Bere borondatez joan da

Antoine Griezmann «erronka berrien bila» joan da Atletico Madrilera.Realak ondo bete du kutxa: 36 milioi euro.Esteban Granero lau urterako fitxatu du

Antoine Griezmann, Zubietako prentsa aretotik irteten, zaleak agurtzeko han eginiko agerpenaren ondoren. JUAN HERRERO / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Jakina izanagatik, ez du min gutxiago eman. Atletico Madrilek Antoine Griezmannen etete klausula ordaindu du, eta Madrilen ariko da. Bi taldeek atzo baieztatu zuten albistea euren webguneen bitartez, baina fitxaketaren xehetasunik eman gabe. Realak esana zuen ez zuela erraztasunik emango jokalaria saltzeko; beraz, ulertzekoa da Atleticok BEZa ere ordaindu behar izan duela. Beraz, 36 milioi euro inguruko diru sarrera izango da. Era berean, jokalariak Atletico utziko balu, Realak hurrengo salmentaren %20 jasoko luke. Albiste garratza gozatzeko edo, Realak Esteban Granerok lau urterako kontratua sinatu duela baieztatu zuen. Ikusteko dago iristen azkena den ala ez.

Griezmannen erabakiak min handia egin die Realeko zaleei; hori ikus daiteke taldearen inguruko sare sozialei erreparatuz gero. Jokalariei jarraitzea zaila zela jakina zen, baina Atletico ez da batere talde maitea txuri-urdinentzat. Aitor Zabaleta hil zutenetik, Vicente Calderonen entzun dira Reala eta realzaleen aurkako abestirik gogorrenak. Era berean, iragan ligako txapeldunak bostehun milioi euro inguruko zorra onartua du.

Griezmannek, dena den, keinu polita izan zuen zuen atzo arratsaldean: Zubietaraino agertu zen jokalariak eta zaleak agurtzeko—Claudio Bravok, esaterako, ez zuen halakorik egin—. Jokalariak adierazi zuenez, «erronka berrien bila» joan da Atleticora. Zintzo mintzatu zen, garbi utziz bere borondatea joatea zela: «Zailtasun berriak nahi nituen, eta Atleticok aukera hori eman dit; ezetz esan nahi izan ez diodan aukera bat». Griezmannek gaztelaniazko ohar motz bat irakurri zuen, ez bereziki sakona azalpenetan, eta ez zuen galderarik ametitu.

Griezmann izan da Zubietako fabrika utzi duen azken kutuna. Xabi Alonso Liverpoolera joan zenetik taldeak saldu duen hamargarren harrobiko jokalaria da—Mikel Arteta barne—. Horien truke 105 milioi euro inguru bildu ditu —fitxaketa batzuetan, eroslearen eta saltzailearen zifrak ez datoz bat—. Agerikoa da kopuru horrek azken bi urteetan jaso duela bultzada handiena, Asier Illarramendi eta Griezmanni esker.

Griezmann ere oroitu zen fabrikarekin, eta gogoratu zuen hasierako urteak ez zirela errazak izan. «13 urterekin iritsi nintzen, eta ateak ireki zenizkidaten. Nigan sinetsi zuten aurrenekoak eta bakarrak izan zineten». Oroitzapenean geldituko da Bingen Erdoziaren lesio baten eraginez jokatu zuela lehen lagunartekoa lehen taldearekin, eta, bi gol sartu zituenez, Martin Lasartek mantendu egin zuen. Lehen taldean, harrobiko jokalari ororen «ametsak» bete zituen:«Taldea Lehen Mailara igotzea eta Txapeldunen Liga jokatzea». Halako agerpenetan ohiko denez, esker ona adierazi zien taldekide, teknikari eta zaleei; baita Donostia eta Gipuzkoari ere.

Granero, dohainik

Batzuk iritsi, eta besteak joan. Esteban Granero Realera itzuliko zela jakina zen, baina taldeak atzo baieztatu zuen akordioa. Lau urterako kontratua sinatu du, eta Donostiako taldeak ez du ezer ordaindu fitxatzeagatik. Hori bai: jokalariaren soldata handiari aurre egin beharko dio. Ingalaterrako hedabideen arabera, bi milioi eurotik gorakoa urtero. Jagoba Arrasatek esana zuen Granero zela taldea osatzeko nahi zuen jokalaria, eta lortu du.

Griezmannen erabakiak mugimenduren bat eragiten duen ikusi arte, orain jokalarien irteerak dira argitu beharreko auzia. Realak lau aurrelari peto ditu, eta litekeena da bik taldea uztea: Diego Ifranek eta Haris Seferovicek. Ifranek Tenerifen bukatuko duela dirudi, utzita. Seferovicen kasua, berriz, gehiago luzatuko da. Taldeak hainbat eskaintza ditu. Era berean, Eibarrekin sinatua duen akordioa dela eta, beste bi jokalari bidali behar ditu utzita Ipurua. Aurrenekoa Navas izan zen.

Bestalde, Reala atzo hasi zen Zubietan entrenatzen, Herbehereetako egonaldiaren ondoren. Carlos Vela ere taldekideekin egon zen, baina oraindik ez da osatu, eta ezinezkoa izango du etzi Abeerdenen aurka jokatzea Europako Ligako atarikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.