Berezia bai, baina gutxiago

Joseba Llorente eta Asier Riesgo Anoetan izango dira etzi, baina, ezustekorik ezean, ez batek ez besteak ez du jokatukoAurrelariaren kontratuak dio ezin dela aritu Realaren aurka; atezaina aulkian izango da

Julen Etxeberria.
Donostia
2012ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Bereziak dira derbiak. Bizilagunaren aurkako partidak beti sortzen du ikusmin berezia. Ez taldeko kideentzat ez zaleentzat ez da partida bat gehiago. Zer esanik ez aurkariari lotzen zaituen zerbait izanez gero. Orduan aldatu egiten da ikuspuntua. Kontrarioa kontrarioa da, baina pixka bat gutxiago. Sentsazio hori izango dute Joseba Llorentek eta Asier Riesgok etzi, Realak eta Osasunak Anoetan jokatuko duten derbian. Iruñeko taldean ari dira biak, baina biek dute oso lotura estua talde txuri-urdinarekin. Zubietako harrobian hazitakoak dira biak, eta Realarekin elastikoa soinean zutela egin zuten biek estreinakoa Lehen Mailan.

Horrek guztiak derrigor egiten du berezia ostiraleko partida Llorente eta Riesgorentzat: Donostiara itzuliko dira, Anoetara, etxera. Hala ere, berezitasun hori ez da osoa izango. Izan ere, ustekabekorik ezean, ez batek ez besteak ez du jokatuko. Aurrelariaren kasuan ziurra da ez duela Anoetako zelaia zapalduko. Harmailan izango da. Llorente Realak utzita ari da denboraldi honetan Osasunan, eta, bi klubek hitzartutakoaren kontratuaren arabera, hondarribiarrak ezin du jokatu talde ohiaren aurka. Badaezpadako neurria da. Realeko ordezkariek ez dute nahi haientzat baliagarria ez zen jokalariak kontrakoa erakustea, hots, neurketa bikaina egin eta hark sartutako gol batek, adibidez, Osasunari garaipena ematea.

Kontratuak galarazten dio Llorenteri etzi jokatzea. Halere, kontratuak jokatzeko aukera emango balio ere ez litzakete ziurra izango zelaira irtetea, Jose Luis Mendilibarrek ez baitu aintzat hartu azken hiru partidetan. Llorentek ondo hasi zuen sasoia, hasierako hamaikakoan, eta bigarren partidan gola sartu zion Bartzelonari. Bi jardunaldi geroago, ordea, epaileak txartel gorria atera zion, Fernando Nunes Mallorcako atzelariari ukabilkada bat emateagatik. Horrek eta hurrengo partidetan ate aurrean erakutsitako eraginkortasun faltak aulkira bidali zuten, Kike Solaren mesedetan. Llorentek gehiago ez jokatzearen arrazoiaz galdetuta, Mendilibarrek bat egin du Philippe Montanierrek aurrelariaz zuen iritziarekin. «Ondo entrenatzen da, gogo ikaragarria sumatzen diot, baina partida batzuetan gura duela baina ez dela ailegatzen ikusi diot», aitortu zion BERRIAri. Hondarribiarrak urte erdi pasatxo dauka oraindik nahia ahala bilakatzeko.

Andresen itzal luzea

Llorentek baino gertuago ikusiko du partida Riesgok, baina ezta ere zelaitik, aulkitik baizik. Andres Fernandezi zerbait txarra gertatu beharko litzaioke Debakoa zelaira irten dadin: min hartzea edo epaileak txartel gorria ateratzea. Bi kasu horietako bat bera ere gertatzen ez bada, Riesgok aulkitik ikusiko du lehia. Egia esan, ohituta dago jada horretara. 2010eko udan, fitxatu berritan, Ricardo Lopezek kendu zion postua. Aurreko sasoian, berriz, titular hasi zen, baina lehen partidan min hartu zuen. Fernandezek ordezkatu zuen, eta haren mailak aulkira kondenatu zuen Riesgo. Egun, Kopan jokatzearekin konformatu behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.