RAMOS Futbolari ohia

Denboraldi honetan iritsi zaie lehen taldearekin debuta egiteko aukera. Baina, hasiberriak baino gehiago, beteranoak dirudite zelaian zer egiten ari diren ikusita. «Bolada on batek beti laguntzen du gazteak lehen taldearen dinamikan sartzeko. Futbol zelaian ikusten ditugun bezalakoak dira, beti nahi dute baloia, eta ez dira kikiltzen. Unaik aurreko denboraldian partida asko egin zituen deialdietan debuta egin gabe, baina lanean jarraitu zuen, eta bere tokia irabazi du. Hankak lurrean dituzten mutilak dira, inguruko jendeak ere laguntzen die horretan, eta gaitasuna dute ibilbide oparoa egiteko Athleticen».

Zelairatzen diren bakoitzean ausart aritzen dira, eta garrantzitsuak izan dira hainbat partidatan. Ramosek argi dauka jokatzeko modu horixe dutela bereizgarri. «Bermeokoek badugu kasta berezi bat, ez dakit kresala den edo [barrez]. Baina bada gure herriko bereizgarria, eta zelaian horrela jokatzen dute biek. Nortasun handiko jokalariak dira, eta ekarpen handia egiten diote taldeari».

Ramosek antzekotasun handiak ditu bi jokalariekin. Athleticen ez dira bermeotar asko aritu. Azkena hura izan zen. Bere burua bi jokalari horietan ikusten du islatuta. Gomendioak eman dizkie jada. «Pribatuan hitz egin dut honen inguruan haiekin. Nik ez nuen izan haiek izan duten bilakaera, eta ez nuen gehiegi gozatu. Berdin jarraitzeko gomendioa egin diet, nahiz eta bizitza guztiz aldatu zaien. Noski, gozatu egin behar dute futbolaz, eta bizitzen ari diren horretaz jabetu. Baina familia eta lagunak beti hurbil izatea garrantzitsua da orain».

Lagunak sostengu

Lagun horietako bat da Oier Tuñez. Onartu du, hasieran ezohikoa zena normalizatu egin dutela jada. «Hasieran, Jaurek mezuak bidaltzen zizkigun deialdian sartu zutela jakitean. Baina dagoeneko Athleticeko jokalari bat balitz bezala ikusten dugu».

Ramosek zioen moduan, modu batera edo bestera bien bizitza aldatu egin da. Hala ere, Tuñezek azaldu du betiko moduan jarraitzen dutela. «Beti egon dira futbolean buru-belarri, baina lagunekin duten harremana ere beti izan da gertukoa. Txokora etortzen dira oraindik ere. Agian, orain gehiago zaindu behar dute beren burua, adibidez, janarekin. Baina hori normala da».

Kuadrillan, noski, athleticzaleak dira. Baina, orain, zuri-gorrien emaitzak alde batera uzten dituzte bi lagunak futbol zelaian daudenean. «Mikel edo Unai sartzen direnean, jada ez zaizu askorik axola besteek zer egiten duten. Haiek partida ona jokatu dezaten besterik ez duzu nahi».

«Kanpoan elkar ulertzen duten modu berean ulertzen dute elkar zelai barruan».

OIER TUÑEZBi jokalarien laguna

Oraindik gogoan dute  Athleticen eta Las Palmasen arteko norgehiagoka. Partida hartan Jauregizar eta Gomez aulkitik irten ziren garaipenaren bila, eta bi bermeotarrek lortu zuten garaipenaren gola. Jauregizarrek hasi zuen jokaldia, baloia lapurtuz; Gomezek, berriz, gola sartu zuen, buruz. Tuñezek behin baino gehiagotan ikusi du bien arteko lotura. «Txikitatik ezagutzen dute elkar, ikastolan batera arituak dira, eta ordu asko pasatu dituzte elkarrekin. Kanpoan elkar ulertzen duten modu berean ulertzen dute elkar zelai barruan».

Betiko lagun berberak dira gaur egun ere, eta lagunen arteko txantxak egin ohi dituzte noizbehinka. «Adibidez, Jaurek debuta egin zuen egunean, adarra jo genion zertxobait, agian ez zuelako erakutsi jokalari gogorra dela. Baina haiek gehiago dakite futbolaz guk baino. Beraz, bakean uzten ditugu alde horretatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.