Bartzelona. Paños; Torrejon (Crnogorcevic, 60. min), Paredes, Mapi Leon, Rolfo (Pina,75. min); Patri Guijarro, Aitana, Alexia; Hansen, Mariona (Martens, 60. min) eta Jennifer Hermoso (Osohala, 46. min).
Olympique Lyon. Endler; Carpenter (Buchanan, 14.min.), Renard, Mbock (Cayman, 81. min), Bacha; Henry, Horan, Macario; Malard (Le Sommer, 75. min), Cascarino (Morroni, 81. min) eta Hegerberg.
Golak. 0-1. Henryk (6. min); 0-2. Hegerbergek (23. min); 0-3.Macariok (33. min); 1-3. Alexiak (41. min). Epailea. Lina Lehtovaara. Txartel horiak: Bartzelonako Mapi Leon eta Irene Paredesi; eta Lyoneko Hegerberg, Macario eta Morronori.Bestelakoak. 35.000 ikusle Turineko Juventus Stadium-ean.
Olympique Lyonek jokatu egin zuen atzo Txapeldunen Ligako finala, eta ez zion utzi Bartzelonari ohikoa duen jokoa egiten. Biak egiteagatik irabazi zion atzo Frantziako taldeak Kataluniakoari, 2019ko finalean bezala, eta zortzigarren aldiz eskuratu du titulua —beste zazpiak 2011tik 2020ra bitartekoak dira—. Garaikurra kendu zion Bartzelonari, iazko txapelduna zelako.
Euskal Herriko futbolarentzat final historikoa zen atzokoa, parez pare zirelako Damaris Egurrola eta Irene Paredes, Lyonen eta Bartzelonan, hurrenez hurren. Bigarrenak partida osoa jokatu zuen, aurrenekoak ezer ere ez, baina loria Egurrolak eraman du: lehen euskal emakumezkoa da Txapeldunen Liga irabazten.
Horraino heltzeko, mila eta bat bide daude. Gauak bezalaxe, liburu ezagunean. Eta ez da metafora, errealitate gordina baizik, bi ikuspegi dituena. Batetik,edozein modutara jokatuta irabazten delako, eta, bestetik, jokatzeko modu anitz dituztenek eredu bakarra dutenari irabazten dietelako —baita alderantziz ere—. Atzo,Lyonek Bartzelonak baino erregistro gehiago atera zituen.
Mozorro festa horren diseinatzailea Sonia Bompastor izan zen. Historian arrastoa utzi duen beste emakumezko bat: aurrenekoa da jokalari eta entrenatzaile gisa Europako kluben artean gehien desiratua den lehiaketa irabazten. Bada, zelaian ona bazen, aulkian ere abila dela ari da erakusten. Lehortu egin zuen estrategian Bartzelona.
Goian presio eginda, ito egin zuen Bartzelona hasieran, eta hutsak egitera behartu. Erabakigarriak, gainera. Kataluniarrek aurreneko bost bat minututan zelai-erdia pasatu ere ez zuten egin. Lyonek bai, eta, gainera, gola sartu. Sekulakoa. Henryk lapurtu zuen baloia, eta urrunetik, perfekzioz astindu zuen baloia. Seigarren minutua zen. Frantziarrek atzerago ere defendatu zuten, eta bai majo moztu ere kataluniarren argia pizten duen kable sorta. Hermoso aurrelariaren atzeko jokalariak, Alexia adibidez, erabat utzi zuten jokoz kanpo, barrualdeko pase aukerak itxiz. Hala ere, Bartzelona ez zen estu ari oraindik. Ematen zuen bazuela ziurtasuna partida aurrera ateratzeko. Aukeraren bat ere sortu zuen, baina golik ez dago jorik gabe.
Hori Lyonek eduki zen. Hegerberg aurrelariak bigarren gola sartu zuen 23. minutuan, buruz.Orduan itzali zen Kataluniako taldea. Marrazkia ere aldatu zuen Giraldez entrenatzaileak, eta seinale ona ez da izaten hori. Emaitza txarra, eta jokoan ere gero eta eskasago. Gainera,hirugarren gola jaso zuen, Macariorena, 33.minutuan. Putellasek itxaropena piztu zuen berriz Bartzelonarentzat, 1-3koa eginez 41.ean. Ez alferrik.
Lyonen beste erregistro bat
Bigarren zatian gehiago azaleratu zituen Bartzelonaren ezintasunak Lyonek, bereak indartuz. Atzean defendatu zuen, taldeko lan ona eginez, eta lehenago bezalaxe, barrualdea ondo estaliz. Lotu egin zuen jokoa.
Guijarrok zelai erditik langa jotzea izan zen bizigarri bakarra bigarren erdian. Ordurako, osotasuna egiteko bidean zen Lyon, zatia zatiari gehituz: erregistroak. Eta horrela, berea egiteaz gain, ez zion utzi besteari berea egiten.
Bartzelona 1-3 Olympique Lyon
Berea egin, eta besteari utzi ez
Olympique Lyonek zortzigarren aldiz irabazi du Txapeldunen Liga, Bartzelona gainditu eta gero Turineko finalean (1-3). Damaris Egurrola da lehen euskal emakumezkoa txapelketa irabazten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu