Berdintasuna, xakearen erronka eta etorkizuna

Oraindik ere gutxiago dira xakean lehiatzen diren emakumeak, gizonekin alderatuz gero. Egoera hori iraultzeko estrategia eta ikuspegi desberdinak dituzte xakearen inguruan lanean ari diren erakundeek eta federazioek.

Kataluniarra 9 urterekin hasi zen xakean jokatzen. GORKA RUBIO / FOKU.
Josu Tornay.
2023ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Beste kirol gehienetan bezala, xakearen munduak badu zer konpondua berdintasunaren alorrean. Torneo ia guztiak mistoak dira, baina horren atzean bestelako arazoak ezkutatzen dira: nagusiena, kopuru aldetik askoz gutxiago direla oraindik ere maila gorenean lehiatzen diren emakumezkoak, gizonezkoekin alderatuz gero. Adinean gora egin ahala, gainera, aldea handiagoa da. Horren arrazoiak askotarikoak dira, eta konponbidea ere ez da bakarra izango. Estrategia kirol bat da xakea, eta erakundeek eta federazioek ere askotariko estrategiak dituzte egoera iraultzeko.

Historiari erreparatuta, emakume xakelari ezagunenak Polgar ahizpak dira: Zsuzsa, Zsofia eta Judit. Hungariarrak dira, eta Judit 12 urtez azpiko munduko txapeldun izan zen. Txapelketa mistoa zen. Gainera, historiako maisu handi gazteena izatea lortu zuen, 15 urterekin. Nazioarteko Xake Federazioko (FIDE) zerrendetan hamar onenen artean kokatu zen 1996ko urtarrilean, eta torneo ospetsuenetan puntako emaitzak lortu zituen. Ez zuen emakumezkoentzat propio ziren torneoetan parte hartu. Soilik torneo mistoetan jokatuko zuela erabaki zuten hasieratik haren gurasoek, eta gerora hark ere horri eutsi zion. 2014an erretiroa hartu zuen. Polgarrek iruzkin matxistak jasan zituen bere aurkari batzuengandik. Oihartzun gehien izan zuena Garri Kasparovena izan zen. Hark adierazi zuen Polgarrek talentu handia zuela xakean jokatzeko: «Baina emakume bakar batek ere ez dio eutsiko nire aurkako lehia luze bati». Ordu arten hamahiru aldiz jokatu zuten elkarren aurka. Hirualdiz berdindu zuten, eta beste hamarretan Kasparovek irabazi zuen. Baina adierazpen horien ostean, 2002an, Moskun, Polgarrek irabazi egin zion. Bobby Fischer ere bere garaian Kasparoven moduan mintzatu zen, eta 2015ean Nigel Shorte maisu handi ospetsuak zalaparta handia sortu zuen. «Nesken burmuina ez dago prestatuta xakean jokatzeko» esan zuenean.

Egun, FIDEko zerrendan ranking onena duen emakumea Yifan Hou txinatarra da, eta munduko 110. postuan dago; bigarren emakumea, berriz, Aleksandra Goriatxkina errusiarra da, eta 287. postuan dago. 1.000 xakelari onenen artean hogei emakume daude.

Xakeak duen erronketako bat da, hain zuzen, emakume gehiago erakartzea eta horiek gorago agertzea sailkapenean. Izan ere, kategoriak eta adina gora joan ahala emakume kopurua gutxituz doa. Hori aldatzeko asmoz, federazioen artean dagoen eztabaida nagusia txapelketa ereduena da. Torneo ia guztiak dira mistoak, nahiz eta badiren gutxi batzuk propio emakumezkoentzat direnak.

Espainiako Federazioa da txapelketa mistoak besterik antolatzen ez dituenetako bat. Bide horretan, Maria Rodrigok, Espainiako Xake Federazioko Xakea eta Emakumea Komisioko buruak argi du: «Soilik gizon zein emakume elkarrekin lehiatzen bagara lortuko dugu berdintasuna» Euskadiko Xake Federazioak, berriz, Euskadiko Txapelketa mistoa antolatzen du, baina baita propio emakumezkoena ere. «Horiei esker, emakume xakelarien arteko harremanak eta sareak sendotu egiten dira, eta uste dugu eredu horrekin errazagoa eta erakargarriagoa dela emakumeentzat lehian jarraitzea», dio Eider Velascok, Federazioko Berdintasunerako Komisioko zuzendariak.

Baina zer iritzi dute egoeraz benetako protagonistek, emakume xakelariek? Eli Ruiz kataluniarra da. 9 urterekin hasi zen xakean, anaiaren eskutik. Eskolarteko eskualdeko torneo batean izan zen. Duela lau urtetik Donostian bizi da. 2021ean emakumezkoen Gipuzkoako txapeldun izan zen, eta hirugarren sailkatu zen Euskadiko txapelketan. Iaz arantza atera ahal izan zuen azken horretan, garaipena lortu baitzuen. Bigarren izan zen Miriam Parkhurst. Mexikarra da, eta 7 urterekin hasi zen xakean. Osabak animatu zuen umeentzako torneo batean parte hartzera. Duela urtebete etorri zen Euskal Herrira, eta egun Bilbon bizi da. Cecilia Perez, berriz, Irungoa (Gipuzkoa) da, eta ikastolan hasi zen jokatzen, 6 urterekin. 12rekin Gros Xake taldean izena ematera animatu zen. 2021ean Euskadiko txapeldun izan zen, eta iaz hirugarren amaitu zuen.

Bakoitzak bere esperientzia bizi izan du, eta talaia horretatik mintzatu da. Ruiz emakumezkoen txapelketa propioen aldekoa da, batez ere eremu lokalean. «Emakumeen artean xakea bultzatzeko balio dezaketela uste dut, eta horrekin batera xakearen ikuspegia aldatzeko. Izan ere, oraindik ere gizonezkoen zerbait bezala ikusten da. Profesionaletan, berriz, uste dut hobe dela soilik torneo mistoak egotea. Horrek emakumezkoen maila igotzen lagun dezakeela uste dut». Kontrakoa uste du Parkhurstek. «Torneo eta sari propioak egoteak emakumeak xakera hurbiltzen laguntzen duela uste dut, baita motibazioari eusten ere». Perezi bi estrategiak iruditzen zaizkio onuragarriak: «Biak dira baliagarriak. Espainiako Federazioaren kasuan, emakumezkoen txapelketa kentzea erabaki zuen, eta torneo mistoko emakume onenak saritzea. Ondo irten zela uste dut. Euskadikoak, berriz, emakumezkoari eutsi dio, eta horrek ere emakumeen parte hartzea sustatu du, adin eta maila guztietan. Giro goxo eta abegikor batean egin da, gainera».

Torneo gehienak mistoak izanda ere, emakumeen parte hartzea baxua da oraindik. Hori adin txikietatik antzematen dela nabarmendu du Ruizek. Bere kasua ekarri du gogora: «Ni 9 urterekin hasi nintzen xakean. Hasi nintzen klubean beste neska bat zegoen, besterik ez. Horrek nire garapena baldintzatu zuen, erosoago nengoelako neskekin lehiatzen eta torneoetan parte hartzen. Hori ez zen beti posible izaten». Parkhursten bizipena bestelakoa izan da. «Nire kasuan, xakean aurrera egiteko arazo handiena lehiak ekonomikoki sustatzea izan da, baina ez emakumea izatea. Nik ez dut sekula diskriminaziorik pairatu. Kontrakoa: miresmena jaso dut gizonezko xakelarien aldetik». Perezek azpimarra hau egin dio gaiari: «Nire klubean tratu berdina ematen zaie neskei eta mutilei. Txikitatik neska-mutilak elkarrekin aritu gara, eta entrenamendu berdinak jaso ditugu, Gipuzkoako eta Euskadiko federazioetako teknifikazio taldeetara joan garenean. Egia da neska gutxiago ginela, eta horrek motibazio apur bat kentzen dizu».

Erreferente falta

Egoera hori aldatzeko bakoitzak dauka bere ikuspegia. Ruizen ustez: «Aipatu bezala, gertutasunetik lan handia egin daitekeela uste dut: torneoak antolatuz, eskoletan gaia landuz... Horrek urteetan egon diren ikuspegiak desmuntatzen lagun dezakeela uste dut. Bestalde, profesionalean soilik torneo mistoak antolatzea ere emakumeen maila igoko luke». Parkhurstek, berriz, argi du. «Ez dut uste maila berean lehiatzea izan behar duenik helburua». Perezen arabera, ez dago arrazoi edo konponbide bakar bat. «Nik uste dut bizitzako une edo garai bat iristen dela, non interesak eta ardurak aldatzen diren, eta neska askorentzat xakeak lehentasuna galtzen duen. Gainera, sarritan, emakumezkoen ereduak falta dira xakean, eta horrek emakumeak xake komunitatean bakartuta sentitzea ekar dezake. Bestalde, ez dut uste gizonezkoen eta emakumezkoen artean xakeari lotutako gaitasunetan alderik dagoenik. Baina egia da errendimenduan eragina izan dezaketen desberdintasun batzuk egon daitezkeela. Adibidez, gizonezkoek izaera lehiakorragoa dute, eta horrek jarraitzera bultzatzen ditu».

Harrobiaren egoera ondo ikusten dute hirurek: «Egun askoz neska gehiago ibiltzen gara xakea. Neska gazte asko daude, maila oso altuarekin etortzen direnak», dio Perezek. Esperientzia apur bat gehiago dute Ruizek eta Parkhurst, eta nahiz eta Euskal Herrian denbora gutxi eman, beren hausnarketa egin dute. Ruizek ondorengoa adierazi du: «Adin guztietako jokalariak daude, motibazio handiarekin. Torneoetan giro oso polita sortzen da, eta hori ez da leku guztietan ikusten». Parkhurstek ere giroari erreparatu dio: «Oso atsegina izaten da».

Beste hainbat kiroletan bezala, xakean ere emakumezko erreferenteak falta direla nabarmendu dute. Perezi bere klubean ari den Elizabeth Paehtzen joko estiloa gustatzen zaio: «Lehiatzeko modu ikusgarria dauka, eta duela gutxi maisu handi titulua lortu zuen». Ruizek Judit Pogar jokalari handia miresten du: «Oldarkor aritzen zen, eta joko mota hori neurearekin identifikatzen dut. Gainera, lan handia egin du gazteen artean xakearekiko zaletasuna bultzatzeko». Parkhurstek nahiago du gertukoei erreparatu.

Egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dauden jokalari federatuen artean %7 dira emakumeak; Nafarroan, %11. Soilik 18 urte azpiko lizentziak hartuta ehunekoak %11 eta %18ra igotzen dira. Miguel Angel Muela Euskal Xake Federakuntzako presidenteak argi du: «Xakearen geroa emakumeen parte hartze handiagoan dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.