Italiako Giroa

Bere onera itzuli da

Chris Froomek irabazi du Giroko 14. etapa, Zoncolan beldurgarrian. Simon Yates bigarren izan da, eta sendotu egin da lehen postuan. Pello Bilbaok bikain eutsi dio, eta lehen hamarren artean da

Bere onera itzuli da.
enaut agirrebengoa
2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Italiako Giroa aurrenekoz irabazteko ametsa zeharo ari zitzaion gaiztotzen Chris Froomeri (Sky). Kolpea kolpearen atzetik jaso du aurreneko bi asteetan; gogorrenak, Gran Sassoko igoera luzean eta Osimoko helmuga bihurrian. Bi etapa horien artean, 1.47 atzerapena pilatu zuen txirrindulari britainiarrak. Haatik, berpiztu egin zen atzo; non, eta Zoncolanen, Italiako mendaterik bortitzenetako batean. Ezina albo batera utzi, eta betiko Froome ahaltsua agertu zen. Helmugatik lau kilometrora jota eskuratu zuen aurtengo Giroko lehen garaipena. Piztualdiari esker, zazpi postu igo da sailkapen nagusian: hamabigarren zen, eta bosgarren da orain. 3.10era du lidergoa, baina oraindik ez du azken hitza esan.

Etapa irabazteko, ordea, latz sufritu behar izan zuen, jazarpen lanean temati aritu baitzen Simon Yates liderra (Mitchelton). Begi bistan izan zuen unerik gehienetan, eta asko gerturatu zitzaion azkenerako, baina sei segundo geroago helmugaratu zen. Ezin izan zuen Giro honetako hirugarren etapa irabazi, baina pozik egoteko moduan da, aurrerapausoa eman baitzuen lasterketa irabazteko borrokan. Tom Dumoulin (Sunweb) da, une honetan, Yatesen mehatxu nagusia; bada, 31 segundo atera zizkion atzo herbeheretarrari, eta, gainsariak tarteko, 1.24ra urrundu du.

Gogorra doa aurtengo Giroa, eta akigarria izan zen atzoko etapa. Hirugarren mailako hiru mendate eta bigarren mailako bat igo zituen tropelak, eta, bukatzeko, eguneko plater nagusia: Zoncolan, hamar kilometro eta batez beste %12ko pendiza duen horma. Etapa hasieran, Francesco Gavazzik (Androni), Enrico Barbinek (Bardiani), Mads Pedersenek (Trek), Laurent Didierrek (Trek), Matteo Montagutik (Ag2r), Valerio Contik (UAE) eta Jacopo Moscak (Willier) osaturiko zazpikoteak egin zuen aurrera. Sei minututik gorako aldea ere izan zuten, tropelean gauzak lasai hartu baitzituen hasieran, amaieraren gogortasunaz jakitun.

Gauzak bigarren mailako Passo Duronen hasi ziren serio jartzen. Atzean erritmoa bizitu egin zuten Sunwebek eta Astanak, eta ez zen etenik izan hortik aurrera. Ziztu bizian jaitsi zen iheslariek zuten errenta mardula: 50 kilometroren faltan, sei minuturen aldea zuten, eta 30 kilometroren buruan, berriz, minutua besterik ez zitzaien gelditzen. Tropelean agintari aritu zen Mitchelton, maglia arrosaren taldea. Gauzak hala, ihesaldia ia deseginda iritsi zen Zoncolaneko lehen aldapetara. Buruan Conti eta Barbin baino ez ziren gelditzen, eta ez ziren urrutira iritsi. Hasieran, Bahrain eta Astanak jarri zuten erritmoa onenen multzoan, eta, ondoren, Wouter Poelsen (Sky) erakustaldia iritsi zen.

Estutu gogorra eman zuen herbeheretarrak, eta gorriak ikusarazi zizkien faborito askori. Atzean gelditu ziren, besteak beste, Richard Carapaz (Movistar), Fabio Aru (UAE) eta George Bennett (Lotto- Jumbo). Hori hala, Poels lehertu zenean abiatu zen Froome, eta ginga jarri taldekidearen lanari, Yatesek lanak eman arren. Hirugarren Domenico Pozzovivo (Bahrain) helmugaratu zen, 23 segundora; laugarren Miguel Angel Lopez (Astana), 25era; eta bosgarren Dumoulin, 37ra, Thibaut Pinot (FDJ) seigarrena baino bost segundo lehenago. Sailkapen nagusiko hirugarren postua galdu zuen frantziarrak, Pozzovivoren mesedetan. Yatesengandik 1.37ra dago orain italiarra, eta 1.46ra frantziarra.

Antonen ahalegina

Atzo, postu bat egin zuen atzera Pello Bilbaok (Astana), bederatzigarrenera, baina harro egon daiteke gernikarra, meritu handiko igoera osatu baitzuen Zoncolanen. Helmugatik zazpi kilometrora gelditu zen atzean, Rohan Dennisekin (BMC). Bada, behetik gora egin, eta bederatzigarren izan zen azkenean, Froomengandik 1.35era. Sailkapen nagusian ere bederatzigarren postuan dago, eta, ikusitakoak ikusita, hautagai sendoa da Giroa lehen hamarren artean bukatzeko. Lasterketa dezentez eskasagoa ari da egiten Igor Anton (Dimension Data), baina atzo bere buruaren berri eman zuen, azken igoeran erasoa jota. Mendate kutuna du Zoncolan, 2011n bertan besoak altxatu zituenetik.

Gaurkoa ere igotzaileentzako etapa izango da. Azken zatiak du zailtasun gehien, bigarren mailako hiru mendaterekin eta Sappadako azken igoerarekin. Atzoko astinduaren ondotik, ezustea izan dezake batek baino gehiagok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.