Zortzigarrenez jarraian ari da jokatzen maila nagusiko BinakakoTxapelketa Julen Martija (Etxeberri, Nafarroa, 1997). Aurreko zazpi aldietan askoz gehiago gozatu du sufritu baino: bitan izan da txapeldun, eta behin txapeldunorde. Oraingoan, ordea, askoz gehiago ari da sufritzen gozatzen baino. «Pena» du horregatik, baina «gogotsu» dago «egoera iraultzeko».
Gauzak beste modu batera ikusten dira irabazi eta gero?
Bai. Jada bi garaipen ditugu, eta kanporaketa jokatzeko aukera txiki bat dugu. Hori aprobetxatzeko borrokatu behar dugu.
Sailkapenari beste modu batera erreparatzen diozue?
Oraindik oso zaila dugu sailkatzea, baina alde handia dago lehengo egoerarekin alderatuta: garaipen bakar bat ere ez genuenean, oso beltz ikusten genuen dena. Orain, gainera, ondo ari gara. Larunbatean oso partida garrantzitsua dugu Jakaren eta Imazen aurka; final bat da. Gogotsu gaude hura jokatzeko.
Final bat zen azken jardunaldian Jon Ander Peñari eta Jon Ander Albisuri irabazi zenieten partida ere. Orain, garaipen batera dituzue, eta tanto alde hobea duzue.
Galdu izan bagenu, jada ez genuen aukerarik izango. Baina irabazi egin genuen, eta, horri esker, asteburu honetan guk irabazten badugu, eta haiek galdu, aurrea har diezaiekegu, eta azken postua atzean utzi.
Zer sentitzen duzue: garaiz suspertu zaretela edo agian berandu dela?
Berandu irabazi genuen, baina oraindik bizirik gaude, eta hori da garrantzitsuena. Aukera dugun bitartean borrokatuko gara.
Azken hiru partidetatik bi irabazi dituzue. Joera on baten isla da?
Bai. Galdu dugunean ez dugu galdu alde handiz, eta guztietan borrokatu gara. Baina ez dugu irabaztea lortu. Lehen, ondo entrenatzen ginen, baina partidetan kosta egiten zitzaigun 22ra iristea. Eta konfiantza galdu genuen. Orain, ordea, berreskuratu dugu, eta hobeto ari gara. Horri eutsi nahi diogu.
Zertan hobetu duzue?
Konfiantza handiagoa dugu. Gaizki edo ondo jokatu, baina partida bat irabazi behar genuen, hurrengora konfiantzaz joateko. Lehen garaipenak indar handia eman zigun: liderrei irabazi genien, Josebari [Ezkurdiari] eta Beñati [Rezustari]. Galdu egin genuen hurrengo neurketa [22-18 Aitor Elordiren eta Jose Javier Zabaletaren kontra], baina ondo aritu ginen. Ongi jokatu dugu azken hiru partidetan.
Lehen zortzi partidak galdu zenituzten. Erraz esaten da hori.
Hala da, eta zaila da barneratzen. Sasoiz eta jokoz ondo ginen, baina buruari buelta gehiegi ematen genizkion.
Inoiz izan zenuen horrelako bolada txarra?
Binakakoan, inoiz ez. Udan izan ditut bolada txarrak, baina garrantzi handirik gabeko partidak ziren.
«Konfiantza galdu genuen. Orain, ordea, berreskuratu dugu, eta hobeto ari gara. Horri eutsi nahi diogu»
Nola egin diozue aurre egoerari?
Galdutako partidetan, saiatzen ginen elkarri animoa eta konfiantza ematen, baina ez da erraza hori egitea halako bolada txarra daramazunean, norbera ere ez baitago ondo. Baina Peiok eta biok asko hitz egiten dugu elkarrekin, eta beti saiatzen gara atzematen zer egin dugun gaizki eta zer hobetu dezakegun; dena esaten diogu elkarri.
Buelta asko eman dizkiozu buruari?
Ni izatez lasaia naiz, baina bai, eman dizkiot buruari buelta batzuk. Gainera, jendeak esaten duena entzun behar duzu, eta ez da atsegina. Hala ere, beti saiatu naiz baikor izaten eta aurrera egiten.
Ohi baino gehiago jo duzu pianoa burua lasaitzeko?
Ez, baina saiatu naiz beste gauza batzuk egiten, pilota alde batean uzteko; ez du onik egiten egun osoan pilotan pentsatzeak.
Peio Etxeberriak esan zuen bolada txar horretan batzuetan «beldurra» sentitzen zuela pilota gerturatzen zitzaionean. Zuk ere hori sentitu duzu?
Beldurra ez, baina konfiantza oso gutxi bai. Normalean, gozatzera joaten gara frontoira, eta ni urduri joaten nintzen, ezohiko pentsamenduekin; adibidez, ea ez nuen huts asko egingo.
Hunkituta hitz egin zenuen lehen partida irabazi zenutenean. Zera esan zenuen: «Profesionalak gara, baina jendeak ezin du imajinatu zein gaizki pasatu dugun».
Horrela sentitu nuelako esan nuen: kanpotik ez da ikusten, baina, batzuetan, sufritu egiten dugu, eta gaizki pasatu. Lehen aldiz irabazi genuenean, zama handia kendu genuen gainetik. Ezinbestean irabazi behar genuen.
Atzelarien txapelketa da binakakoa. Amorru handiagoa ematen du horrek?
Bai. Atzelariok binakako ona egin nahi dugu, hau baita gure txapelketa nagusia; hau jokatu eta gero, udara iritsi arte itxaron behar dugu. Aurrelariek, berriz, buruz burukoa dute gero. Atzelariok barruan dugun guztia eman nahi dugu binakakoan, eta pena ematen du hori eman ahal ez izateak.
Ezustekoa izan da zuen jarduna. Txapelketa aurkeztu zutenean, itxura polita zuen Peiok eta zuk osatutako bikoteak.
Guk ere ez genuen halakorik espero. Gainera, ni izatez baikorra naiz. Baina halako bolada txar bat harrapatzen duzunean, zaila da irtetea. Hasieratik kosta egin zitzaigun aurrera egitea. Batzuetan halakoak gertatzen dira: pentsatzen duzu bikote bat faborito dela, eta gero hori ez da betetzen. Garrantzitsuena da halakoak gertatzen direnean prest egotea aurrera egiteko. Guk hala egin dugu, eta orain bestelako aldarte eta konfiantza batekin gaude.
«Inoiz ez nuen halako bolada txarra sufritu, eta, hasieran, ez nekien zer egin; zaila izan da, baina aurrera egin dut»
Zortzigarrenez jarraian ari zara binakako nagusian. Hau izan da zailena?
Bai. Beste ekitaldi batzuetan min izan dut eskuetan, baina halakoak denok izaten ditugu. Inoiz ez nuen halako bolada txarra sufritu, eta, hori dela eta, hasieran ez nekien zer egin; zaila izan da, baina aurrera egin dut.
Hiru partida falta zaizkizue ligaxka bukatzeko. Larunbatean duzue lehena, Labriten. Zer itxura hartzen diozu?
Finala da, galtzen badugu kanpoan baikaude. 22-20 galdu genuen lehen itzulian; beraz, irabazten badugu, puntuak balio handiagoa izan dezake: garaipen bakarrera jar gaitezke. Jakarena eta Imazena gure bikotearen antzekoa da: gogorra. Imazek oso huts gutxi egiten ditu, eta Jaka oso ondo ari da. Zaila da haiei irabaztea; gauzak oso ondo egin behar dituzu. Ea ondo hasten garen; lehen tantoak oso garrantzitsuak izango dira.