Traineru denboraldia ez da Kontxako Banderarekin bukatzen, estropadarik garrantzitsuena izan arren. Luzaldia izaten du, eta Traineruen Kluben Elkartearen ligak ematen dio akabera, Eusko Labelek babesten duen horrek. Bi jardunaldi falta zaizkio, gaurkoa eta biharkoa, eta erregulartasuna saritzen duen lehiaketa horrek ez du garailerik oraingoz.
Urdaibai edo Hondarribia izango da. Zeruak eta lurrak bat egiten ez badute, behintzat. Eta ez dauka itxurarik. Bermeotarrek hiru puntu gehiago dituzte, eta gaur, hain justu, etxean ariko dira Iker Zabalaren arraunlariak (18:50, ETB 1), festa betean, eta Kontxa irabazi berritan. Gaurkoa eta biharkoa ezberdinak izaten dira ligako beste estropada guztien aldean: zortzi talde bakarrik ateratzen dira uretara. Bederatzigarren eta hamargarren sailkatuak oporretan daude (Ondarroa eta Santurtzi); hamaikagarrena kanporaketan ari da (Isuntza), eta azkena (Ares) ligatik kanpo da, maila galduta.
Lehendabiziko txandan joango dira Getaria, Kaiku, Zierbena eta Cabo. Azkenekoan, berriz, lehen laurak: Urdaibai, Hondarribia, Donostiarra —bi denboraldi gehiagorako egin dute tratua Igor Makazagak jarraitu dezan entrenatzaile—, eta Orio. Batzuei eta besteei baldintza baldar samarrak jarriko dizkie naturak. Haizea indartsu samar ibiliko da, eta, boladaka, bortitz itxuran; itsasoan haize olatua eragingo du, eta, gainera, azpiko itsasoa ere iragarrita dago, metro bat eta metro eta erdi artekoa. Arkumea ibiliko da itsasoan, azken batean. Traketsa arraunerako: estropada teknikoa bilakatuko du. Haize kolpeekin ere tentuan, bide galtzeak eragin baitiezazkieke traineruei.
Badira beste kontu pare bat ere kontuan hartzekoak. Gaurko lanak bukatuta, aurreneko sailkatuaren eta bigarrenaren artean hiru puntu edo gutxiago badaude, biharko estropada, azkenekoa, erlojupekoa izango da. Portugaleteko eremu bihurriak lehiaketa baldintzatu ez dezan, araudiari puntu hori gehitu zioten duela urte batzuk, bigarren kapituluan eta 11. artikuluan. Lehenagotik, behealdeko talderen batek eskatu zuen eremu horretako bihurrikeriak lehiaketan zehar ere apaltzeko, azken egunera arte zain egon gabe, baina goiko taldeen lehia zipriztindu zuenean busti ziren indartsuenak.
Epailea mutu pegatinen harira
Beste kontua berriagoa da, aurreko bi jardunaldietan Galizian sortua. Urdaibaik eta Hondarribiak ehun bereziko pegatina itsatsi zieten traineruei, nabigazioan laguntzeko. Kontxako antolakuntzak debekatu egin zuen erabiltzea, aurretik bi klubek onartu eta gero hark ez erabiltzeko egindako proposamena. DonostiarrakTKEko epaileari eskatu dio ikerketa zabaltzeko, pegatina erabiltzea araudiak onartzen duen edo ez argitu dezan, besteak beste. Baina epaileak ez du erantzun oraindik.
Arrauna
Bermeon gaur ez da festarik izango uretan
Urdaibai liderra etxean ariko da gaur, Eusko Label ligako azken-aurreko estropadan. Hiru puntu ateratzen dizkio Hondarribiari. Urtero bezala, zortzi traineru bakarrik lehiatuko dira, bi txandatan banatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu