Iritsi zenetik ikusten zitzaion jokalari berezia zela eta urrutira iritsiko zela». Iñigo Juaristi Athleticeko entrenatzaile ohiaren eta Eli Ibarra talde zuri-gorriko jokalari izandakoaren hitzak dira. Erika Vazquezez ari dira (Iruñea, 1983). Denboraldiz denboraldi aurrelariak markak apurtzen jarraitzen du Athleticen elastikoarekin, eta hasi berri dena, nahiz eta sei jardunaldi besterik ez diren jokatu, ez da salbuespena. Taldean denboraldi gehien jokatu dituen jokalaria da jada, Eli Ibarrari, Ainhoa Tirapuri eta Iraia Iturregiri aurrea hartuta. Hamaseigarrena du. Futbolean jokatzen hasi zenetik, gola izan du bidelagun, eta arlo horretan ere datu esanguratsua lortu du. Izan ere, denboraldi guztietan lortu du gutxienez gol bat sartzea. Datu horiek are ikusgarriagoak izango ziren, kontuan hartuta 2010-2011ko denboraldian Espanyolen jokatu zuela.
Ibarrak argi dauka. «Jokalari batzuen inguruan gutxi dago esateko, beren ibilbideak dena esaten dutelako. Horietako bat da Erika». Txapeldunen Ligako partida batean egin zuen debuta talde zuri-gorriarekin, Newtownabbey Strikersen aurka, 2004ko iraila zen. Aurkaria astindu egin zuen Athleticek, 10-3 irabazi baitzuen. Erikak bere arrastoa utzi zuen, gol bat egin baitzuen. Orduan Juaristi zen taldeko entrenatzailea. Hark eskatu zion klubari aurrelaria Lagunak-etik fitxatzeko. «Ez zen erraza orduan Athleticera iristea. Taldeak bi denboraldi zeramatzan gorenean, liga txapeldun izaten, eta zaila zen tokia egitea. Gainera, argi genuen Bizkaitik kanpoko jokalari bat fitxatzeko oso maila handikoa izan behar zuela. Erikak hasieratik eman zidan atentzioa. Gaitasun eta ahalmen handiak ikusi nizkion». Horien artean hiru nabarmendu ditu: «Teknikoki oso ona zen, bizkorra mugitzeko orduan, eta gol sen izugarria zuen. Guk egiten genuen joko zuzenerako jokalari oso aproposa zen».
Bete-betean asmatu zuen Juaristik. «Nahiz eta oso gaztea izan, hasiera-hasieratik erakutsi zuen zeukan kalitatea. Diferentziak markatu zituen, eta, gure jokatzeko era berehala barneratzetik harago, taldearen balioak berehala egin zituen bere. Talde txapelduna izan arren, lana, umiltasuna eta elkartasuna ziren gure ezaugarri nagusiak. Hain zuzen ere, Erikak zelaian beti erakutsi ditu horiek, eta iritsi den lekura iristeko modua eman diote». Zerbait falta izatekotan, patxada falta izan zitzaion hasiera hartan. «Hainbeste eman nahi zuen, ezen geratzeko eta lasai egoteko eskatu behar izaten genion maiz. Begira noraino iritsi den».
Horretan fisikoak ere lagundu diola uste du Juaristik. «Jokalari arina da fisikoki, argala. Beti zen onenetakoa jokalariei egiten genizkien probetan. Gainera, asko zaindu du bere burua; metodikoa izan da arlo horretan». Bat dator horrekin Ibarra: «Denboraldi-aurrean oso bizkor hartzen zuen sasoia, eta beti eman die garrantzia elikadurari eta atsedenari. Hori guztia berak landu du».
Baina, batez ere, futbolean jokatzeko ilusioa erakutsi du aurrelariak, Ibarraren esanetan. «Horrek mugitzen du Erika, eta, adinean aurrera joan ahala, hori funtsezkoa da. Partida eta entrenamendu bakoitza muturreraino disfrutatzen du, eta ahalegintzen da hori trasmititzen taldekideei eta jokalari gazteei. Athleticen jokatzeak dakarren pribilegioa barrurraino bizi du». Eta beti du buruan hobetzea. «Buruz errematatzea ez da sekula haren indargunea izan, eta hori lantzen saiatzen da. Ez garaiera aprobetxatuz, baina bai posizioa landuz, adibidez».
Batez ere gola sartzeko izan duen erraztasunagatik nabarmendu da. Datuak ikusgarriak dira: Telmo Zarraren atzetik, Athleticekin gol gehien sartu dituen jokalaria da. Zarrak 335 sartu zituen, eta Erikak 261 daramatza. Azkena Madrili egin zion denboraldi honetan. 2008-2009 denboraldian lortu zuen bere markarik onena: 33 gol sartu zituen. 41 aldiz lortu du partida batean bi gol sartzea, hamalau aldiz hiru gol sartzea, eta lau aldiz lau sartzea. Gainera, Europan, zazpi gol egin zizkion partida batean Maltako Birkirkara taldeari. «Berezkoa dugol sena. Intuizio handia du, bai baloiarekin, bai baloirik gabe. Abiadurak ere asko laguntzen dio, nahiz eta adinean aurrera joan ahala hori galduz joaten den», azaldu du Juaristik. Harago doa Ibarra: «Galtzen egon arren, guk bagenekien Erika zelaian egonda aukera zegoela gola sartu eta partida aldatzeko. Orain ere antzera gertatzen da».
Zertxobait hegalerago jokatzen du azken denboraldietan. «Horrek, beharbada, atetik urrutiago egotea ekartzen dio, baina, aldi berean, espazioak eta aurkariak uzten dituen zuloak hobeto aprobetxatzen laguntzen dio. Zelai erditik aurrera edozein lekutan molda daiteke ondo. Denetarako da egokia».
Beste ezaugarri bat ere nabarmendu du Ibarrak: «Besteok golak sartzeko modua ere eman izan du beti. Izan ere, zuloak bilatzeko lan horretan ez du atsedenik hartzen, eta sekulako gaitasuna izan du beti aurkarien atzelariak erakartzeko, eta horretaz besteak aprobetxatu izan gara. Oso jokalari bizkorra da, bai mentalki, bai fisikoki. Gutxik interpretatzen dituzte partidak hark bezala».
Juaristi ez da ausartzen zenbat denbora jarrai dezaken esatera. «Motibazioan eta fisikoan egongo da gakoa. Fisiko aldetik, argi dago aurrelariek atzelariek baino gehiago sufritzen dutela. Ikusi beharko da». Ibarrak beste pare denboraldiz jokatzeko moduan ikusten du.
Gaur, Levanteren aurka
Gaur, baliteke zenbaki ikusgarri horiek gizentzen segitzeko modua izatea. Athleticek ligako partida baitu, Lezaman, Levanteren aurka (16:00). Kataluniarrek ez dituzte jokatu azken neurketak, COVID-19agatik, eta Athleticek ere ez zuen igandean jokatu Espanyolen zelaian, etxekoek ere kasu bat izan zutela eta. «Taldea ondo dago, eta konfiantza du. Ez dakigu Levante nola iritsiko den, baina kalitate handia du, eta gauzak zail jarriko dizkigu», adierazi zuen Angel Villacampa entrenatzaileak.
Berezkoa eta landua
Erika Vazquezek markak apurtzen segitzen du Athleticen. Taldean sasoi gehien jokatu dituen jokalaria da: hamasei. Aurrelariak guztietan lortu du gutxienez gol bat sartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu