Olympique Lyonek jokatu egin du gaur Txapeldunen Ligako finala Turinen, eta ez dio utzi Bartzelonari ohikoa duen jokoa egiten. Biak egiteagatik irabazi dio Frantziako taldeak Kataluniakoari, 2019ko finalean bezala, eta zortzigarren aldiz eskuratu du titulua —beste zazpiak 2011tik 2020ra bitartekoak dira—. Garaikurra kendu dio Bartzelonari, iazko txapelduna zelako.
Euskal Herriko futbolarentzat final historikoa izan da, parez pare zirelako Damaris Egurrola eta Irene Paredes, Lyonen eta Bartzelonan, hurrenez hurren. Bigarrenak partida osoa jokatu du, aurrenekoak ezer ere ez, baina loria Egurrolak eraman du: lehen euskal emakumezkoa da Txapeldunen Liga irabazten.
Horraino heltzeko, mila eta bat bide daude. Gauak bezalaxe, liburu ezagunean. Eta ez da metafora, errealitate gordina baizik, bi ikuspegi dituena. Batetik,edozein modutara jokatuta irabazten delako, eta bestetik, jokatzeko modu anitza dutenek eredu bakarra dutenari irabazten dietelako —baita alderantziz ere—. Lyonek Bartzelonak baino erregistro gehiago atera ditu.
Mozorro festa horren diseinatzailea Sonia Bompastor izan da. Historia egin duen beste emakumezko bat: aurrenekoa da jokalari eta entrenatzaile bezala Europako kluben arteko lehiaketa desiratuena irabazten. Bada, zelaian ona bazen, aulkian ere abila dela ari da erakusten. Lehortu egin du estrategian Bartzelona.
Goian presioa eginda, ito egin du Bartzelona hasieran, eta hutsak egitera behartu. Erabakigarriak, gainera. Kataluniarrek aurreneko bost bat minututan zelai-erdia pasa ere ez dute egin. Lyonek bai, eta gainera, gola sartu. Sekulakoa. Henryk lapurtu du baloia, eta urrunetik, perfekzioz astindu du. Seigarren minutua zen.
Frantziarrek atzerago ere defendatu dute, eta bai majo moztu ere kataluniarren argia pizten duen kable sorta. Hermoso aurrelariaren atzeko jokalariak, Alexia adibidez, erabat utzi dute jokoz kanpo, barrualdeko pase aukerak itxiz. Hala ere, Bartzelona ez zen deseroso ari oraindik. Ematen zuen bazuela ziurtasuna partida aurrera ateratzeko. Aukeraren bat ere sortu du, baina golik ez dago jorik gabe.
Hori Lyonek eduki du Hegerberg aurrelariak bigarren gola egin du 23.minutuan, buruz. Orduan itzali da Kataluniako taldea. Marrazkia ere aldatu du Giraldez entrenatzaileak, eta seinale ona ez da izaten hori. Emaitza txarra, eta jokoan ere gero eta eskasago. Gainera, hirugarren gola jaso du, Macariorena, 33.minutuan. Putellasek itxaropena piztu du berriz Bartzelonarentzat, 1-3koa eginez 41.ean. Ez alferrik.
Bigarren zatian gehiago azaleratu ditu Bartzelonaren ezintasunak Lyonek, bereak indartuz. Atzean defendatu du, taldeko lan ona eginez, eta lehenago bezalaxe, barrualdea ondo estaliz. Lotu egin du jokoa. Guijarrok zelai-erditik langa jotzea izan da bizigarri bakarra bigarren erdian. Ordurako, osotasuna egiteko bidean zen Lyon, zatia zatiari gehituz: erregistroak. Eta horrela, berea egiteaz gain, ez dio utzi besteari berea egiten.