Aitzol Atutxa

Bere aroa ez da bukatu

Aspaldiko finalik estuena irabazi, eta Euskadiko aizkolari txapela jantzi du bosgarren aldiz jarraian. Garaipenak adina poztu du Labriteko harmailetan 1.200 ikusle bildu izanak.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Txapeldunaren zoriona da, eta ez du ezkutatu. «Momentuz, beste urtebete dut gozatzeko. Ez dakit noiz bukatuko den nire aroa, baina egia da gozatzen ari naizela. Txapel batekin amets egin, eta bost irabazten dituzunean hitz gutxi daude sentimendu horiek deskribatzeko». Aitzol Atutxa irabazitako finalaren biharamunak ematen duen lasaitasunez mintzo da. Azken asteetako tentsioa handia izan da, prestaketa... baina merezi izan du. Herenegun bosgarren aldiz jarraian irabazi zuen Euskadiko aizkolari txapela, bere ibilbideko finalik gogorrenean. «Lehia oso estua izan zen. Mundu guztiak Atutxa-Vicente zioen, eta nik Larrañaga ere faborito zela esaten nuen, eta horrela ikusi zen. Hirurak 30 urtetik behera gabiltza, eta inoizko gure markarik onenak egin genituen —Atutxak 37.29ko marka egin zuen, 2010z geroztik egon den onena, eta lehen hirurak 39 minututik jaitsi ziren—. Azken enborrera arte ez zen erabaki. Zirrara izan zen nagusi».

Atutxak 06:00etan jaso zuen bere balentriaren oihartzunaren uzta. Haren bizilagunak kiosko batean egiten du lan, eta Whatsapp bidez bidali zizkion egunkarien argazkiak. Mezuak, baina, ez zuen esnatu, ordurako ordu eta erdi zeraman esna, O'Toole aita-semeak, Australiako aizkolariak aireportura eraman behar izan zituelako. «Ia begirik bildu gabe, ospakizuna ere luzatu egin zen, eta egia da horrelako saio baten ondoren, tentsioarengatik-eta, kosta egiten dela lo egitea». Ondo baliatu zuen goiza, baina, Gernikako urriko azken asteleheneko azokan bueltaxka egin, eta bezperan jasotako mezu guztiak erantzuteko. «Pila bat, bai pertsonalak, eta bai sare sozialen bitartez. Egia esan maitatua sentitzen naiz». Eta ez da gutxiagorako, aizkoraren historian sartu baita. Bosgarren txapela du, bosgarrena jarraian, eta bosgarren da orain txapeldun historikoen zerrendan. Aurretik Miguel Mindegia handia, hamarrekin, eta Anjel Arrospide, Joxemari Olasagasti eta Floren Nazabal ditu bakarrik, hiru horiek seinarekin.

Herenegun ere makina bat jendek zoriondu zuen, txapela ospatzeko bazkarian ehun lagundik gora elkartu baitziren Diman. 50 autobusez joanak ziren Iruñera, eta lagun ugari elkartu zitzaizkien. Etxean ospakizun bikoitza izan zuten, Atutxaren bikotekidearen urtebetetzea zelako, eta txapela eskatu zion opari. Esan eta egin. Atutxak onartu du berak ordaindu zuela guztien xanpaina, baina botila kopuruari buruzko xehetasun askorik eman gabe. Bazuen zer ospatua. Ia urte osoan entzun du oraingoan baietz, Iker Vicentek oraingoan pasatuko zuela, baina berak gertukoenen fedea zuen alde. «Alboan ditudanek: aitak, Larrea aita-semeek... Esaten zidaten ondo ikusten nindutela entrenatzen. Nik ere neure burua ondo ikusten nuen, baina banekien estu egongo zela. Nik neure burua ezagutzen dut, eta badakit noizbait jaitsiko naizela lehen postutik. Aurten ez da izan, baina agian hurrengoan».

Zirraraz beteriko finala izan zen, eta azken aizkorakada arte ez zuen irabazita ikusi. Azken enborra hastean minutu erdi inguruko aldea zuen, eta amaieran 18 segundoren aldea atera zion Vicenteri, baina ez da erreala, Atutxak irabazi zuenean Vicentek une batez lanari utzi baitzion etsipenaren eraginez. «Hamar bat segundo izango ziren», kalkulatu du buruz txapeldunak. Atutxak, dena den, atzetik aurrera eginez irabazi zuen. Batak edo besteak enbor bat moztean zaleek egiten zuten oihuak ziren erreferentzia bakarra. Jardun horretan bere inguruko beste uste oker bat desmuntatu zuen. «Jendeak esaten du: 'Atutxa aurretik hasten bada ondo, baina ez du atzetik aurrerako biderik egiten'. Baina Urrezko Kopan ere atzetik aurrera egin nuen. Tira, herenegun aurretik atzera eta atzetik aurrera egin nuen».

Burua altxatu gabe

Zazpigarren enborrean hirugarren zen txapelduna, berrogei segundoren atzerapenarekin. Bi oinbikoetan hiru adar atera zitzaizkion. «Beste bat atera izan balitzait, akabo», gogoratu du. Baina eman zion buelta, ahalegin fisiko handia eginez. Pultsometroarekin jardun zuen, eta, batez beste, 187ko pultsazio izan zituen minutuko, eta 198 bat azken minutuan. «Ondo prestaturiko kirolariak gara. Vicente eta Larrañaga ere hor ibiliko ziren. Agonikoa izan zen, atseden oso murritzekin. Burua altxatu eta ikusleei begiratzeko denborarik ez genuen izan. Ez genuen gozatu lanean».

Labrit pilotalekua goraino bete zen, 1.200 ikusle, eta harmailek finalak adina poztu zuten Atutxa. «Eguneko beste irabazlea herri kirola izan zen. Poztu egin ninduen harmaila horrela ikusteak: lepo, tokirik ez... Ziur nago finalean egon zen jendea herri kirola ikustera itzuliko dela. Gauzak ondo egiten direnean, jendeak erantzun egiten du». Eta olatu honek izango al du segidarik neguan apustu edo antzekoren batekin? Ez dirudi.«Horrelako erabakiak hotzean pentsatu behar dira, momentuz txapelarekin gozatu». Atutxak, izan ere, etena egin nahi du. Azaroaren 14an desafioa du Loiun, hamalau kana-erdiko Arria V.a eta Vicenterekin, eta, ondoren, atseden hartuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.