Urdaibaiko entrenatzailea

Jon Salsamendi: «Bermeok pazientzia, denbora eta konpromisoa behar ditu»

Azken hiru urteetan dena irabazi ostean, aro aldaketa izan da Urdaibain. Iker Zabalak bertan ez jarraitzea erabaki zuen, eta ezagun zahar batengana jo zuen Bermeoko klubak: Jon Salsamendirengana. Lapurdiko etapa bukatu, eta gorenera itzuli da oriotarra.

Jon Salsamendi. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Jon Salsamendi. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2025eko urtarrilaren 9a
05:00
Entzun

Jon Salsamendik (Orio, Gipuzkoa, 1970) bigarren aroa egingo du Urdaibain. Oso talde desberdina topatuko du, ordea. Taldearen bizkarrezur izan diren hainbat arraunlarik taldea utzi dute, eta egoera berria biziko du Bermeoko taldeak (Bizkaia). Ez zaio ilusiorik falta, ordea. Oinak lurrean ditu.

Hasi zarete lanean. Zer talde aurkitu duzu?

Azaroaren azken asteburuan hasi ginen entrenatzen, ohi baino beranduxeago. Uretan oso entrenamendu gutxi egin ditugu; gehienbat banakako lan fisikoa egiten ari gara. Taldeari dagokionez, aldaketa garrantzitsuak izan dira, eta oraindik denbora pixka bat beharko dugu zehazki zer talde gelditzen zaigun ikusteko. Sei hutsune izango ditugu. Kuantitatiboki ez da hainbeste akaso, baina kualitatiboki azken urteetan Urdaibairen bizkarrezurra izan diren arraunlariak izan dira. Duela hilabete eta erdi egoera okerragoa zen. Hamabi arraunlarik uztea zen aurreikuspena. Hori lantzen ahalegindu gara. Eta oraindik ere arrauna uztekotan dagoen besteren bat errekuperatzen ahaleginduko naiz. Baina zaila da, eta ez dut aurreikuspen faltsurik sortu nahi.

Noiz eta nola iritsi zitzaizun Urdaibairen deia? Espero zenuen? Erraza izan zen erabakia hartzea?

Ez nuen espero, inondik inora, eta ez zen batere erabaki erraza izan. Agian, azkarra bai, baina erraza ez. Nik Lapurdin jarraitzea nuen buruan, eta datorren denboraldia lantzen hasiak ginen jada. Horregatik diot ez zela erraza izan. Bermeoren deia panorama kritiko batean iritsi zen. Ez da gauza bera Bermeok deitzea azken hiru urteetan izan duen proiektu batekin, non oinarri guztiak ziurtatuak dituen, edo deitzea ia SOS mezu bat bidaliz. Baina arrazoizkoa ez den zerbait sortu zitzaidan deia jaso nuenean, zerbait basatia, akaso. Eta horrek bultzatu nau Bermeori baietz esatera.

Baina Lapurdirekin lanean zeunden ordurako.

Datorren urteko proiektua osatu nahian genbiltzan, bai. Saiatu naiz haiekin ahalik eta garbien jokatzen, eta egoera zein zen azaldu nien, haien etorkizuna ere ahalik eta seguruen bermatzeko. Baina ez da erraza izan. Arraunlariak bilera batera deitu genituen. Eta denboraldi berriaren nondik norakoen azalpenak entzungo zituztela uste zutenean, nire agurra zela entzun zuten. Ez da erraza izan zurekin kontatzen duen arraunlari talde bati agur esatea. Lasai nago, argia izaten eta gauzak aurrez aurre egiten saiatu naizelako. Oso ondo portatu dira nirekin, eta kirol mailari dagokionez, beste maila batean egon naizen arren, asko eskertu dut aukera hori.

Eusko Label ligako goiko taldeak entrenatzera ohituta egonda, kosta egin zitzaizun KAE1 ligan entrenatzeko erabakia hartzea?

Kolpea baino gehiago, egoera berri bat zen niretzat, eta egokitu beharra neukan. Batetik, Lapurdik deitu zidanean ni lanik gabe nengoen. Orioko etapa bukatu nuen, eta une horretan, esaten den bezala, merkatua itxita dago traineru munduan. Eta horregatik daukat hainbeste haiei eskertzeko. Baina, noski, ezagutzen ez nuen proiektu mota bat topatu nuen. Niretzat garrantzitsuak ziren eta exijituko nituzkeen gauza batzuk ezin nituen exijitu halako proiektu batean; ez arraunlariei, ezta klubari ere. Egokitu egin nintzen entrenatzaile bezala eta langile bezala, eta behatzaile lanak egin nituen. Donibane Lohizune Oriotik hain urruti ez badago ere, kulturalki desberdina da, eta talde kultura ere bai. Horiek denak poto batean batuta, gauza berri asko dira elkarren ondoan. Baina horretara denera egokitzeko egin behar izan dudan barne ariketak onura asko ekarri dizkit alor pertsonalean. Erronka bat izan da, eta bete egin nau. Lapurdiri zerbait zor diodalako sentipen txiki bat gelditu zait.

«Nik orain arraunlariak ezin ditut limurtu esanda iazkoa berdindu edo hobetuko dugula. Proiektu desberdina izango da, berria»

Helbururik jarri dizu klubak? Edo zuk zeure buruari?

Helburuak emaitzak baldin badira, oraintxe Bermeorentzat emaitzez hitz egitea alferrik jardutea da. Emaitzei begiratuta, inoizko emaitzarik onenak lortu berri ditu klubak, eta errekor guztiak hautsi ditu. Urrezko hizkiekin idatzi behar da azken hiru urteetako ibilbidea. Nik orain arraunlariak ezin ditut limurtu esanda iazkoa berdindu edo hobetuko dugula. Proiektu desberdina izango da, berria. Eta taldeko partaide guztiek protagonismo handia hartu beharko dute. Iritsiko da udaberria, eta orduan, akaso, hitz egingo dugu helburuei buruz. Oraingoz, behintzat, Bermeok pazientzia, denbora eta konpromisoa behar ditu. Hori esanda, ez naiz ezkutatzen ari. Bermeok 25 urte daramatza irabazi ala galdu, baina irabazteko lehian. Eta aurten ere halaxe izango da, edo horren esperantza daukagu.

Jon Salsamendi 2016an, Urdaibain egondako urte batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Jon Salsamendi 2016an, Urdaibain egondako urte batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Azken urteetakoak bakarrik ez, zuk ere hiru Kontxa eta liga bat irabazi zenituen Bermeon. Iragana ikusita, presiorik sentitzen duzu?

Hori norberak beti dauka barruan. Egoerak ondo aztertu behar dira, eta pausoak banan-banan eman behar dira, eta ez saltoak itsu-itsuan. Kirolari sena hor daukagu, beti egon garelako goi mailako lehia bizian, eta hori mantendu egiten da. Su hori inoiz baino piztuago daukat, eta nik horrekin itsutu nahi ez dudan arren, asko eskatuko diot neure buruari.

Iñigo Larrinagak hartuko du Gorka Aranberriren tokia patroi lanetan. Zer emango dio taldeari?

Batetik, harrobiko patroi bat izan nahi nuen, oso garrantzitsua iruditzen zaidalako, eta Aitor Gondrarekin ari gara lanean. Eta bestetik, hori edukita ere, esperientzia handiko patroi bat nahi nuen, lehiaketa betean zegoena. Kontraesana badirudi ere, irabaztearekin esperientzia handirik eduki ez duen patroi bat nahi nuen. Iñigo gudu askotan aritutakoa da, eta itsasoaren egoera desberdinetan esperientzia dauka. Iñigok egoerak erlatibizatzen lagunduko digula uste dut. Batzuetan bigarren edo hirugarren egiten duzu, eta ez zara gai ikusteko nolako lan ona egin duzun. Egoera berri honetan, lagundu egingo digu benetako balioa ematen egunerokoari.

Asko aipatu da aurten indarrean jarriko den harrobiko arraunlarien gaineko lege berria, eta Urdaibairentzat eta Zierbenarentzat kaltegarria izango dela. Uste duzu arau berriak kalte egiten dizuela?

Eztabaida zabala da. Baina zuk ere esan duzu nik beste ezer esan aurretik, hori delako kalean diotena, Zierbena eta Urdaibai galduan atera daitezkeela. Nik buelta emango diot. Agian arau hau jarri dute Zierbena eta Urdaibai galduan atera daitezen? Pentsatu nahi dut arraunaren hobe beharrez jarri duten lege bat dela, arraunlari faltari aurre egiteko. Beti aurpegi berdinak ikusten omen dira. Akaso, orain bi talde hauek galduan atera daitezke, baina hemendik urte batzuetara beste batzuk izan daitezke. Nik uste dut harrobiaren alde beste konpromiso batzuk har ditzakeela talde batek. Eta ez goi mailako lehiaketan nahitaez lauzpabost harrobiko arraunlari sartu behar izatea. Kirolaren espiritua ez da hori.

«Nik uste dut harrobiaren alde beste konpromiso batzuk har ditzakeela talde batek. Eta ez goi mailako lehiaketan nahitaez lauzpabost harrobiko arraunlari sartu behar izatea»

Zein da Urdaibairen egoera?

Bermeon ez daukagu arazorik harrobikoekin kantitateari dagokionez. Bai, akaso, kalitatearekin. Baina beste talde askok eta askok bezala. Entrenatzaileok eta klubek lan asko egin beharko dugu harrobiko azpiegitura pizteko. Argumentuari dagokionez, ez nago arauaren aurka. Baina ez nago egoerari aurre egiteko moduaren alde. Eta galdera bat airean utziko dut. Arauak dio harrobiko bost arraunlari izan behar direla ontzian. Harrobiarekiko konpromiso bera eskatu behar zaio mila biztanle ez dituen herri bateko arraun talde bati eta 20.000, 40.000 edo 50.000 biztanle dituen herri bateko bati?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.