Berdea ere lehiatzen ikusi nahi dutelako

Uruguairen zaleek lagunduta, euskal selekzioaren aldekoek kalejiran aldarrikatu dute ofizialtasuna, 'Gu ere Bai!' plataformak eta Gure Esku-k deituta.

Ofizialtasunaren aldeko kalejira, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ofizialtasunaren aldeko kalejira, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2024ko martxoaren 23a
20:33
Entzun

Futbol egunetan Bilbo apaintzen duten zuriari eta gorriari berdea gehitu zaie gaur, aspaldiko partez. Arratsaldean, erdigunera eta San Mamesera hurbildu ahala agertu dira lehen bufanda orlegiak lepoetan, eta gero ugaritu egin dira ikurrinak, sorbaldan zein gerrian lotuta. Lau urteren ondoren, gizonezkoen euskal futbol selekzioak milaka lagunen grina piztu du berriro, eta gogo horrek aldarrikapen bat dakar berekin: euskal selekzioen ofizialtasuna agenda politikoan sartzea. Gaurkoan jai giroan egin nahi izan dute eskaera hori Gu ere Bai! plataformak eta Gure Esku-k, eta kalejira baten bidez adierazi dute elastiko berdea ofizialki lehiatzen ikusi nahi dutela.

Indautxu plazan bildu dira euskal zaleak, San Mameserantz abiatzeko. Txistu doinuek erakarrita elkartu dira, baina euskal selekzioaren koloreak segituan nahastu dira urdinarekin: Uruguairen 1.500 zale inguru iritsi dira, eta Ikusi mendizaleak abestiaren notak segituan uztartu dira uruguaitarren danbor hotsekin eta kantuekin. Tarteka euskal zaleen inbidia ere piztu dute haien builek: «Volveremos otra vez, volveremos a ser campeones, como la primera vez» (Berriro izango gara txapeldun, lehen aldian bezala). Izan ere, txapeldun izateko, lehiatzeko aukera izan behar da, eta, horretarako, ezinbestekoa da ofizialtasuna.

Bertakoen zein kanpokoen txalo artean eta jai giroan egin dute futbol zelairako bidea. Aurrean, txistulariak. Ondoren, ikurrina handi bat, Gure Esku-ren mezuarekin: Euskal Herriak erabaki. Gero, pankarta: Euskal selekzioa. Ofizialtasuna. Euskal Herritik mundura. Eta azkenik, ehunka zale, gazte kuadrilletan, familietan. San Mameseko atarian, Jose Angel Iribarren eskulturaren alboan geratu dira, eta ekitaldi xume bat egin dute han.

Iparragirreri omenaldia

Uruguairen zaleen babesa eskertzeko, Jose Mari Iparragirre olerkari eta bertsolaria omendu dute, bi herrialdeen arteko zubi izan baitzen. Memoriaz mintzatu da Gontzal Mendibil abeslaria, eta gogora ekarri du aspaldikoa dela Uruguairen eta Euskal Herriaren arteko harremana: «Uruguaiko sei biztanletik bat euskal jatorrikoa da». Han bizi izan zen Iparragirre hemeretzi urtez, eta han utzi zituen zortzi seme-alaba. Han idatzi zuen, besteak beste, Gernikako arbola abesti ospetsua, eta hori kantatuz egin diote gorazarre.

Euskal selekzioa animatzera zelaira sartu baino lehen, ofizialtasuna aldarrikatu dute berriro, baita erabakitzeko eskubidea ere. «Gure kultura, herria, nazioa, selekzioa erakutsi nahi dugu munduan», esan du Patxi Gaztelumendi Gu ere bai!-ko kideak. Dozenaka pertsonak lagunduta, Bagare kantatu du Mendibilek, eta, gero, ikurrina handia bereziki astindu dute Gure Esku-ren abestiaren erritmora. «Hori nahi dugu, jende zoriontsua herri libre batean, eta Euskal Herriko kirolariak nazioartean». Elastiko berdea lehiatzen ikusi ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.