Virginia Berasategi triatletak legez kanpoko substantziak hartu izana aitortu du. Negarrari ezin eutsita, «zezenari adarretatik heltzeagatik harro» dagoela esan du Bilbon eginiko agerpen publikoan, «egia kontatzeko beharrarekin». Iragan astean jakin zen Bilboko triatloian eginiko analisian EPOarekin positibo eman zuela. Triatleta bilbotarrak proba irabazi zuen, eta hasiera batean kontranalisia eskatu zuen.
Dopatu izana kirolaren gogortasunari egotzi dio Berasategik bere aitorpenean: «Urtebete pasatxo daramat gaizki. Gorputza txikituta daukat, eta psikologikoki hautsita nago». Kirolari izateari utzi behar izatearen ideiak gaizki pasarazi dio azken urteetan. «Ez dakit prest nagoen bizitzari aurre egiteko», aitortu du hunkituta. 2003an munduko distantzia luzeko triatloi txapelduna izandakoak aurten zuen bere kirol ibilbideko azken urtea, eta erretiroa uste baino lehenago hartu beharko du zigorra dela eta.
Ez du nahi, dena den, positiboak bere ibilbidea zikintzerik nahi, eta lortutako garaipenez harro mintzatu da: «Hemen, aurpegia eman eta barkamena eskatzeko nago. Nire ibilbidean hamaika kontrol igaro ditut, eta garbi jokatu dudala erakutsi dut» —2005ean ere postibo eman zuen, baina auzia artxibatu egin zuten kontrolean egondako hutsengatik—. Jarduera profesionala amaitzear zegoela, «kirolari batek egin dezakeen okerrena» egin du. Berasategi ez da kontranalisiaren zain geratuko, errudun dela baitaki, eta hori «oker bat beste oker batekin tapatzea litzateke. Zertarako, gainera? Bizitzak aurrera segitzen du, eta nik zintzoa izaten jarraituko dut».
Huts egin dion jende guztiari barkamena eskatu dio: «Batez ere nigan sinistu duten horiei, babesleei, erakundeei, triatleta guztiei, zaleei eta profesionalei». Eskerrak eman nahi izan dizkie, halaber, une txarrenetan alboan izan dituenei, «eta, nola ez, oker larri hau egin ondoren, barkatu didatenei». Gogorarazi du bera dela lehenengo «biktima», eta erantzukizunez aurrera jarraituko duela. Agerpenean, aita izan du alboan une oro, eta Sabi Anunziata eta Beatriz Marcos Bilboko Udaleko zinegotzien eta Xabier Jon Davalillo Bilbo Basketeko presidente ohiaren babesa izan du.
Berasategi: «Fisikoki zein psikologikoki hautsita nago»
Triatletak jendaurrean aitortu du legez kanpoko substantziak hartu izana, eta barkamena eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu