Bere lekua egin nahi du

Erik Jakak Lehen Mailan jokatzeko aukera lortu nahi du etzi, Bigarren Mailako lau t'erdiko finalean. Pilota jarduna txinatar medikuntza ikasketekin uztartzen du.

Erik Jaka pilotaria, Lizartzako pilotalekuan lurrean eserita. IÑIGO TERRADILLOS / TOLOSALDEAKO HITZA.
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Lekua zuk egin behar duzu, Lehen Mailan joka dezakezula erakutsiz». Erik Jakak (Lizartza, Gipuzkoa, 1994) hiru urte daramatza profesionaletan jokatzen, eta dagoeneko ondo ikasi du zein den gora egiteko bidea. Bi aldiz irabazi du Bigarren Mailako binakako txapela, eta igandean Bigarren Mailako lau t'erdiko finala jokatuko du, Logroñon (Espainia), Gorka Estebanen aurka. Badaki final hori berezia dela, saria duelako: «Lehen Mailako txapelketak jokatzeko aukera emango lidake hurrengo urtean. Hori da lekua egitea, aukerak irabaztea».

Jaka Lehen Mailako atarian dago. Aspeko aurrelari gazteen inbutuan dago: Ezkurdia, Altuna III.a, Irribarria, Jaunarena, Retegi... 21 urterekin txiki gelditu zaio Bigarren Mailako binakakoa —iazko finalean eraso jokoan erakustaldia eman zuen—, baina oraindik estelar gutxi jokatu ditu. Debuta egin berritan Titini irabazi zion behin. «Nik Zabaleta nuen lagun», zehaztu du, eta estelar bakan batzuk jokatu ditu. Azkenekoa, maiatzean, Xalak min hartu zuen egunean. «Partida horietan ondo aritu naizela iruditu zait, baliaturiko aukerak izan dira. Aurtengo uda, baina, oso txarra izan da, lesioarekin eta...».

Orkatilako lesioaz mintzo daJaka. Ekainaren 14an okertu egin zuen Altsasun, eta lotailuak mindu zituen. Sendatu eta sasoia hartzerako bi hilabete eta erdi igaro ziren. «Gaizki pasatu nuen, lehen bi hilabeteetan oso gutxi egin nuelako hobera. Zorionez, baina, azkenean asmatu nuen. Hala ere, uda txarra izan da».

Lau t'erdikoak gozatu dioudazkena, ezustean, Jakak ez baitu ezkutatzen nahiago duela binaka jokatu. Gorkaren aurkako ligaxkako partida 22-16 galdu zuen, eta, horregatik, igandean aurkaria izango da faborito. «Partida pare bat aldiz ikusi dut, eta nire ondorioak atera ditut. Ondo hasi nintzen, baina gero opariak egin nituen, eta horiek saihestea da nire helburua». Logroñon eta igandez jokatuko du, eta horrek ez du erraztuko aldeko zale asko biltzea. «Lizartzan badago mugimendua, badakit jende asko joango dela, baina ez da ez egunik ez bidaiarik aproposena. Gorkaren aldeko giro gehiago egongo da, baina, tira, ligaxkan Donostian jokatu genuen, nire aldeko gehiagorekin, eta irabazi egin zidan. Garrantzitsuena da ezagutzen dudan pilotaleku bat dela». Atzo egin zuten pilota aukeraketa, arazorik gabe.

Akupuntura ikaslea

Zorionez, ohikoak dira pilota jarduna ikasketekin uztartzen dituzten pilotariak, eta Jaka horietako bat da. Bere garaian psikologia hasi zuen, eta orain urtebete darama medikuntza txinatarra ikasten. «Lehenbizi akupuntura ikasten ari naiz, eta gero lantzen dira erreflexologia eta beste teknikak. Etxetik ari naiz, Internet bidez, eta lanak eginez. Urtean bitan jaisten naiz Madrilera azterketak egitera. Asko dago ikasteko, ez da erraza, eta oraindik denbora beharko dut orratzekin hasteko».

Izan ere, ez dira nolanahiko ikasketak; lau urte dira, eta, bukaeran, praktika beharrezkoak egin beharko ditu. «Familiako batek akupuntura erabili zuen min fisiko bat sendatzeko, eta mesede handia egin zion, eta hortik sortu zitzaidan jakin-mina», azaldu du. Jende askok mesfidantzaz begiratzen dio medikuntza txinatarrari, baina Jakak ondo defendatzen du bokazioa. «Medikuntza txinatarra gure ohiko medikuntzarekin bateragarria da. Biak uztartu daitezke elkarri traba egin gabe. Hori bai, hemen, askotan, min dugunean, parazetamola edo beste analgesikoren bat hartzeko esaten digute, eta akupunturarekin minaren iturrira jo daiteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.