Hesi guztien gainetik, Euskotren ligan zeukan tokiari eustea lortu du Hibaikak. Errenteriako taldea izan da polemikak inguratu dituen kanporaketetako garaile nabarmena, eta, hala, erakutsi dute maila gorenean dagoela haien tokia.
Egoera normaletan, ligako seigarren sailkatuak —hau da, Hibaikak— mailari eutsiko lioke, eta ez luke kanporaketetan parte hartu beharko toki hori ez galtzeko. Baina Galiziako bi ontzi gonbidatuek dena aldatu dute. Haien tokian seigarrenak lehiatu behar, eta Hibaika izan zen kaltetu handia. Helegitea ere jarri zuen erabaki horren aurka, baina atzera bota zioten.
Bulegoetan galdutakoa, beraz, itsasoan irabazi behar. Zumaia eta Kaiku izan dituzte mehatxu, haiek ere toki hori lortzeko aurkari duinak ziren eta. Halere, bi garaipenak eskuratu, eta beste urte batez Euskotren ligan arituko da Madalen trainerua.
Eztabaida guztia pasatu dela ematen duen honetan, hainbat zurrumurru iritsi dira Galiziatik. Baliteke Tiranek uko egitea Euskotren ligan geratzeko pribilegioari —lekua ziurtatua du—, Zumaiaren mesedeetan. Telmo Deun ontziak bigarren postua lortu zuen kanporaketetan, eta, ustekabe hori gertatzekotan, haientzat izan daiteke lekua.
Printzipioz, Tiranek segituko du goi mailan, baina auskalo zer gertatuko den datozen hilabeteetan. Badaezpada, baina, Zumaiak ondo eginda utzi ditu lanak, eta, zer gerta ere, Lehen Mailara itzultzeko aukerak gorde.
Arrauna
Bere tokia aldarrikatu du
Hibaika Euskotren ligan arituko da hurrengo denboraldian. Zumaia bigarren izan da, eta, Tiranek uko eginez gero, hura igoko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu