Berdintasunaren alde kudeatuz

Rosa Zubeldiak, Isabel Iturbek eta Mertxe Lopezek «naturaltasunez eta harrotasunez» hartu dute goi mailako kirol talde bateko presidente izatea. Beren jardunaz mintzatu dira.

JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
«Emakumeen senior taldea sortzea izan da nire lorpenik garrantzitsuenetako bat»
Rosa ZubeldiaTxuri Urdineko presidentea

Rosa Zubeldiak hamabi urte daramatza izotz hockeyko Txuri Urdin taldeko presidente. «Aurretik zortzi urte neramatzan klubean. Erronka polita iruditu zitzaidan kargua hartzea, eta, bitan pentsatu gabe, baiezkoa esan nien». Aitortu du hasiera ez zela izan «oso erraza». «Duela hamar urte arte edo, izotz hockeyagizonezkoen kirola zen batez ere, eta ni ere hockeyan jokatu gabea nintzen. Asko harritu egiten ziren ni hor ikusita. Beste klubekin edo Espainiako Federazioarekin bilerak edo batzarrak genituenean, nahiz eta Txuri Urdin klub aitzindarietako bat izan, nire iritzia ez zuten kontuan hartzen, zer bozkatu behar nuen esaten saiatzen ziren, edo zuzendaritzan zegoen gizonezko batekin hitz egiten zuten».Baina horrek ez zuen ezustean harrapatu Zubeldia. «Nik nazioarteko garraio sektorean egiten dut lan. Sektore hori ere oso gizonezkoena da, eta bertan bizi izandako esperientziak balio izan zidan hockeyan ere erabiltzeko, eta lanaren poderioz nire lekua egiteko. Esperientzia hori izan ez banu, are gogorragoa izango zen dena». Zailtasunen artean, gainera, familia eta lana uztartzea ere bazegoen. «Kargura iritsi nintzenean, bananduta nengoen. Seme txikienak 14 urte zituen. Gurasoen laguntzarik gabe, ezingo nuen egin dudana egin. Goizean etxetik atera, eta 22:00etan iristen nintzen etxera».

Hasieratik argi izan zuen hockeyan ezinbestekoa zela berdintasunaren bidean urratsak egitea. «Iritsi nintzenetik izan dudan erronka nagusietakoa da.Bidegabea iruditu zitzaidan junior mailatik aurrera neskek aukerarik ez izatea hockeyan aritzeko». Hala, emakumeen taldea martxan jartzeko lanean hasi zen. Nahiz eta bai klubeko zuzendaritzatik eta bai kanpo klubetatik gauza bera entzun behar izan zuen: ez zela errentagarria. «Behin eta berriz esaten zidaten. Baina nik argi esan nien gu ez ginela irabazi asmoko klub bat, eta berdintasuna bermatu behar genuela, justizia eta eskubide kontua zela». Errentagarritasunarena aipatzen zioten askori galdera batekin erantzuten zien: «Galdetzen nien ea gizonezkoena sustatzezko ez ote ziren egiten errentagarriak ez ziren gauzak, eta ez zuten jakiten zer erantzun. Gainera, tranpatia iruditzen zitzaidan gizonezkoenarekin egiten zuten alderaketa, gizonezkoen taldeek 40 bat urte baitaramatzate lehian. Bakoitzak bere bidea egin behar du. Alderaketa horretan dago askotan berdintasunaren bidean urratsak ez egiteko aitzakia».Hala, senior mailako emakumezkoen taldea jarri zuten martxan. «Klubaren barruan ere pedagogia eta borroka asko egin behar izan nuen. Baina oso harro eta pozik nago. Uste dut urte hauetako lorpen garrantzitsuenetakoa dela».

Borroka hori egunerokoa da. «Ondoren, nire helburua haien baldintzak hobetzea izan zen: entrenamendu ordutegiak eta aldagelak. «Hasieran, azken txandan entrenatzen ziren, eta ia gauerdian amaitzen zuten. Hori aldatuz joan da. Gainera, sasoi honetan aldagela propioa dute. Taldea, gainera, emaitza paregabeak lortzen ari da. Besteak beste, Ligako eta Kopako txapeldunorde izan da. «Horrek erakusten du baliabideak jartzen direnean emaitzak lortzen direla; ez zaie soilik emaitzei erreparatu behar. Kirol talde batek ere balio batzuk sustatu behar ditu,gizarte ikuspegitik ekarpen bat egin behar dio gizarteari, eta horietako bat da berdintasunarena da».

Argi du emakumezko bat karguan egon izan ez balitz beharbada klubak ez zituela pauso horiek emango. «Azken batean,emakume guztioi egokitu zaigu berdintasun falta horren ondorioak jasatea. Genero ikuspegia dugu buruan. Eguneroko lanean txertatzen dugu hori. Horregatik da garrantzitsua emakumeakerabaki eta ardura postuetan egotea. Zer esanik ez kirolean, beti izan baita berdintasun falta». Udan utziko du kargua, eta bere ordezkoa emakumezkoa izatea gustatuko litzaiokeela onartu du. Presidentetza utziaurretik, bada ezarri nahi duen zutarri bat. «Klubean erabaki bat hartzean gizonezkoen zein emakumezkoen taldeak aintzat hartzea, berdintasuna oinarri duen kirol politika bat egitea, pistan zein hortik kanpo».

Pistatik kanpo, harreman estua izan du hedabideekin eta erakundeekin. Haien inguruan, hausnarketa hau egin du: «Erakundeek berdintasunaren alde lan egiteko esaten digute, baina gero diru gutxiago ematen digute gizonezkoen talderako, emakumezkoen talderako baino. Hedabideei, berriz, eskatuko nieke tratamendu bera emateko emakumezkoen taldeei eta gizonezkoenei. Izan ere, askotan ez dute hala egiten».

«Emakumea buru duen kudeaketa eredu bat parte hartzaileagoa da»
Isabel IturbeBilbo Basketeko presidentea

Natural» hartu zuen Surne Bilbo Basketeko presidentearen kargua Isabel Iturbek. «2014tik zuzendaritza batzordean nengoen, eta oso gertutik erreparatzen nion klubaren egunerokoari». Bilbo Basketeko presidente izateaz gain, Bizkaiko emakume enpresari eta zuzendarien elkarteko buru ere bada. Espero du etorkizunean emakume gehiago ikustea ardura postuetan. «Eraginkortasunaren, berdintasunaren eta aniztasunaren ikuspegitik, ezinbestekoa da erabaki guneetan emakume gehiago egotea. Gure elkartekook lanean ari gara hori bultzatzeko».

Kargua eskaintzen denetik ikusten du aldea Iturbek. «Gizonezkoek ez dute bitan pentsatzen; emakumezkook, berriz, buelta asko ematen dizkiogu. Familia eta lana uztartze horrekin zerikusi handia du, zaintza lanekin». Horri lotuta, hausnarketa hauegin du: «Normalean, botere egiturak 19:00etan biltzen ziren. Non zegoen orduan emakumea? Zaintza lanetan. Hala, emakumea ez zegoen enpresetako konfiantza eta botere egituretan, eta horiek dira ardura postuak erabakitzen dituztenak. Pixkana aldatuz doa hori».

ACB ligan, bera da emakumezko presidente bakarra. «Gipuzkoa Basket ACBn zegoenean, Nekane Arzallus ere egon zen. Baina gero utziegin zuen. Zailena presidente kargura iritsi aurreko bidea da; behin horra iritsita, nik behintzat ez dut arazorik izan. Tratua ona izan da, eta nire proposamenak entzunak eta kontuan hartuak izan dira. Gainera, hasieran komentariorik izan bazen, entzungor egin nien, banekielako zenbat kostatu zitzaidan horra iristea».

Ez da ausartu esatera emakumeak hobeak ote diren klub bat kudeatzeko. «Gehiegi esatea litzateke. Baina argi dago gizonezko bat buru duen kudeaketa egitura bat hierarkikoagoa eta bertikalagoa dela, eta emakumezkoena horizontalagoa. Eta azken eredu hori parte hartzaileagoa da. Kudeaketaz hitz egiten dugunean, emakumeok pluralean hitz egiten dugu, eta gizonezkoek, singularrean». Gainera, askotan, egoera zail dagoenean ematen zaie emakumeei kudeatzeko ardura. «Ohikoa izaten da. Baina hori ez dugu ikusi behar fardel bat balitz bezala, baizik eta aukera eta erronka moduan. Ausartu egin behar dugu ardura postuetan egotera, eta geure buruarengan sinetsi».

Gizonezkoen taldeen erabaki guneetatik berdintasunaren alde lan asko egin daitekeela nabarmendu du, «Adibidez, gure kasuan, harrobiko taldeak ditugu, eta bertan emakumezkoak ditugu entrenatzaile. Bestalde, bulegoetan eta klubeko egituretan ere berdintasun ikuspegi horrekin egiten dugu lan. Gainera, Bizkaian Lointek Gernika da emakumezko zutarria, eta haiekin elkarlanean ere egitasmo asko egiten ditugu. Emakumeen saskibaloia oso errotuta dago gurean, eta hori kontuan hartzen dugu».

«Babesleentzat geroeta erakargarriagoa da emakumezkoen kirola»
Mertxe LopezAnaitasunako presidentea

Harro» dago Mertxe Lopez Helvetia Anaitasunako presidente izateaz. Jende askorentzat gizonezkoen eskubaloiagatik da ezaguna, baina beste hainbat diziplinaditu klubak, eta kultur jarduerak ere sustatzen ditu. «Askotan, oraindik ere sinestezina iruditzen zait ni presidentea izatea. Baina oso gustura ari naiz lanean». Iritsi zenetik, genero ikuspegia «oso presente» izan du. «Kirol diziplina asko izateak izugarri lagundu digu horretan, ikuspegi hori oso errotuta baitago klubean ere». Zuzendaritza batzordeko hamaika kideetatik sei dira emakumezkoak. «Argi nuen nire zuzendaritzan emakumeak oso presente egon behar zuela». Kanpora begira ez ezik, barrura begira ere hartu dituzte berdintasun neurriak. Hala, klubera iritsi zenetik, konpromisoa hartu zuen berdintasun plan bat egiteko eta ezartzeko. «Pixkanaka ari gara, eta jokalariak ere engaiatu nahi ditugu berdintasun eta genero egitasmoetan. Ez dugu nahi paper huts bat izatea: berdintasun erreala nahi baitugu». Bestalde, klubaren harremanetan eta komunikazioetan hizkuntza ere asko zaintzen dute, berdinzalea izan dadin. «Garrantzi handiko kontuak iruditzen zaizkigu».

Asobal ligan, Antequerako presidentearekin batera emakume bakarraari da klub bat gidatzen. «Ohituta nago, egokitu izan baitzait beste eremu batzuetan administrazio kontseiluetan egotea, eta gizonezkoak beti izan dira gehiengoa».Urte hauetan bizi izandakoaren ostean, azpimarra hau egin du: «Tratua ona da. Baina, edozein proposamen aurkezteko orduan, gehiago landuta eraman behar duzu gizonezkoek baino; eta entzuna izateko, ozenago hitz egin behar duzu. Guri gehiago eskatzen zaigu, eta guk geure buruari gehiago eskatzen diogu oro har».

Emakumezkoen eskubaloiak bere bide propioa egin du, eta, futbolean ez bezala, gutxi dira emakumezkoen taldeak dituzten Asobal ligako klubak. Anaitasuna da bakanetakoa. «Gure harrobian, ziurrenik, gehiago ditugu emakumezkoak gizonezkoak baino. Gure emakumezkoen taldea Ohorezko Bigarren Mailan dago, eta gustatuko litzaiguke egunen batean gorenean egotea; apustu argia dugu».

Kluben zailtasunetako bat babesleak lortzea izan ohi da. Lan horretan buru-belarri ari da Lopez, eta azkenaldian zera antzeman du: «Babesleei gero eta erakargarriagoa egiten ari zaie emakumeen kirola. Askotan esaten digute beraiek emakumeen taldea babestu nahi dutela. Berri oso ona da hori emakumezkoen kirolarentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.