«Kirola egin, bai, baina kirolean eragin ere bai». Horixe dio Ainhoa Azurmendik (Hernani, Gipuzkoa, 1978). Ondorio hori eta beste asko atera ditu bost urtean, bere tesia egiten aritu denean. Emakumeek kirol-arloan entrenatzaile eta epaile izateko aurkitzen dituzten oztopo psikosozialak du izena lanak.
Gaiaren argazki orokorra zein da?
Gero eta emakume epaile eta entrenatzaile gehiago daude, baina, oso maskulinoak diren kiroletan, oztopoa oso argi ikusten da: emakumezkoak onartzeko erresistentzia handia dute, eta emakumeak beraiek konturatzen dira.
Zein dira kirol maskulinoak?
Futbola batez ere, automobilismoa, arrauna... Gizonezkoen ezaugarriak gehiago nabarmentzen dira, horrela esleitu edo iritsi zaizkizuelako gizonezkoei, femenino eta maskulino bereizketa horretan. Kirol horietakoek gehiago pairatzen dute diskriminazioa.
Nola gauzatzen da?
Hiru aipatzen ditut nire tesian: oztopo soziokulturalak daude batetik: emakumeek sentitzea ez garela gai geure egitekoak ondo egiteko. Epaileetan garbi ikusten da jasaten dituzten irain matxistetan.
Zer jarrera hartzen dute erakunde ofizialek kasu horietan?
Erakundeek edo kirol federazioek ematen duten erantzuna kritikatu egin behar da; isun txikiak jartzen dituzte, eta garrantzia kentzen diete gertakariei, kasu bakan moduan hartuz.
Diskriminazioa gauzatzeko beste bi modu aipatu dituzu lehen.
Erakundeen antolaketari dagokio bigarrena, eta hautaketetan gauzatzen da. Emakumezkoei ez dizkiete gizonezkoei ematen dizkieten aukera berberak ematen, nahiz eta maila hobea eduki. Emakumezkoak jartzen dituzte emakumezkoen partidak epaitzen. Horren atzean dago gizonezkoen kirolak estatus sozial handiagoa duela, eta ordaindu ere gehiago ordaintzen da, gainera, gizonezkoak epaitzea, maila berean emakumeak lehiatuta ere. Hirugarrenik daude norberak sortzen dituenak.
Zer iruditu zaizu Eibarrek klub moduan hartu duen jarrera bere bi jokalariren sexu aferan?
Oso larria iruditu zait. Azkenean, futbolak duen indarrarekin askoz eragin handiagoa izango luke futboleko klub batek jarrera eredugarri bat hartu eta plazaratzea urte osoan egiten diren kontzentrazioguztiek baino.
Aukera ona galdu da?
Gizartearen aurrean irmo azaltzeko, bai. Eta klubaren balioak non geratu dira? Zer nahi dio eman gizarteari balioen aldetik?
Bada kirolik bide onean doanik?
Errugbia izan daiteke maskulinoen artean. Eredutzat har daiteke.
Emakumezko epaileak gizonezkoak epaitzen dituenean nolako jarrera hartzen du?
Tesirako epaileak elkarrizketatu nituenean, gai hau atera zen. Esaten zidaten jakin egin behar dutela inposatzen, badakitelako jokalariek beren balioa ezbaian jarriko dutela, emakumezkoa izateagatik. Hori da emakumezkoek pentsatzen dutena aldez aurretik. Beste esparru batzuetan aldatu egin da hori. Adibidez, medikuntzan ohitu egin gara emakumezko medikuak ikusten, eta ez dugu zalantzan jartzen beren balioa.
Ezagutuko al dugu berdintasuna gai honetan?
Baietz uste dut. Kontzientzia badagoelako arazoa badela. Mahai gainean dago, azken batean, eta positiboa da. Hala ere, behar da apustu argiagoa eta handiagoa. Formazioa behar da behe-behetik berdintasuna onartzeko. Ez goaz gizonezkoak inondik kentzera, berdintasuna lortzera goaz, eta aberasgarriagoa izango litzateke denontzat.
Nondik etorri behar du apustuak?
Abiapuntua legedia izan behar da, hor dagoelako, eta erabilgarria delako. Baina ez da betetzen. Administrazio publikoari dagokio betetzea eta kontrolatzea. Berdintasunerako Legean esaten da ezin zaiola diru laguntza publikorik eman diskriminatzen duen edozein federazio edota elkarteri. Gero, dekretu bat dago esaten duena administrazioak jartzen duen epean federazio guztiek berdintasun plana jarri behar dutela abian. Bada, nik dakidala, guztira hamabost federazio bakarrik ari dira horretan 2006tik, eta 200 bat dauzkagu.
Zergatik ez ditu neurriak hartzen dagokionak?
Hori galdetzen dut nik ere. Apustua egitea falta da, hau bete egin behar dela esatea. Justizia kontua da gai hau. Berdintasuna lortzeko legea aplikatu behar bada, zeren zain zaudete aplikatzeko? Lege hau ez betetzea ez da punitiboa EAEn eta Nafarroan. Esan didate Nafarroan ari dela legea egiten edo berritzen, eta saiatuko direla punitiboa izaten.
Behetik gora zer egin daiteke?
Konpromiso soziala dago. Ez dut ulertzen nola ez duten eduki nahi kirol munduan indar potentzial guztia erabiltzeko nahia, emakumezkoak bazterrean utzita. Aberastasuna emango lioke, beste esparru askotan gertatu den bezala. Emakumeek gero eta gehiago egiten dugu kirola, eta batzuk horretan bakarrik geratzen dira. Baina askoz gehiago da: kirolean eragin nahi dugu. Ez zaigu gizonezkoen iritziari hainbesteko garrantzirik ematen gureari.
Ainhoa Azurmendi. EHUko irakaslea
«Berdintasun legea dago, baina ez da betetzen ari»
Tesia egin du emakumeak epaile eta entrenatzaile izateko oztopoen inguruan. Gizarteko arazoa dela dio, eta konponbidea duela: «Formazioa behar da behe-behetik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu